Iriartek «gobernabiderako ituna» proposatu die EAJri, PSEri eta EPri

«Gutxieneko akordio bat» eskaini die, eta nabarmendu du EH Bilduri dagokiola hura gidatzea

Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiaren agerraldia, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Maddalen Iriartek, EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, «gobernabiderako akordio bat» proposatu die EAJri, PSE-EEri eta Elkarrekin Podemos-IUri. Gipuzkoako Foru Aldundian gobernua osatu ahal izateko «gutxieneko akordio bat» egitea da Iriarteren helburua, «oinarrizko proposamen baten inguruko adostasunak josita». Nabarmendu du EH Bilduri dagokiola «proiektu partekatua» gidatzea —foru hauteskundeak irabazi ditu Gipuzkoan, 22 batzarkide lortuta—, baina «lidergo partekatuen garaia» ere badela esan du: «Diagnostiko minimo komun batetik gobernantza kooperatibo batean lerrotzea ezinbestekoa izango da datozen garaietan».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean atzo egindako agerraldian, Iriartek adierazi zuen «gobernagarritasun akordio zabal bat» erdiestea izango dela EH Bilduren «lehentasuna». «Alderdiak eta erakunde publikoak tresnak dira, ez helburuak. Herritarrei etorkizuneko proiektu partekatu bat eskaintzeko tresna izan nahi dugu, eta horretan arituko gara etengabe», adierazi zuen.

Gutxieneko akordio horrek izango lituzkeen ildo nagusiak ere azaldu zituen EH Bilduko ahaldungai nagusiak. Batetik, zaintza eraldatu beharra dagoela nabarmendu zuen: «Trantsizio bat marraztu behar dugu sistema publiko komunitario baterantz, erreferentzia publiko bat izango duena, eta, premiaz, zaintzen dutenen lan baldintzak duinduko dituena, sektorearen eta erabiltzaileen ahotsa bermatuz». Klima eta energia krisiei aurre egiteko, berriz, energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dela ere adierazi zuen: «Horri lotuta kokatzen ditugu industriak egin beharreko premiazko eraldaketa, mugikortasun ereduan sakontzea, eta lehen sektorea indartzea».

Ipar Euskal Herriarekiko harremana indartu behar dela, euskarak eta kulturak «herritar guztien eskubide» izan behar dutela, eta zerga sistemaren inguruan hausnarketa sakon bat egin behar dela ere azaldu zuen Iriartek: «Gobernantza feministak lehentasun bat izan behar du; alor guztietan eragin behar du».

Gogoratu zuen Elkarrekin Podemosekin «etengabe» ari dela koalizioa «oinarrizko elementu horien inguruan hitz egiten». EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU bat etorriko balira, ez lukete gehiengorik izango 24 batzarkiderekin. EAJk eta PSE-EEk ere 24 batzarkide dituzte, baina PP prest agertu da bere hirurak eskaintzeko. Horrela, 27 batzarkiderekin, gehiengoa lor dezakete Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Edonola ere, Elkarrekin Podemosek atzo bertan erantzun zion Iriarteri, Miren Etxebeste ahaldungai nagusiaren bidez. Lauko akordioa «ez da serioa eta ez da errealista», harentzat; «EAJ eta PSE-EE izan dira herritarrei egindako murrizketen egileak».

Bastida eta Guardia nahi

Bestalde, PPko presidente Carlos Iturgaizek abisu argia utzi zuen atzo: «Ekainaren 17an bozkatuko da nork aginduko duen, baina gero lau urte etorriko dira». PP prest dago erakundeetan EAJren eta PSE-EEren alde bozkatzeko, gobernuak osatu ditzaten, baina hasiko den legealdiaren egonkortasuna beste kontu bat da. PPk dauka «egonkortasunaren giltza», eta EAJri eta PSE-EEri ohartarazi zien Guardiako eta Bastidako (Araba) alkatetzak direla egonkortasun horren prezioa.

Iturgaizek berretsi zuen EH Bilduk erakundeetan ez gobernatzea dela bere helburua: «PPk EH Bilduri atea ixteko giltza du, eta ahal dugun leku guztietan egingo dugu hori». EAJk eta PSE-EEk Alderdi Popularraren babesa behar dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean gehiengoa lortzeko. Iturgaizek adierazi zuen PPk gobernua osatzen lagunduko diela, baina «arrazionaltasuna eta kongruentzia» eskatu zizkien EAJri eta PSE-EEri, eta PPk hauteskundeak irabazi dituen udalerrietan gobernatzen uzteko.

Hori da Arabako Errioxako Guardia eta Bastida herrietako egoera: PP izan da lehen indarra, baina EAJk eta EH Bilduk gehiengoa dute han. Guardian, Raul Garcia Ezkerro alkategai jeltzaleak jakinarazi du hautagaitza aurkeztuko duela, eta bermatua daukala EH Bilduren babesa. Izan ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu zuen indar subiranistak bere botoak emango zituela PP ahalik eta erakunde gehienetatik kentzeko.

Baina ez dago argi Garcia alkate izango den edo ez. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan du Araba Buru Batzarrak erabakiko dituela Guardia eta Bastidako auziak: «Maila nazionala eman diote Arabako Errioxako bi herrixkatako egoerari. Lupa jartzen badiegu, kiskali egingo gara». Bada, jeltzaleek Guardiako eta Bastidako alkatetzak lortzen badituzte —EH Bilduren babesarekin—, PPk ez die bermatuko erakundeetako egonkortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.