Ez desadostasunik gabe, baina Espainiako Gobernuak onartu nahi duen Memoria Demokratikorako Legea bidea egiten ari da pixkanaka. Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du lege proiektua, eta, hortik Kongresura bidalita, espero da alderdi politikoak irailetik aitzinera hasiko direla testuaz eztabaidatzen. Legearen neurri nagusien artean bildu dute, bertzeak bertze, hildako arbasoen gorpuzkiak berreskuratzea eskubide bat izatea. Bertzalde, frankismo garaian «politika, ideologia, erlijioa edo orientazio sexuala» dela medio egindako epaiketak baliogabetu eginen dituzte.
Hamar hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak lege aurreproiektua onartu zuenetik, eta orduz geroztik hainbat aldaketa egin dizkiote testuari, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako kritikak aintzat hartuta. Izan ere, fundazio eta ekitaldi frankistak debekatzearen aurka agertu zen CGPJ joan den ekainean, argudiatuta frankismoaren apologia adierazpen askatasunaren barnean sartzen dela. Gobernuak onartuko duen legean, beraz, zehaztapen bat gehitu diote zati horri: frankismoari apologia egitea diktaduraren biktimei «irain» egitea litzateke, testu berriaren arabera.
Erorien Harana, auzitan
Oroimen lekuak ere arautuko ditu Memoria Demokratikorako Legeak, eta Erorien Haranari ere egiten dio erreferentzia. Erorien Haraneko Gurutze Santuaren Fundazioa deuseztatu eginen du, hain zuzen, eta, harekin batera, baita hura kudeatzen duten fraideen esku hartzea ere.
PPk eta Voxek adierazia dute jada legearen kontra daudela: Pablo Casado PPko buruak atzo adierazi zuen gobernura ailegatuz gero bertan behera utziko duela; Voxek Auzitegi Konstituzionalera jo nahi du.
Memoria legeak eskubidetzat joko du gorpuzkiak berreskuratzea
Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du lege proiektua. Frankismoko epaiketa eta zigorrak baliogabetuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu