Jaurlaritzak nahi du Ernai ikertzea, gorroto deliturik egin den argitzeko

Segurtasun Sailak Fiskaltzari eskatu dio azter ditzala Ernairen izenean agertutako hainbat mezu

Ernaiko gazteak eta ertzainak, aurrez aurre, Bilbon, maiatzaren 7ko mobilizazioetan. OSKAR_MATXIN_EDESA/ FOKU.
edurne begiristain
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azken asteotan Ernairen izenean agertu diren pintaketak, kartelak eta mezuak igorri dizkio Fiskaltzari, Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua izan ote diren iker dezan. Segurtasun Saileko iturriek BERRIA egunkariari baieztatu diote informazio hori, eta jakinarazi Ertzaintzak ere ikerketa bat abian duela «poliziaren aurkako gorroto ekintzak» aztertzeko, «egunero» agertzen omen direlako «Ertzaintzaren aurkako gorrotoa» adierazten duten pintaketak.

Joan den maiatzaren 7an Ernaik deituta mobilizazioak egin zituzten Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian, «krisia kapitalak ordain dezan» aldarrikatzeko. Bilboko eta Gasteizko manifestazioen amaieran gazteen kontra oldartu zen Ertzaintza, eta dozenaka gazte zauritu zituzten, Ernaik salatu zuenez. Ordutik, hainbat batzokietan pintaketak azaldu izan dira Ertzaintzaren kontrako mezuekin, eta sare sozialetan ere bai. Mezu horiek gorroto delitua izan zitezkeela ohartarazi zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak duela egun batzuk, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideari erantzunez. Ernaik idatzitako Denok gorroto dugu polizia esaldia erakutsi zuen Erkorekak saio hartan, ohartarazita halako mezuakEspainiako Zigor Kodearen 501. artikuluak arautzen duen gorroto delitutik «gertu» egon zitezkeela. Handik egun batzuetara, irrati batean, EH Bilduri aurpegiratu zion hauspoa ematea mezu horiei: «Harrigarria da gobernuaren alternatiba izan nahi duen alderdi batek herri honen instituzio nagusienetako baten aurka gorroto mezuak esatea». Eta eman zuen abisua: «Epaileek erabakikodutedelitua egon daitekeen ala ez».

Bide beretik mintzatu da Erne sindikatua ere duela gutxi, hainbat gizarte eragilek Eusko Legebiltzarrean salatu ostean Ertzaintzaren eskutik «arrazakeria poliziala» sufritzen dutela. Ernek Ertzaintzaren aurkako «gorroto kanpainaren» baitan kokatu ditu mezu horiek.

Ernaik ohar batean «lotsagarri» jo du Segurtasun Sailaren asmoa, eta salatu du pandemiaren kudeaketa «negargarria» alboratzeko eta «atentzioa desbideratzeko» saio bat dela. Berretsi du, halaber, maiatzaren 7an egindako mobilizazioetan Ertzaintza «deskontrolatuta» aritu zela, eta ordutik, komunikabideek ez dutela gazteen ahotsa entzun nahi izan. Gazte erakundeak Jaurlaritzaren asmoen inguruko balorazioa egiteko agerraldi batera deitu du biharko, Donostian.

Doktrina

Espainiako Zigor Kodearen 510. artikuluak arautzen du gorroto delitua, eta urtebete eta lau urte arteko espetxealdiarekin zigortuta dago. Hor jasota dago, besteak beste, zigortu egingo direla «bereizketa, gorrotoa edo indarkeria» eragitea talde baten edo pertsona jakin baten aurka,tartean, arraza, ideologia, erlijio edo etnia batekoa izategatik.

Nolanahi ere, badira hainbat sententziak zalantzan jartzen dutena poliziaren aurkako gorroto delitua egon daitekeela, eta beraz, doktrina badago gai horretan. Besteak beste, 2018. urtean, Kataluniako Fiskaltzak kereila aurkeztu zuenFerran Civite ERCko diputatu baten aurka sare sozialetan Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren aurkako mezuak argitaratzeagatik, bainaKataluniako Auzitegi Nagusiak artxibatu egin zuen auzia, gorroto deliturik ez zela argudiatuta. Emandako epai baten arabera, gorroto delitutzat jo daitezke «kolektibo zaurgarrienen» aurka egiten direnak, baina segurtasun indarren kasuan ezin liteke aplikatu delitu hori, ez direlako talde zaurgarri bateko kide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.