Bastidako EAJko zinegotzi ohiak plataforma bat eratzeko bidean dira

Marka berria eginda ere, ez dute asmorik laster zentsura mozio bat proposatzeko

Udal osaketarako bilkura Bastidako udaletxean, aurreko larunbatean. M. OTERO.
xabier martin
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bastidako (Araba) udal osaketan, EAJko hiru zinegotzik gogor salatu zuten alkatetza PPri errazteko Euzkadi Buru Batzarraren erabakia, eta hirurek utzi dute alderdia. BERRIAk jakin duenez, Bastidan herri plataforma bat egitea aztertzen ari dira, aholkularitza eskatuz, eta hura egituratu arte zinegotzi independente gisa ariko dira legegintzaldi hasiera honetan.

Eta oposizioan ariko dira. Hori «oso argi» dute, Alain Quintana Bastidako EAJko zinegotzi ohiak azaldu duenez. Legegintzaldiak «luze» joko duela badaki egungo zinegotzi independenteak, baina gaur-gaurkoz ez dute Bastidako aginte makila eskuz aldatzera eramango lukeen zentsura mozio bat buruan. Urrats hori egingo balute, ordea, EH Bilduren bi zinegotzien babesa lukete, koalizioak udal osaketaren aurretik esandakoaren arabera, eta horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituen alkatetza bietako bat kenduko lioke PPri. Soilik Mañuetakoarekin geldituko litzateke, hura ere Arabako Errioxan. Bastidan, bost zinegotzik PPren laurak gaindituko lituzkete bozketa horretan, baina, oraingoz, oposizioan egongo direla garbi utzi dute EAJko zinegotzi ohiek, eta, tarte batez behintzat, Daniel Garcia PPko alkateak aginte makilari eutsiko dio.

Astelehenean, «udalerriko beste zinegotzi guztiekin» batzartuko dira EAJren militantzia utzi duten hirurak, eta udalean nola ariko diren azalduko diete, udal gobernuak eta EH Bilduren oposizioak ere jakin dezaten zehaztasun handiagoz zein den haien egoera udalean. Beraz, legealdi hasieran nola ariko diren argituko diete EAJko zinegotzi ohiek.

Herri plataforma batera

Zentsura mozio bat aurkezteko alkategai bat aurkeztu behar dela gogorarazi du Quintanak, eta horretan «egoera pertsonalak» berebiziko garrantzia duela. «Ezin da egunetik gauera bizitza aldatu» egun osoan alkate gisa lan egin ahal izateko, gogoratu du. Eta esplikatu du bastidarren bizikidetzan ez dagoela arrakala handirik. Alderdi desberdinen ordezkarien arteko familia eta adiskidetza harremanak estuak dira sarritan: «Ez dugu haserretu nahi inorekin».

Bastidako EAJko boto emaileekin eta, oro har, «oinarriekin hitz egin ondoren» hasi dira herri plataforma bat osatzeko aukera aztertzen. Araban Jose Antonio Suso presidente duen alderdi jeltzalearekin azaleratu den haserre sakonaren ondoren abiatu dira bide horretan. «Harriturik utzi gaitu herritarrek eman diguten babesak», azpimarratu du Quintanak. Arabako Errioxan badira alkatetza duten bi herri plataforma: Zieko Bai, Eltziegon, eta Lapuebla Aurrerantz, Lapuebla de Labarcan. Plataforma horien ordezkariekin hizketan hasi dira Bastidako zinegotziak, plataforma bat nola eratu dezaketen bide orri bat osatzeko.

EAJko hiru kide ohiak azken legegintzaldietan gertatutakoa «oso kontuan» hartzen ari dira urrats hori egitean. «Herriarentzat lan egin nahi dugu», dio Quintanak. Bastidako aginte makilari uko egiteko EAJren aginduak zauri sakona utzi die, uste dutelako «herrienak ez baina beste interes batzuk» daudela erabaki horren atzetik. Ez alferrik, Quintanaren iduriko, ETBko zuzendaritzan aritutako alkategai ohi Edu Barinagaz gain dimisioa eman zuen alderdiaren erabakiarekin ados ez zegoelako, baina agindua ezkutatu zien zerrendako beste hautagaiei—, EAJko alkate izan zenak ere «jakingo zuen» alderdiak hautagaitza ez aurkezteko hartu zuen erabakiaren berri. «Orain Eusko Legebiltzarreko kidea da».

Batera edo bestera, EAJ zinegotzirik gabe geratu da Bastidan, eta herri plataforma eratzeko helburuetako bat da hurrengo udal hauteskundeetan marka berri horrekin lehiatzea. Lau urtek luze joko dute, eta ekinaldia gauzatzen den ikusi behar da, baina, plataformaren errealitatea berretsiko balitz, EAJren indarra ezbaian legoke Bastidan, plataforma horrek batik bat oinarri jeltzaleen babesa lortu nahiko bailuke.

Suso ez da azaldu Bastidan

EAJren presiorik izan ote duten galdetuta, Quintanak ukatu egin du. «Suso ez da azaldu Bastidan ezertarako». ABBko buruak asteon esan du «urak lasaituko» direla, baina aurreikuspen hori ez da betetzen ari.

EAJ bozkatu zutenenganako «errespetua» dago plataforma bat eratzeko xedearen oinarrian, hain zuzen, Quintanaren arabera; udal osaketaren egunean, Aintzane Prieto EAJko zinegotzi ohiak azaldutakoaren ondoren ez dago tarte handirik ezusterako. EAJk Bastidako alkatetza PPri uzteko erabakiak EAJko hautagaitza «ezinegonez eta, zergatik ez esan, nazkaz» betearazi zuela helarazi zuen argi eta garbi. «Hori dela eta, guztiz aldendu gara EAJtik», erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.