Bilboko zamaketariek greba alboratu dute negoziazioak abiarazteko

Portuko enpresek sindikatuen azken eskaintzari erantzun diote, eta bi aldeak etzi bilduko dira

Bilboko portuko bi zamaketari Txinatik iritsitako haize erroten kargamentu bat deskargatzeko lanetan. IBERDROLA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Bilboko portuko zamaketariek bertan behera utzi dute gaur hasi behar zuten greba. Bilbo Estiba elkarteko lau zamaketa enpresek bilera bat antolatu dute etziko sindikatuekin, eta, keinu horri erantzunez, langile batzordeak alboratu egin ditu hurrengo 21 egunetako lanuzteak. Bi dira jarrera aldatzeko arrazoiak: batetik, keinu itxaropentsuak ikusi dituzte enpresen aldetik, langile finkoen kopuruaren auzia lantzeko prest baitaude; bestetik, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak eginiko presioa. Sindikatuek auzitegi horren eskutitzak jaso dituzte, protestaldia zorrotz aztertuko dutela ohartarazten dietenak.

Bilbo Estibako enpresak —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Txinako Cosco— eta langile batzordean ordezkaritza duten sindikatuak—Coordinadora (sei ordezkari), UGT (hiru), ELA (bi), LAB eta Kaia-BES (bana)— mahai beraren inguruan eseriko dira aspaldiko partez, etzi, Bilbon. Sindikatuek herenegun bidali zioten azken eskaintza Bilbo Estibari, eta, hari erantzunez, enpresariek bilera antolatu zuten. Hori bai: horretarako, greba deialdia bertan behera gelditzeko baldintza bete behar zuten.

LABek herenegun jakinarazi zien beste sindikatuei ez zuela grebarik egingo, eta ELAk ez zuen eskaera sinatu bere garaian. Coordinadorak, berriz, atzo goizeko barne bileran erabaki zuen greba ez egitea, baita Kaia-BESek ere. UGT izan zen atzera egiten azkena, eta orduan gelditu zen deialdia ofizialki bertan behera. UGTk, baina, garbi utzi nahi izan zuen ez zegoela gustura beste sindikatuen jokamoldearekin: «Deialdia langileen batzarrean adostu zen, eta hura bertan behera uzteko erabakia ere horrela hartu beharko litzateke», kexatu zen Israel Ruiz sindikatuko ordezkaria.

Enpresaren keinuak sindikatuen itxaropena piztu du, negoziatzeko borondatea ikusten baitute. Coordinadoraren ustez, bi aldeen arteko jarrerak «asko gerturatu» dira, eta egoera horretan negoziazioen aldeko apustua egin behar da. Xabier Durango Kaia-BESeko ordezkariak azaldu zuen gerturatze hori: «Enpresak behin-behineko langile batzuk finko bihurtzeko aukera aipatu digu, eta orain arte hori tabua zen. Baina tira: orain ikusi behar da zenbat eta zer baldintzatan igarotzen diren».

Azken hamabi urteetan Bilbo Estibak ez du kontratu finkorik sinatu, eta denbora tarte horretan, erretiroen eraginez, zamaketari kopurua 408tik 320ra jaitsi da. Behin-behinekoen kopurua, aldiz, 60tik 116ra igo da. Horiek hamabi urte daramatzate behin- behinean, eta 170 lanegun dituzte urtean. Egun bakoitzeko kontratu bat sinatzen dute, eta lau enpresentzat dihardute txandaka. Soldatekin ere tirabira egon da, lan hitzarmena berritu behar dutelako, baina hor ere gerturatu dituzte jarrerak bi aldeek.

Grebaren inguruko erabakian eragina izan duen hirugarren agentea Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia izan da. Iragan uztailaren 31n, sindikatuekin harremanetan jarri zen «beren protestaldia langileen eskubideen defentsara atxiki» zedin eskatzeko, «lehia mugatuko luketen faktoreei eragin gabe». Sindikatu batzuetako ordezkariek etxean bertan jaso zuten auzitegiaren eskutitza. «Lehiaren auzitegiak izua barreiatu du isun ekonomiko handien mehatxuarekin, eta horrek greba uztera behartu ditu sindikatu batzuk», azaldu zuen Ruizek. Sindikatuek harriduraz hartu zituzten eskutitzak, EAEko auzitegiak bidali zizkielako: Hego Euskal Herriko portuen kudeaketaren eskuduntza Espainiako Gobernuak du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.