EH Bilduk ostiralean argituko du Iriarte lehendakarigai izango den

Elkarrekin Podemosek ez du Iriarteren alde bozkatuko, eta hautagaitzarik ere ez du aurkeztuko

Maddalen Iriarte, EH Bilduko hautagaia, joan den uztaileko hauteskunde gauean. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ostiral honetan argituko du EH Bilduk Maddalen Iriarteren hautagaitza aurkeztuko duen lehendakari izateko. Atzo batzartu zen koalizio subiranistaren Mahai Politikoa irailaren 3ko inbestidura saioari begira jarrera finkatzeko, baina ostiralera arte ez du jakinaraziko bere erabakia. Ostiralean bertan amaituko da epea hautagaiak aurkezteko, eta EH Bilduk egun hori aukeratu du urte politikoari hasiera emateko. Koalizioak agerraldia iragarri du egun horretarako Uharten (Nafarroan), eta hor jakinaraziko du Iriarte lehendakarigai aurkeztuko duen. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak emango du erabakiaren berri.

EH Bilduk hartuko duen erabakia gorabehera, Iriartek ez dauka babes nahikorik lehendakari izateko. Elkarrekin Podemosek iragarri du ez duela babestuko EH Bilduren hautagaitza, eta abstenitu egingo dela inbestidura saioaren bozketan. Asteburu honetan hainbat komunikabidetan mintzatu dira Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzailea, eta biek ala biek baieztatu dute ez dutela Iriarteren alde bozkatuko. Esan dute ezkerreko gobernu bat eratzeko aukerarik ez dutela ikusten, eta «koherentziagatik» Elkarrekin Podemosek ez duela aurkeztuko lehendakarigairik. Urkulluren hautagaitzaren alde ere ez dute egingo Elkarrekin Podemoseko sei legebiltzarkideek.

Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioari begira ziurra den bakarra da EAJk Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztuko duela.Eta ezusterik ezean, hura aukeratuko dute lehendakari. Aurreko bi inbestidura saioetan ez bezala, lehen bozketan eta gehiengo osoz aukeratuko dute, gainera. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek aise gainditzen dute gehiengo osoa31 eserleku ditu EAJk eta hamar PSEk eta bi taldeen sostengua izango du Urkulluk lehendakari izateko.

Akordioa, aste honetan

Hautagaitza horren inguruan gobernu programa adosteko negoziazioak, berriz, ixtear dituzte bi alderdiek. Diskrezio handiz ari dira negoziatzen, baina azken egunetan zabaldu da badutela oraindik zertaz hitz egin. Jeltzaleek esan dute aste honetan bertan itxiko dela akordioa, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu aurretik, baina sozialistek uste dute akordioa azken unera arte luzatu daitekeela, oraindik badutelako zer aztertu eta tartea ikusten dute inbestidura saioa egin arte negoziatzen jarraitzeko. Hala ere, itunak bi alderdien zuzendaritzen oniritzia behar du irailaren 3a baino lehen.

Programarekin batera, gobernuaren egitura ere negoziatzen ari dira. Jakin denez, sozialistek pisu handiko kargua nahi dute Idoia Mendiarentzat, eta lehendakariorde izateko aukera mahai gainean jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.