Sexu Askatasunaren Legea, aurrera

Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluan onartu du. Proposatzen du onarpenik gabeko jardun guztia erasotzat jotzea, ez abusutzat

Bilbon egindako manifestazio bat, Iruñeko talde bortxaketaren epaiaren harira. MIGUEL TOÑA / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Sexu Askatasunaren Berme Osoaren Lege Organikoa edo Soilik baietza da baietz gisa ezaguna den lege proposamenak bidea hasiko du Espainiako Kongresuan, Irene Montero Berdintasun ministroak lege proposamena Ministroen Kontseilura eraman eta kontseiluak oniritzia eman ostean. Lege proiektuak eduki aldaketa esanguratsuak proposatzen ditu: aurrerantzean, onarpenik gabeko sexu jarduera oro erasotzat joko da, eta sexu abusuaren terminologia ezabatu egingo da legetik, nahiz eta erasoen atalean astungarrien mailaketa bat proposatzen den. Halaber, indarkeria sexuala jasan duten emakumeei erreparazioa emateko neurri sorta proposatzen du. Irailean Kongresuan hasiko du bidea. Zuzenketak egin ostean, Senatuak berretsi beharko du indarrean jarri baino lehen.

Duela bost urteko sanferminetan izandako talde bortxaketaren harira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ateratako sententziak eragin zuen Sexu Askatasunaren Legea aldatzeko premia. Bost gizonek emakume bat bortxatu zuten, eta auzitegiak ebatzi zuen «ezezko espliziturik adierazi ez zenez» ez zela erasorik izan, eta sexu abusutzat jo zuen talde bortxaketa. 2019an, Espainiako Auzitegi Gorenak zuzendu egin zuen Nafarroako Auzitegiaren epaia, eta sexu erasotzat jo zuen talde bortxaketa. Akusatuei zigorra gogortu zien. Nafarroako Auzitegiko epaiak aldarrikapen bat ozentzea eragin zuen: Sexu Askatasunerako Legea berrikustearena.

Onarpena ardatzean

Irene Montero Berdintasun ministroak nabarmendu du lege honen helburua dela onarpena jartzea erdigunean: «Emakumeak bakarrik erabaki dezake bere gorputzaren eta sexualitatearen gainean. Ez du demostratu beharrik inori aurre egin dionik, indarkeria egon denik edo intimidaziorik sentitu duenik».

Lege proposamenaren arabera, jada ez da indarkeria edo intimidazioa egon dela erakutsi beharko erasoa erasotzat jotzeko, egun indarrean dagoen zigor kodearen arabera hori baita abusua eta erasoa bereizteko muga. Hain zuzen, legearen interpretazio horrek eragin zuen Nafarroako Auzitegiak abusutzat jotzea talde bortxaketa. Eta horrek biktimarengan jartzen du karga, berak frogatu behar duelako indarkeria edo intimidazioa egon dela. Istanbulgo Protokoloari segitzen dio lege proposamen berriak. Horren arabera, onarpena egon den edo ez jartzen da ardatzean, eta gainerako aldagaiak baztertzen ditu. Lege proposamenaren arabera, bakarrik ulertuko da onarpena egon dela «jardun bakoitzaren zirkunstantzien arabera libre eta modu argian adierazi denean pertsonaren borondatea». Egun indarrean dagoen legearen arabera, abusua da, eta ez erasoa, biktimaren borondatea ezeztatzeko drogak edo farmakoak erabiltzea ere. Lege proposamen berriakjasotzen du modu argi eta librean adierazi behar dela borondatea.

Kaleko jazarpena, delitu

Delitutzat hartuko da, halaber, kaleko jazarpena. Delitu egiletzat joko du kalean beste pertsona batzuei zuzentzen zaien oro baldin eta «adierazpen, portaera edo izaera sexualeko proposamenak eginez, biktimari objektiboki egoera umiliagarri eta larderiazkoa eraginez ari bada, beste delitu larriagorik egin gabe». Hiru zigor mota jasotzen ditu delitu mota horrentzat: bost egunetik 30era etengabe lokalizatuta egotea, komunitatearen mesederako lanak egitea edo hilabete batetik laurako isuna.

Lege proposamenak baditu beste berrikuntza batzuk. Eremu digitaleko indarkeria sexualak aintzat hartzen ditu, ezkontza behartuak ere bai, eta emakumeen genitalen mutilazioa ere bai. Guztira hamabost urterainoko zigorrak tipifikatzen ditu.

Genero indarkeria edo bikotekidearen edo bikotekide ohiaren tratu txarrak jasan dituztenentzako baliabide gehiago ezartzea aurreikusten dute, eta hezkuntza sexuala ziklo guztietara zabaltzea ere bai. Indarkeria sexualaren biktimek gutxieneko errenta baino gutxiago irabaziz gero diru laguntza osagarribat jasotzea ere ageri da lege berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.