Migranteentzako «bide seguruak» eskatu dituzte harrera taldeek

Ziburun hildako hiru gizonen omenez lore eskaintza egin dute Donibane Lohizuneko geltokian. «Giza ehiza» etetea galdegin dute

Harrera taldeek deituriko protesta, atzo, Donibane Lohizuneko tren geltokian. GUILLAUME FAUVEAU.
maddi ane txoperena iribarren
Donibane Lohizune
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ziburu eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokiaren ataria txiki utzi zuten atzo arratsaldean han elkarturiko ehunka herritarrek. Migranteen harreran eta haien eskubideen alde lan egiten duten talde ugarik antolatu zuten protesta, baita hitza hartu ere: han ziren, bertzeak bertze, Diakite, CIMADE, Elkartasuna Larrun, Donibane Lohizuneko eta Ziburuko hainbat herritarrek osaturiko talde bat, CGT eta LAB sindikatuak eta EH Baiko Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautetsi Annie Poveda. Helburu berak elkartu zituen guziak: herenegun goizean Ziburun hildako hiru gizon migranteen heriotzak salatu zituzten, eta pasaeran diren etorkinentzat «bide seguruak» eskatu zituzten. Izan ere, salatu zuten Poliziak ezarritako kontrolek «arriskutsuago eta karioago» bilakatzen dituztela migranteek erabiltzen dituzten bideak, «kostu ekonomikoez» gain «bizitzarekin» ere «ordainduta».

Lutxi Bortairu eta Xan Goenaga Diakite elkarteko kideek oroitu zuten «hilabete guziz 600 bat» migrante iragaten direla gaur egun Ipar Euskal Herritik: «Euskal Herria harrera herria dela errepikatzen dugu etengabe, baina Poliziak, administrazioak eta Frantziako Estatuak beste jarrera bat erakusten diete». Salatu dute Baionako Pausa zentrora iristeko «bideak oro trabatzen» dizkietela: «Bidaso gaineko zubietan pasaera debekatzen, Hendaia eta Baiona arteko karriketan, autobusetan eta trenetan Polizia kontrolak noiznahi egiten».

Elkartasuna Larrun taldeko kideek migranteen aurkako «giza ehiza» salatu zuten, eta Hego Lapurdiko hautetsiei galdegin zieten «bide seguruak» ahalbidetu ditzatela haien herrietan, Pausa zentroa ez dadin izan «ezerez iritsezin baten erdiko plataforma bakan bat». CIMADE elkarteko Helene Ducarrek, berriz, ohartarazi zuen etorkinek bertan lan egin eta bizitzeko nahia dutela, baina «Frantziak eragotzi» egiten diela.

Protesta bukatutakoan lore eskaintza egin zieten trenak harrapaturik hildako hiru pertsonei, bertzeak bertze olibondo baten adaxkak utzita; Ducarreren erranetan, «bakearen» sinbolo gisa. Hasiera batean adaxkak trenbidean berean uztea zuten asmoa, baina geltokia itxia zuten elkarretaratzea hasterako. Ongi etorri, errefuxiatuak lelodun banderola ugari ikus zitezkeen atzoko elkarretaratzean, baita paperik gabeko herritarren izenak eta egoerak erakusten zituzten hainbat afixa ere.

«Politika arrazista»

CGT eta LAB sindikatuek ere bat egin zuten atzoko protesta deialdiarekin. LABek salatu zuen 2021ean «gutxienez zazpi» pertsona migrante hil direla Euskal Herrian, eta nabarmendu zuen ez direla «gertakari bakan» bat. Sindikatuak salatu zuen Hendaia eta Baiona artean gertatzen direla bereziki heriotzak, «militarizatua dagoen muga batean, egunero etnia eta arraza profilaren araberako kontrol selektiboak egiten diren muga batean». LABen ustez, herenegungoa ez da «efemeride» bat, «salatu eta arbuiatzen» dituzten «migrazio politika arrazista batzuen ondorio sistematiko bat» baizik. CGTk ere ohartarazi zuen «porrot» bat direla «errepresio politikak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.