Bakartuta egon beharra. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioetako bat izan da, izurria hesitzeko ahaleginean hartu diren neurrietako bat. Bakartuta egon behar izan dute kasu positiboek eta, askotan, haien kontaktu estuek ere bai. Astelehenetik aurrera, ordea, bakartu beharrik ez dute izango asintomatikoek eta sintoma arinak dituztenek. Artaz ibili beharko dutela esan da,ahal bada pertsona zaurgarrienen inguruan ibiltzea ez dela komeni, eta maskara jantzita eraman beharko dutela, baina ez dute kanpora irten gabe geratu beharko. Hego Euskal Herrian eragina izango du erabaki horrek; atzo arratsaldean hartu zuten Espainiako Osasun Ministerioko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek, Osasun Publikoko Batzordearen bileran. Adierazi zuten estatuan oro har 12 urtetik gorakoen %92 txertatuta daudela, eta ondorioz neurriak arintzeko urrats hau ere egin daitekeela.
Kontaktu estuei dagokienez, hilaren 5ean utzi ziren berrogeialdiak bertan behera Hegoaldean. Txertatu gabe zeudenek bete beharrekoa zuten neurri hori ordura arte, baina Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak erabaki zuen orduan ere neurri hori jada ez zela beharrezkoa. Ipar Euskal Herrian ere kenduta daude kontaktu estuen berrogeialdiak. Positiboek, hala ere, bakartu egin behar dute oraindik.
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek atzo ebatzitako neurrien arabera, bakartzeak kentzera egingo bada ere, zentro sozionanitarioek-eta izango dute modua, beharrezkoa ikusten badute, bakartze neurriak ezartzeko. Eta atzo aurreratu zenez, irizpideak emango dira bakartzeko. Egoitzetara begira, bost eguneko bakartzea ezarriko da; COVID-19aren ondorioz erietxean dauden pazienteentzat ere, horixe bera.
Era berean, atzo egin zuten bileran erabaki zuten soilik pertsona zaurgarriei egingo zaizkiela diagnostikoa egiteko testak: esaterako, adinekoak badira, immunoeskasiaren bat badute, bestelako patologiaren bat badute, edo haurdun badaude. Bestela ere, hori jada gaur egun Hego Euskal Herrian orokortutako jokaera da. Omikron aldaerak ekarri zuen; eragin zuen kasu uholdeari aurre egin ezinda, pronostiko larriena izan dezaketenei begira jarri zen bereziki osasun sistema. Esaterako, gaur egun Osakidetzak proba diagnostikoa errepikatzen die bakarrik farmaziako test batean positibo eman dutenei baldin eta kolektibo kalteberetakoak badira edota lanera joan ezinik horretarako paperak tramitatu behar badituzte.
Testak, egoki ikusten denean, eremu sanitario eta soziosanitarioetan ere egingo direla ebatzi zuten atzoko bileran. Hala eta guztiz ere, oro har, kasurik larrienei begirakoa izango da hemendik aurrera COVID-19aren gaineko zaintzaren asmorik behinena.
Beste eredu batera
Bakartze neurriak arintzera egingo bada ere, muga bat egongo da. Ospitaleetan COVID-19 kasuak ugariak ez diren heinean segitu ahal izango zaio jarraibide berriari. Erietxeetako oheen %5 baino gehiago ez dituzte bete beharko COVID-19 pazienteek. ZIUetako tokien kasuan, %10ean egongo da langa. Ohartarazi dute egoera epidemiologikoaren arabera ere egon daitezkeela aldaketak.
Urrats hauen ostean, apurka, gaitzaren jarraipena egiteko beste sistema bat ezarri nahi da, gripea kontrolatzeko erabiltzen denaren antzekoa. Hain justu, horretara bideratuta doaz orain ezartzen ari diren irizpideak. Kontrol sistema ezartzeko jarraibideak Europan gaitzen kontrolaren ardura duen ECDC erakundearekin batera hitzartuko direla esan dute, eta bateratuta ariko direla hartara herrialde guztiak.
Astelehenetik, COVID-19an positibo emanda ere ez da bakartu beharko Hegoaldean
Kasu asintomatiko eta arinei begirako erabakia dela ebatzi dute Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Zaurgarrien zaintza da xedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu