Klimaren Legea onartu dute Kongresuan

Helburu nagusia da gas isuriak murriztea eta «karbonoan neutroa» izatea 2050. urterako. Anbizio falta leporatu diote hainbat alderdik

Klima aldaketaren kontrako protesta bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak, sei hilabeteko prozesuaren ondotik. Vox-ek aurka egin du, eta PPk abstenitu. Gainerako guztiek alde egin dute. Gas isuriak murriztea eta 2050. urterako «karbonoan neutroa» izatea da legearen helburua.

Legeak 2050erako bete beharreko hainbat helburu ezartzen ditu, bertzeak bertze, ibilgailu arinak «garbiak» izatea 2050erako; hau da, zuzenean karbono dioxidorik isurtzen ez dutenak izatea. Horretarako, 2040. urtetik aurrera debekatuta egongo da CO2a isurtzen duten autoak saltzea. Auto elektrikoen erabilera sustatzeko, ibilgailuok kargatzeko puntuak ere arautuko ditu legeak.

Energia kontsumoan ere eraldaketa eragingo du legeak: 2030erako, energia kontsumoaren %42 iturri berriztagarrien bidez sortu beharko da, eta, argindar sarean, %74. 2050ean, berriz, sistema elektrikoa energia berriztagarrietan oinarrituko da osorik.

Mugikortasunean ere eragin nabaria izango du atzo onartutako legeak, batez ere 50.000 biztanletik gorako herri eta hirietan.2023rako 50.000 biztanletik gorako hiri eta herriek CO2 emisio txikiko guneak sortu beharko baitituzte zirkulazioa murriztuz, bidegorriak bultzatuz eta metroa eta autobusa sustatuz. Hegoaldeko lau hiriburuetan izango du eragina neurriak, eta baita Barakaldon (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa) ere. 2023rako, udalek azpiegitura berdeak eta korridore ekologikoak garatzeko planak diseinatu beharko dituzte, hiri-inguruneak leku osasungarriagoak izan daitezen eta klima egoera berrira egokitu daitezen.

Enpresa handiek —baita parte-hartze publikoa dutenek ere— ekintza klimatikorako planak izan beharko dituzte eta deskarbonizazio helburuak ezarri. Hala ere, arauak ez du zehapen-organorik aurreikusten, eta, beraz, helburuak betetzea ez dago erabat bermatuta.

Anbizio falta

Legea berandu heldu dela eta anbizioa falta zaiola nabarmendu zuten hainbat diputatuk. Izan ere, legeak zehazten du 2030erako gas emisioak gutxienez %23 murriztu beharko liratekeela 1990. urteko eko datuekin alderatuz. Parisko Hitzarmenak, ordea, %40an ezartzen du muga, eta Europako Batasunak, aldiz, %55ean. Juantxo Lopez de Uralde Podemos Ahal Dugu-ko Arabako diputatuak eta Kongresuko Trantsizio Ekologikorako Batzordeko presidenteak ukatu egin zuen horrelakorik, nabarmenduz legea «ausarta» ere badela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.