Aurrekontuak negoziatzen jarraituko dute Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Aurreko ostegunean elkartu ziren lehenengoz, eta heldu den ostiralerako jarria dute bigarren hitzordua.
Koalizio moreak «marra gorririk» ez duela ipiniko ziurtatu duen arren, hainbat eskaera egin ditu: 350 milioi euroko aldaketa ekarri lukete aurrekontuetan. Eusko Jaurlaritzak, berriz, nabarmendu du aurrekontuetan ezin dela sartu Elkarrekin Podemosek proposatzen duen erreforma fiskala. Gainera, koalizio moreak exijitzen duen enplegu plana gobernuak dauzkan gaitasunen gainetik dagoela diote.
Hala ere, Azpiazuk berak esana da, aurrekontu proiektua aurkeztu zuten egun berean, Elkarrekin Podemosekin daudela akordioa lortzeko «baldintzarik egokienak». Martinez ere baikor mintzatu da: «Argi dago Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan lekua egin diela Elkarrekin Podemosek mahai gainean jarri izan dituen hainbat proposameni eta gairi». Hori dela eta, negoziatzen jarraitzeko tartea badagoela gaineratu du.
Azpiazu oraingoz Elkarrekin Podemosekin soilik elkartu bada ere, EH Bildurekin eta PPrekin ere beste hainbeste egiteko asmoa dauka, baina egunak zehazteko daude oraindik.
Ezker Anitza-IUk ezezkoa
Elkarrekin Podemos koalizioko Ezker Anitza-IUko bi legebiltzarkideek, Iñigo Martinezek eta Jon Hernandezek, ez dituzte babestuko Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuak. Biek prentsa agerraldi bat egin dute Isabel Salud EAEko Ezker Anitza-IUko idazkari nagusiarekin batera, Gasteizen, eta azaldu dute ez dutela jarraituko EP Jaurlaritzarekin egiten ari den negoziazioetan. EPk eta Azpiazuk joan den ostegunean egindako bileran ikusi zen ez dagoela akordiorako tarterik, Ezker Anitza-IUren iritzian. Saludek adierazi du Jaurlaritzak ez duela kontu «garrantzitsuei» buruz hitz egin nahi EPrekin; kasurako, erreforma fiskalaz eta enplegu politikaz. Ezker Anitza-IUk aurre egin nahi die «lan prekarietateari eta iruzurrari», zergetan «progresibitatea» bultzatu nahi du, eta erreforma fiskala «irauli». Saludek deitoratu du Jaurlaritzak pausorik eman gura ez izatea funtzionarioek soldatetan azken urteetan galdutakoa berreskuratzeko.
Lander Martinezek nabarmendu du Ezker Anitza-IUren aukera errespetatzen duela, eta erabakia «koalizio barruan hitz egindakoa eta adostutakoa» dela. Equo da koalizio horretan hirugarren partaidea, eta Equo ere aurrekontuetarako akordio bat lortzearen alde agertu da.
Hernandezek adierazi du «zintzo» jokatu nahi izan dutela euren jarrera iragartzean, eta uste du Jaurlaritza beste urteetan baino garbiago agertu dela Ezker Anitza-IUrentzat ezinbestekoak diren gaiak baztertzean. Haren arabera, Martinezen eta bien jokabideak ez dio eragingo EPren martxari. «Ez dago talde parlamentarioa hausteko arriskurik. Gertatzen dena gertatuta, legealdia bukatu egingo du». Hernandezek ez du argitu Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideek zuzenketak aurkeztuko dituzten.
EPk hamaika parlamentari ditu: Ahal Dugu-ko kideak zortzi dira; Ezker Anitza-IUkoak, bi; eta Equokoa, bat. Beraz, Ezker Anitza-IUren ezezkoak ez luke eraginik izango; izan ere, Eusko Jaurlaritzak nahikoa ditu bi abstentzio aurrekontuak onartzeko.
Jaurlaritzarekin aurrekontuak negoziatzen segituko du EPk
Ostiralean bertan egingo dute berriz bilera. Elkarrekin Podemoseko koaliziokide Ezker Anitzak iragarri du ez dituela babestuko kontuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu