Martin Ugalde: euskalgintza politikaren aurretik

Ugaldek politikarekin eduki zuen harremanaz aritu zen atzo Anjeles Iztueta sailburu ohia, 'Martin Ugalde eta politika' hitzaldian

Anjeles Iztueta eta Oihana Iguaran, Martin Ugalde kultur parkean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
Andoain
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Zer da politika?» galdetu zien Anjeles Iztuetak (Tolosa, 1954) atzo Martin Ugalde kultur parkean bildutakoei. «Gizartean, gaur egun, zentzu txarrean ulertzen da politika: demagogia, tratante lana, gezurrak, botereekiko menpekotasuna...». Hizlariak berak ere ondotxo ezagutzen zuen gaia: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izan zen Juan Jose Ibarretxeren agintaldian. Hala ere, politika ulertzeko beste modu bat ere badago, Iztuetaren iritziz: «Guretzat, niretzat, Martinentzat, eskertzen dugun egitekoa ere bada». Herriarekiko elkarrekintza, etorkizunari aurre egitea, printzipioak praktikara eramatea, zerbitzu jarrera izatea, herrigintza, talde lana, interesen arteko orekak bilatzea... Horiek dira politikari esleitu zizkion ezaugarriak. Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren harira egiten ari diren jardunaldietan eman zituen azalpenok Iztuetak.



Iztuetak bere aita zenarekin lotzen du Martin Ugalde: 1921ean jaio ziren biak, Andoainen (Gipuzkoa), hamabost egunen aldearekin. «Nire aitaren belaunaldiko erreferentzia izan da niretzat». Martin Ugalde eta politika izena zuen hitzaldiak, baina Iztuetak ez zuen ohiko ikuspuntu batetik landu gaia. Ikuspegi hurbilago batetik landu nahi izan zuen Ugaldek politikarekin izan zuen harremana, eta haren bizitzako pasarte ugari izan zituen hizpide. Bere aitak eta Ugaldek batera bizitako une batzuk ere gogoratu zituen: euskal dantzen erakustaldiak batera egiten zituztenekoak, esaterako. Belaunaldi hura markatu zuten gertakariak ere azpimarratu zituen tolosarrak: Zeruko Argia astekariaren sorrera, Irlandako independentzia gerra eta anglo-irlandar ituna, Lituaniaren independentzia...

Bigarren zatian, ordea, Ugalde bertatik bertara ezagutu zuen garaiko pasarteetara jo zuen. Euskararen eta herrigintzaren inguruan sortu zen Iztueta eta Ugalderen arteko harremana; azaldu zuenez, Ugalderen bizitzako azken urteetan batez ere. «Urte horietan, haren Hondarribiko etxera joaten ginen Amaia Goikoetxea eta biok, siesta ondoren. Beti Ana Mari [Martinez Urreiztieta] emaztea zuen alboan, eta han aritzen ginen denok politikari buruz solasean, konfiantza osoz». Hala ere, Ugalderen berri gaztetatik izan zuen Iztuetak: «Ugalderen Euskal Herriko historia liburua behin eta berriz irakurtzen nuen gaztetan, Valladoliden ikasten nuenean, baita Euskal alfabetatze kulturala ere». Euskal Herrira itzuli zenean ere, Ugalderen ibilbidea gertutik jarraitu zuen: «Zeruko Argia-n idazten zuen, eta haren irakurle nintzen».

Ibilbide gazi-gozoa

Euskaldunon Egunkaria sortzeko kanpaina ere emozioz gogoratzen du Iztuetak, baita Hezkuntza sailburu izan zenean Ugalderen aldetik jaso zuen babesa ere. Berak erakutsi zion zer zen nazionalitate bikoitza izatea: «Argentinari laguntzeko programa bat jarri genuen martxan. Euskal jatorriko gazte argentinarrak ekarri, eta FP formakuntza ematen zitzaien. Nazionalitate bikoitzaren arloan maisua zen Martin Ugalde: berak konpromisoz bizi zuen venezuelar eta euskal herritar nazionalitate bikoitza».

Hala ere, ez zen dena gozoa izan; garai latzak ere izan zituzten: Egunkaria-ren itxiera eta EAJren eta Eusko Alkartasunaren zatiketa aipatu zituen, besteak beste. Azken horren inguruan, Joan Mari Torrealdairen hitzak gogoratu zituen: «Martin Ugalde ez zen izan alderdi batean kabitzekoa, ez zen izan alderdi gizona, abertzalea baizik. Haren abertzaletasunak herrigintza eta euskara zeuzkan oinarri eta helburu».

Ugalderen ibilbidea ere errepasatu zuen; 1930eko hamarkadan etxean jaso zuen abertzaletasunetik hasi, eta 1990eko hamarkadan «bere bihotzeko proiektua» zen Euskaldunon Egunkaria gorpuzten ikusi arte. Azaldu zuenez, Ugalde bere bizitzako azken urteetan ez zen politikan publikoki aritu, baina, hala ere, ez zuen euskara inoiz alboratu: «'Politikari ezetz esan dakioke, euskarari ez', idatzi zuen Martin Ugaldek. Abertzaletasun euskaltzalea zen berea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.