Datorren astelehenean hasiko da Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikulazio kanpaina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan. 703 ikastetxe daude EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik %64 publikoak dira. Iaz indarrean sartutako neurriari eutsi dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, eta, horrenbestez, aurrematrikulan seme-alabentzako hamabi ikastetxe hautatu ahal izango dituzte gurasoek, gehienez. Maite Alonso sailburuordeak joan den urteko kanpainako datuei erreparatuta jakinarazi duenez, ikasleen %97 hautaketa horretan lehenetsitako eskolan ari dira ikasten.
Aurrematrikulaziorako epea otsailaren 7ra arte egongo da zabalik. Izapidea Internet bidez eginez gero, ordea, epea egun bat lehenago itxiko dute: otsailaren 6an.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak atzo, Donostian, Zatoz gurera! kanpaina aurkezteko agerraldian nabarmendu zuenez —iazko kartel bera erabili dute—, hautatutako ikastetxeetan familia bakoitzak dituen puntuen arabera egingo dute aukeraketa. «Inongo kasutan» ez da kontrakoa gertatuko, sailburuaren esanetan.
Berrikuntza bat badago aurtengo prozeduran. Izan ere, familia ugariek ez dute aurkeztu beharko baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurrematrikula egiteko orduan. «Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei izapideak erraztea bilatzen duen neurria da», adierazi zuen Uriartek.
Indarrean jarraitzen du iaz onartutako beste berrikuntza batek: ikasleak ibilbidea ikastetxe atxikian jarraitzen badu, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko lehen mailara igarotzeko ez dute eskaerarik egin beharko. Hori bai, beste edozein ikastetxetara joateko, eskaera egin beharko dute gurasoek. Institutu atxiki bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere eskaera egin behar dute.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2 urteko haurrak matrikulatzeko 541 ikastetxe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 542 eskola Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat; eta 536 Lehen Hezkuntzako haurrentzat. Horietako bakoitzean %61 ingurukoa da ikastetxe publikoen portzentajea. DBHkoentzat 329 ikastetxe daude guztira.
Informazio eta orientazio guneak egongo dira, iaz hartutakobideari jarraituz. Hamasei gune egongo dira Araban: hamahiru Gasteizen, eta bulego bat Oionen, beste bat Laudion eta beste bat Agurainen. Hamar informazio gune egongo dira Bizkaian: zortzi Bilbon, bat Lekeition, eta beste bat Barakaldon. Gipuzkoakoa Arrasaten egongo da.
Ikasgelak ixteaz
Jaiotzetan gertatzen ari den beherakadak ikasgelak ixtea eragin ote dezakeen galdetu zioten Uriarteri. Sailburuak erantzun zuen aurrematrikulazio kanpainako datuak eduki arte ezin dutela hori aurreikusi. «Datuak bildu ahala joango gara aztertuz. Oraingoz, ezin dugu esan gelak irekiko ez direnik».
Ikasleen %97 lehenetsitako ikastetxeetan daude eskolatuta
Urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra arte egingo dute aurrematrikulazio kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Familia ugariek ez dute aurkeztu beharko baldintza hori egiaztatzeko dokumentaziorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu