Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak erabaki du nazioarteko babeserako harrera zentro bat jarriko duela Gasteizen, Arana klinikaren eraikin zaharrean. Horren inguruan mintzatu zen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta erran zuen migrazio arloko eskumenak lortzeko eskaria zehaztu duela Jaurlaritzak, eta garatu beharreko migrazio politiken inguruko jarrera eta iritzia adierazi dituela. Zupiriak nabarmendu zuen «behin eta berriz eskatuko» dutela negoziatzeko. Eskumena izatea baita lehentasuna, politika propioak eraikitzeko.
Nabarmendu zuen Espainiako Gobernuari eskatu diotela gaia lantzeko lantalde bat sortzeko, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso. Izan ere, azaldu zuen Jaurlaritza integrazio indibidual baten aldekoa dela, eta Espainiak egin nahi duen gune berria ez datorrela bat estrategia horrekin. Gogoratu zuen, gainera, Jaurlaritza konprometituta dagoela «ahalik eta harrera hoberena» eskaintzeko «beren herrialdeetatik ihes egin behar dutenei, indarkeriarengatik edo bizitza normal bat ez egin ahal izateagatik».
Zupiriak jakinarazi zuen Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Migrazio ministroak informazioa helarazi ziela Gasteizen egin nahi duten guneari buruz. Asilo eskatzaile, iheslari eta errefuxiatuentzako zentro bat izango da. Lehena izango da Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak emandako informazioaren arabera, arta soziala, psikologikoa eta juridikoa eskainiko zaie iheslariei eta errefuxiatuei, urtebetez gehienez. Lan eta trebakuntza ikastaroak ere jasoko dituzte han. Prozesu horren ostean pertsona horiekin zer gertatuko den galdetu zioten Zupiriari, eta adierazi zuen gisa horretako gaiak ez direla «zehazteko errazak».
Migrazioen Estatu Idazkaritzak 982.010 euroan lizitatu ditu eraikuntza eta lana gauzatzeko proiektuak. 14,7 milioi euro inbertituko ditu eraikina berritzeko, eta espero du zentroa 2024an zabalik egotea. Obrak uztailean hasiko dira, eta urtebete iraungo dute. 350 pertsona hartzeko tokia izango du zentroak, eta 13.000 metro koadro.
Madrilek lehenbailehen abiarazi nahi du zentroa, gatazketatik eta gerratik ihes egiten dutenen nazioarteko babes eskaerek «nabarmen gora» egin dutelako azkenaldian. Zehazki, Migrazioen Estatu Idazkariak emandako datuen arabera, asilo eskaerek %20 egin dute gora azken sei urteotan Espainian, eta egun Espainian irekita dauden lau harrera zentroak ez dira aski eskaera horiei denei erantzuteko.
Gasteizko alkatea, aurka
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez du ontzat jo proiektua. Gasteizko Udalak uztailean izan zuen Madrilgo gobernuaren asmoen berri, eta orduan ere aurka zegoela esan zion alkateak ministerioari. Urtaranek salatu du Espainiako Gobernuak «aldebakarreko erabakia» hartu duela Arana klinika zaharra nazioarteko harrera zentro gisa erabiltzeko, eta ohartarazi Madrilek aintzat hartu beharko lukeela «Euskadiren errealitatea» eraikinari erabilera hori emateko orduan. Nolanahi ere, Gasteizko Udalak ez du eskumenik eraikinari dagokionez, Espainiako Gobernuarena baita.
EAJk, berriz, adierazi du proiektuak «kezka» sortzen diola, kontuan hartuta Arabakogainerako instituzioek zer-nolako jarrera duten proiektuaren harira. Hortaz, galdera sorta bat erregistratu du Espainiako Kongresuan eta Senatuan. EH Bilduk iragarri du proiektuaren inguruko informazio zehatza eskatuko diotela Espainiako Gobernuari. PPk, berriz, azalpenak eskatuko ditu, argitzeko zergatik aukeratu duten Gasteiz zentro hori jartzeko, eta, bestalde, Madrilgo gobernuari eta EAJri leporatu die «gaia isilpean» kudeatzea.
Eusko Jaurlaritzak migrazio arloko eskumenak eskatu dizkio Madrili
Espainiako Gobernuak nazioarteko babeserako harrera zentro bat egin nahi du Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu