Transmisioari buruzko datuek aski agerian utzi dute kutsatzearen beheranzko joera eten egin dela Hego Euskal Herrian: gaitza hanpatu egin da, nabarmen. Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak ekainaren 1ean gainditu zuen 400 positiboren langa azken aldiz, asteazkenera arte. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, herenegun 456 COVID-19 kasu zenbatu ziren Hegoaldean egindako probetan, eta, hain zuzen ere, maiatzaren 15etik erregistratutako kutsatu kopururik handiena da hori. Oldarraldia bistakoa da; izan ere, transmisioa barealdi betean izan da azken bi hilabeteetan. Orain, kutsatuen kurbak gorako bidea hartu du berriz ere. Halaber, azken bi asteetako datuei erreparatuta, Hegoaldean eguneko 236 kasu detektatu dira batezbesteko.
Asteazkenean atzemandako kasuak lurraldez lurralde aztertuta, hauek dira herenegun egindako testen datuak: Bizkaian 178 positibo zenbatu ziren; Gipuzkoan, 165; Nafarroan, 68; eta Araban, 37.
Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruaren gaineko aldagaian ez ezik, positiboen ehunekoari dagokionez ere bada kezkarako ziorik. Hegoaldeko osasun sistemek emandako azken datuen arabera, herenegun 8.934 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a atzemateko, eta, beraz, %5 izan zen positiboen portzentajea. Hain justu, OME Osasunaren Mundu Erakundeak langa hori du zehaztua pandemia kontrolpean edukitzeko gehienezko muga gisan.
Bestalde, egunek aurrera egin ahala, intzidentziari buruzko datuek gero eta garbiago erakusten dute kutsatuen soslaia gaztetzen ari dela. Esaterako: asteazkenean atzeman ziren 456 positiboen erdiak baino gehiago 40 urtetik beherakoak izan ziren. Nafarroako Gobernuak atzo ez zuen eman adinari buruzko xehetasunik, baina Eusko Jaurlaritzak plazaratutako informazioa aski argigarri da joera ondorioztatzeko: 19 eta 39 urte arteko 307 pertsonari atzeman zieten birusa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 18 urtetik beherakoei dagokienez, berriz, 90 positibo zenbatu zituen Osakidetzak. Nafarroan, asteartean gaurkotu zen informazio hori azken aldiz: hartan, gobernuak adierazi zuen kutsatuen batezbesteko adina 28 zela herrialdean.
Ospitaleetan, onbidean
Oraingoz, transmisioan sumatutako gorakadak ez du islarik izan Hegoaldeko ospitaleen okupazioan. Izan ere, zentroetako presioak arintze bidean jarraitzen du Hegoaldean. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, oraintxe guztira 115 lagun dira Hego Euskal Herriko zentroetan gaitzarekin ospitaleratuta. Horietako 38 ZIU zainketa intentsiboetan dira; aurreko egunean, berriz, 40 ziren unitate horietan. Gainera, osasun agintariek emandako datuen arabera, herenegun 21 lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta.
Koronabirusa
Birusa harrotua da atzera ere: beste 456 kutsatu izan dira Hegoaldean
Positibo eman dutenen erdiak baino gehiago 40 urtetik beherakoak dira. Ospitaleetan, 115 eri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu