«Presoen edukiontzi» bilakatu da Iruñeko kartzela, Juanje Soria abokatuaren hitzetan: «Ez du espetxe tratamendua kontuan hartzen, motibazio politikoko presoak ez atzera ez aurrera uzten ditu, eta, gainera, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren babesa du». Datuak dira egoera «kezkagarri» horren erakusle: gaur egun motibazio politikoko zortzi euskal preso daude kartzela horretan, eta espetxeko tratamendu batzordeak ez du horietako bakar batentzat ere hirugarren gradurik edo baimenik proposatu. Soriaren arabera, alta, preso horiek jarrera «proaktiboa» dute: «Legeak ezarritako baldintzak betetzen dituen gizarteratze ibilbide baten alde egiten dute».
Foro Sozial Iraunkorrak sorturiko motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren Behatokian dihardu Soria abokatuak, eta atzo eman zituen argibideok, foroak berak Iruñeko Tres Reyes hotelean antolaturiko mahai inguru batean. Harekin batera izan ziren Rafa Sainz Rozas Nafarroako Justizia zuzendari nagusia, Libertad Frances Nafarroako Salhaketako kidea eta Amaia Izko euskal presoen abokatua. Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko kideak gidatuta, «salbuespenezko» espetxe politikatik kartzela politika «arrunterako» bidean euskal presoek dituzten oztopoak aletu zituzten, eta arreta berezia jarri zuten Nafarroako kartzelan eta jatorri nafarreko presoetan.
«Immobilismoa»
Orotara nafar jatorria duten motibazio politikoko 28 euskal preso daude gaur egun, baina ez daude denak Nafarroan, ezta Euskal Herrian ere. Behatokiaren azken txosten monografikoak, bertzalde, euskal presoek gradu progresioan aitzinera egiteko dituzten arazoak aletu zituen, eta, horretan azaldu zuenez, 34 presori ukatu dizkiete baimenak: bada, horietako hiru nafarrak dira, Soriak jakinarazi duenez. Santi Aragoni, Asier Karrerari eta Jose Luis Barriosi ezetsi dizkiete baimenak, zehazki: lehen biak Martuteneko kartzelan dauzkate (Gipuzkoa), eta hirugarrena berriki ekarri dute Iruñera, Zueratik (Espainia, 245 kilometro).
Nafarroako kartzelako zuzendaritzaren «immobilismoa» salatu zuen Soriak atzo: «Alde batera uzten ditu eskatu behar diren datu objektiboak, eta garrantzi handiagoa ematen die alderdi subjektiboei; gaindituta dauden garaiei eta jarrera ideologikoei soilik erantzuten dieten argudioak erabilita. Denbora igaro ez balitz bezala da». Gogoratu zuen ezen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelak ez bezala, Espainiako Espetxe Erakundeen menpe dagoela oraindik Iruñekoa. Eta, Espainiako kartzela anitzen gisan, «lobbyei» egiten diela kasu.
Iruñeko kartzela, bide itsu
Nafarroako espetxeko tratamendu batzordeak ez du ez gradu progresiorik eta ez baimenik proposatu han dauden euskal presoentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu