Gernikako Estatutuaren 44. urtemugaren efemerideak ez du aparteko ospakizun girorik ekarri, baina adierazpen sorta egin dute alderdiek. EH Bilduk «erabateko subiranotasuna» aldarrikatu du, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua «osorik betetzeko» eskatu du, eta Ahal Dugu prest agertu da «eredu demokratikoago» batean sakontzeko.
EH Bilduko Maddalen Iriartek eta Pernando Barrenak Etorbidearen zubian, Irunen (Gipuzkoa), egin zuten agerraldia adierazteko ez duela «burujabetza itzulgarririk nahi». Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen pasabidea itxita dagoela ekarri zuten gogora, «euskal herritarrek hartu ez duten erabaki baten ondorioz». Irun eta Hendaia artean ibiltzen diren milaka pertsonari eragiten die erabaki horrek egunero, eta «herri honetakoak ez diren pertsona eta erakunde batzuek hartu dute erabaki hori».
Ikusi gehiago: Estatutua edo estatusa auzitan
Erabaki hori, egunerokotasunean euskal herritarrei eragiten dieten beste hainbeste bezala, Euskal Herrian hartzea defendatu zuen: «Burujabetza itzulgarria dugula salatu nahi dugu, gaur duguna, eta bihar ez duguna. Gaur mugak dira, eta bihar beste esparru batean izango da. Ez dugu subiranotasun itzulgarririk nahi, erabateko subiranotasuna nahi dugu. Euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak erabaki nahi ditu hemen».
Gogora ekarri zuen Euskal Herria bi estatutan eta hiru administraziotan banatutako nazioa dela. Eta nazio gisa aurkeztu eta eskubideak aldarrikatzeko Bilboko manifestaziorako deia egin zuen, azaroaren 18rako EH Bilduk deitua duena.
Barrenak, aldiz, gogorarazi zuen Irungo zubiek zer eragin duten migrazio prozesuan dauden pertsonentzat: «Ezin du funtzionatu Europako Batasunaren kanpo muga bat balitz bezala». Salatu zuen Frantziako Poliziak nola ukatzen dien pasabidea Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira igaro nahi dutenei: «Jendarmeak migratzaileengana hurbiltzen dira beren larruaren kolore ilunaren arabera; haien kanporaketa ez da gertatzen inongo protokolo edota berme legalen menpe».
«Osorik bete dadila»
Eusko Jaurlaritzak ez du agerraldi berezirik egin Estatutuaren urtemugaren harira. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu zion Gernikako Estatutua «osorik betetzeko». Onda Vascan egindako elkarrizketan esan zuen hori dela egin litekeen «omenaldirik onena». Erkorekaren arabera, eskumen aldaketarako prozesua denbora gehiago egon da geldirik lanean baino. «Rajoyren gobernuaren garaian ez zen hatzik mugitu, eta Pedro Sanchezek egin zuen lehen keinu bat eskumen batzuk eskualdatzeko, baina gero geratu egin zen denbora luzez». Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eskumena transferitu zuten duela urte eta erdi, «geroztik ez da transferentzien batzorde mixtoaren deialdi bat bera ere egon auzi honetan aurrera egin ahal izateko».
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruarentzat ere izan zuen mezua, astelehenean Gernikan (Bizkaia) izan baitzen estatutua goratzen eta adostasunerako gune gisa defendatzen. «Paradoxikoa da Nuñez Feijoo Gernikako Estatutuaren printzipioen adierazpen bat egitera etorri izana Gernikara, azken hilabete luzeetan bai Kongresuan bai Senatuan PPko ordezkariek ekinbideak aurkeztu baitituzte eskumen aldaketen aurka», esan zuen Erkorekak.
Ahal Dugu-k ere ez zuen aparteko ekitaldirik egin, baina adierazpen bat argitaratu zuen. Arlo publikoko langileek egin zuten greba deialdiari erreferentzia eginez lotu zituen autogobernuaren defentsa eta zerbitzu publikoen defentsa, eta uste du zerbitzu publiko horien defentsa langile publikoak egiten ari direla. «Kontraesana da Eusko Jaurlaritza eskumenen zaindari gisa agertzea eta zaintzeko gai ez izatea ongizatea bermatzen duten tresnak: zerbitzu publikoak».
Urteurren egunerako ateratako oharrean azaldu zuenez, prest dago «autogobernu eredu demokratikoago batean sakontzeko».