Ferreirak EHUko errektore kargua hartu du, «ikuspegi irekia» oinarri

«Erronka soziala» jarri du lantaldearen jardueraren erdigunean. Balluerkaren lana txalotu dute

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Eva Ferreira EHUko errektorea, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Eva Ferreirak Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua hartu zuen atzo. Orain arteko lantaldearen jarduna txalotu zuen, eta etorkizunean «bikaintasun akademikoa eta intelektuala» aurkitu beharra aipatu, baina «ikuspegi irekia» oinarri hartuta. «Unibertsitate publikoak ikuspegi irekia izan behar du, integratzailea eta solidarioa, eta gaitasuna eta borondatea duten pertsona guztien hezkuntza sarbidea bermatu behar du». Berdintasuna eta inklusioa izan zituen hizpide, besteak beste gaineratuta «gaitasun intelektualek aukera ekonomikoez ez dutela ulertzen». «Erronka sozialak gure jardueraren erdigunean jarri behar ditugu, eta horietan lan egin, ezagutzaren aurrerapenetatik eratutako oinarrietatik abiatuta».

Lehendakaritzan egin zuten ekitaldia, Gasteizen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua alboan izan zituen Ferreirak, baita Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Jose Maria Guilbert Deustuko Unibertsitateko eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateok errektoreak ere. Nekane Balluerka EHUko errektore ohia eta Ferreiraren lantaldeko kideak ere bertaratu ziren. Hain zuzen, Ekonomia Aplikatuko katedraduna da Ferreira, Barakaldon (Bizkaia) sortua, 1963an. Botoen %66,2 eskuratuta zuen bozetan.

Ferreiraren arabera, EHU «sakon sustraituta dago euskal gizartean», baina «adarrak munduan zabaldu», eta aitzindaria izan da zenbait alorretan, hala nola unibertsitateko prestakuntza dualean eta oinarri teknologikoa duten enpresen alorrean. EHUko errektoreak uste du egindako urrats horiek lan kolektibo baten emaitza direla, eta, horregatik, orain arteko pausoak eman dituztenen lana aitortu zuen. Zehazki, Balluerkak bere lan taldeak eta unibertsitateetako administrazioko eta zerbitzuetako kideek eginiko lana goraipatu zuen, orain «lekukoa hartzea tokatzen dela» erantsita. Urkulluk ere errektore ohiaren lan taldeari eskerrak eman zizkion, batez ere azken hilabeteotan «aurrez aurreko irakaskuntza zabalik mantentzeko egindako ahaleginarengatik».

Etapa berri bat

Ferreirak kargua hartzearekin batera, aro berri baten hasiera irudikatu zuen: «Helburu berriak izango dituen etapa bat hasten da gaur, dagoeneko eraikita dauden ezagutzaren zutabeen gainean eraikiko duguna». Erantsi zuen «ilusioz eta gogoz» hartu duela errektore kargua, baita umiltasunez ere. Betebeharra zehaztu zuen: «Kontziente naiz halako kargu batek duen erantzukizunaz. Kargu publiko bat hartzea ez da pribilegio baterako sarbidea, baizik eta gizarte zerbitzu bat eskaintzera konprometitzea».

Hurrengo erronkei dagokienez, Ferreirak zientziaren adarra jarri du erdigunean, garrantzia duela gehituta. Hain zuzen, COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzeko eginiko lana izan zuen aipagai. Hala ere, urrats bat gehiago ere egin zuen: «Ez dugu ahaztu behar giza eta gizarte zientzien aurrerapenek ere badutela erantzukizuna gizarte baten ongizatea sendotzeko. Ezagutza hori funtsezkoa da aurreiritziak, estereotipoak eta desberdintasunak ezabatzeko, eta, ondorioz, komunitate irekiago bat sendotzeko». Beraz, adierazi zuen ikerketa, garapena eta berrikuntza beharrezkoak direla arlo guztietan «gizarte hobeago baterantz» egiteko.

Urkulluk ere nabarmendu zuen aro berri bat hastear dela, eta konpromisoa hartu zuen «euskal unibertsitate publikoaren bikaintasunerantz» aurrera egiteko. Haren arabera, kalitatezko hezkuntza baten alde egin behar da apustu, «integrala, globala, duala eta ikerketarekin konprometitua» izango dena. Etorkizuneko erronketara egokitu, eta eskari berriei erantzun bat emateko unea dela erantsi zuen. Horretarako, goi mailako hezkuntzaren eta ikerkuntzaren estrategia izan zituen aipagai: «Ekitatea eta bikaintasuna, formakuntza eta ikerketa, euskal gizartea eta nazioartekotzea».

Aurrera begira, elkarlana

Ferreirak ezagutza sortzearen eta transferitzearen garrantzia izan zuen oinarri, eta, horretarako, elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, batez ere administrazioei zuzenduta. «Herrialde gero eta aberatsagoa, toleranteagoa eta inklusiboa eraikitzeko. EHU beti egongo da prest bidelagun izateko». Urkulluk ere ideia berari eutsi zion, elkarlanaren bidetik kalitatezko ikerkuntza eta prestakuntza hobetzen jarraitu beharra dagoela nabarmenduta, eta, hala, unibertsitate «hobeago bat» erdietsiko dela erantsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.