Euskadi Irratiko 'Osasun etxea' saioa, Rikardo Arregi sarien garaile'

CodeSyntaxen Egunean Behin galdera lehiaketaren aplikazioak jaso du Komunikazio saria

Rikardo Arregi sariaren aurtengo irabazleak, Bingen Zupiria sailburuarekin. JON URBE / FOKU.
Edu Lartzanguren - Maider Galardi F. Agirre
Andoain
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ezin zitekeen bestela izan: koronabirusak eragina izan du aurtengo Rikardo Arregi sarietan ere. Ez soilik Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturguneko aretoa distantzia neurriak errespetatzeko prestatuta zegoelako, edo sarituek oroigarria mahaitik zuzenean hartu behar izan dutelako. Hitzartzeetan eta finalisten hautaketan ere, nabarmena izan da COVID-19aren eragina. Maider Lainez Andoaingo alkateak hala azpimarratu du: «Koronabirusa gainditzeko ezinbestekoa da informazioa. Informazio argi eta arduratsua, eta ongi josia. Ordu onekoa da aurtengo Rikardo Arregi sariketa». Eta hain justu, garaiotan «lastoa eta alea zer diren ongi bereizten laguntzeagatik», Arantza Artza esatariak eta Felix Zubia medikuak jaso dute Rikardo Arregi kazetaritza saria, Euskadi Irratiko Osasun etxea irratsaioan eginiko lanarengatik. BERRIAK koronabirusaren azken orduko datuak ustiatzeaz eta aztertzeaz arduratzen zen taldea ere finalisten artean zegoen.

«Zerbitzu publiko eredugarria» eskaini dutela nabarmendu du epaimahaiak. Azken hilabeteetan erreferentzia bihurtu direla gaineratu dute, eta informazioa modu zientifikoan eta kontrastatuan eman dutela goraipatu. Saria jasotzera oholtzara igo direnean, Osasun Etxea «saio txiki bat» dela esan du Artzak, eta «inondik ere» ez zutela espero saria jasotzea: «Artrosiaren eta artritisaren inguruko saio bat izan da, COVID-19 iritsi den arte». Informazio uholdeari aurre egiten saiatu direla adierazi du, eta entzuleekiko harreman estuari eusten: «Entzuleei aitortza egitea dagokigu, beraz». Beste bi finalistak Miel Anjel Elustondo —egunkari honetan argitaratutako Tonban Ehortzirik elkarrizketa sortagatik— eta Euskadi Irratiko Faktoria saioa izan dira.

Euskarazko 'komunitatea'

Besteak beste, «koronabirus garaietara ongi egokitzeagatik, eta telefono mugikorreko aplikazioaz harago, Youtubera salto egiteagatik jaso du aurten Komunikazio saria CodeSyntaxen Egunean Behin lehiaketak. Epaimahaiak azpimarratu du «komunitate bat bildu» dela jokoan, eta sarituek ere horixe azpimarratu dute oholtzara igotzerakoan: «Jendeak bataz beste hamasei aplikazio ditu mugikorrean. Eta horietako bat Egunean Behin izatea ohore bat da guretzat». Beste finalistak Ene Kantak proiektua; Arteman, Lur eta Amets filma zabaltzeko egindako komunikazio lanagatik; Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus musika taldea, Urmuga proiekturako egindako iragarkiarengatik izan dira.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak itxi du ekitaldia, finalista guztiek «euskal gizarteari zein ekarpen» egin dioten esanaz: «Euskaraldian gaude, eta burura hori etorri zait: guzti horiek direla arigune».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.