Ekainaren 9tik 11ra egingo dute UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Ikergazte, nazioarteko ikerketa euskaraz egitea sustatzen duen kongresua. Gasteizen izango da, eta atzotik zabalik da topaketan izena emateko epea —maiatzaren 28ra arte egongo da—. Ainhoa Latatu kongresuko koordinatzaileakBERRIAri azaldu dionez, aurreko aldien antzekoa izango da, baina pandemia egoerara «moldatu» behar izan dute. «Egitaraua sinplifikatu dugu, jendea ahalik eta gutxien mugitzeko». Aurkezpen, hitzaldi, solasaldi eta mahai inguruak egingo dituzte, baita saio osagarriak ere.
Printzipioz, «modu presentzialean» egingo dute, koronabirusak horretarako aukera ematen badu. «Gasteizko Europa jauregian izango da, eta oso landua du kontingentzia plana. Horri egokituta, sarrera mailakatua egingo dugu, bideak ondo markatuko ditugu... Aurrez aurrekoa izatea espero dugu».
Amaitu zen lanak bidaltzeko prozesua, eta guztira 163 artikulu zientifiko aurkeztu dituzte. «Inoiz baino artikulu gehiago jaso ditugu», nabarmendu du Latatuk. Partaidetza handia izan da, beraz. «Jendea poztu egin da kongresuarekin aurrera jarraitu dugulako». Horrelako harrera izateak «harritu» ere egin ditu.
Aurtengoa Ikergazteren laugarren aldia izango da. 2015ean egin zuten lehen aldiz, Durangon (Bizkaia), eta berritasun handia izan zen; ondoren, bi urtean behin egin dute: 2017an, Iruñean, eta, 2019an, Baionan. Lataturen arabera, kongresuaren helburuetako bat da ikertzaile euskaldunen ikusgaitasuna handitzea. «Hau da, egiten duten lan hori gure gizartean zabaltzea eta horren garrantziaz jabetzea». Baina harago ere badoa; ikertzaile gazteen arteko sareak trinkotzea eta euskarazko ikerkuntza sustatzea ere baditu jomugan. «Bilgune izatea nahi du: ikertzaile horiek elkar ezagutzeko eta proiektu berriak abiarazteko. Eta, bestalde, euskarazko produkzioa handitzea da asmoa».
Edukiak
Egitarau mardula atondu dute. Goizetan hitzaldiak egingo dituzte, eta topaketei hasiera emango diote Katy Deepwellen mintzaldiarekin; arte garaikidean aditua da, eta teoria feminista aztertzen du. Ondoren, Arantza Diaz de Ilarraza arituko da hizkuntza teknologiaren bilakaerari buruz. Kongresuan zehar, hitzaldiak emango dituzte Nuria Oliver adimen artifizialean adituak eta Eneko Axpe fisikan doktoreak ere. Solasaldietan eta mahai inguruetan beste hainbat gai ere jorratuko dituzte, hala nola ezagutzaren dibulgazioa ahalduntze tresna gisa, edota pandemia osteko egoeraz zer analisi egiten duten zientziaren esparru ezberdinetatik.
Lataturen esanetan, asmoa da kongresua ahalik eta diziplinartekoena izatea. «Denentzako inspirazio iturri izatea nahi dugu, eta elkarlana ere bultzatzea. Ez dadila geratu bakoitza bere ikerketa lan eremuan». Topaketari begira, aitortu du «urduri» eta «ilusioz beterik» daudela: «Gogotsu gaude».
Zabaldu dute aurtengo Ikergazte kongresuan izena emateko epea
Ekainaren 9tik 11ra egingo dute topaketa, Gasteizen. 163 artikulu zientifiko aurkeztu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu