Indarkeria matxistaren aurka, baina ez era abstraktuan. Emakumeek pairatzen dituzten bortizkeria mota guztien kontra «amorruz oihu egitera» deitu dute Euskal Herriko hainbat eragilek eta talde feministak. Urtero bezala, manifestazioa eginen dute azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako egunaren karira, Indarkeria matxistarik gabeko bizitza orain! lelopean.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak gogorarazi du 2021. urtean gora egin dutela emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoek: «Aurten, ofizialki, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta izugarria izan da etxeetan zein kalean pairatu dugun biolentzia. Ehunka eta ehunka dira LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto diskurtso eta sexu joeragatik eta genero identitateagatik gertatzen diren bazterketak ere».
Hori dela eta, «autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria» egin dute: «Emakumeon bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun arauak zalantzan jartzeko, indarkeria eta errealitate ezberdinei era indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko». Zehazki, «kaleak hartzera» eta «espazioen jabe egitera» premiatu dituzte emakumeak. «Nazkatu gara beldurra izateaz; guk boteretze kolektiboaren aldeko hautua egiten dugu».
Izurriaren eragina
Nafarroan eginiko deialdian, berriz, COVID-19aren izurriak eta haren kudeaketak emakume askori eragindako kalteak nabarmendu ditu Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak: «Dagoeneko baloratu dezakegu pandemiak guztiongan izan duen eragina: blokeoak, joan-etorriei ezarritako murrizketak, ziurgabetasun ekonomikoa, estresa, bakartzea... Eta berriro ere, emakumeok jasan dugu gogorren hori guztia», azaldu du plataformako ordezkari Ana Carmonak.
Indarkeria fisikoaz gain, baina, «eguneroko desberdintasunak» ere salatu nahi ditu mugimendu feministak: «Emakumeok jasaten ditugun indarkeria guztiak erauzi nahi ditugu: sexu indarkeria; indarkeria psikologikoa; pobretzen gaituen eta gure autonomia eragozten duen indarkeria ekonomikoa; gure seme-alaben edo maite ditugunen bidez gauzatzen den indarkeria bikarioa; eta gure gorputza kontrolatzen saiatzen direnen indarkeria medikoa eta obstetrikoa».
Administrazioen eta botere judizialaren rola ere kritikatu dute, «emakumeon segurtasuna bermatzeko ardura hartu beharrean indarkeria areagotzen dutelako». Horren aldean, «erakunde engaiatuak» galdegin dituzte. «Benetako» konpromisoa nahi dute: «Ez dugu nahi udal eta gobernuen aurreko elkarretaratze edo adierazpen instituzionalik; ez dugu nahi eduki eta aurrekontu esleipenik gabeko politika hutsalik, ezta ezer konpontzen ez duten promesa faltsurik ere». Horren ordez, «aurrekontu feministak» eskatu dizkiete erakunde publikoei; «kalitatezko hezkidetza» hezkuntzako alor guztietan; zerbitzu publikoak bermatzea; «zaintza sistema publiko eta integral bat» sortzea; «lan baldintzak eta kalitatezko pentsioak» bermatzea; eta hedabideek «morboz beteriko istorioak alboratzea».
Autodefentsa feministaren aldeko aldarriak kalea hartuko du A-25ean
Protestak antolatu dituzte herri eta hiriburuetan, indarkeria matxistaren aurkako egunaren karira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu