Bortxa matxistaren aurka, hobeto koordinatu nahi du Jaurlaritzak

Erakundeen arteko akordioa eguneratu du, biktimei «arreta integralagoa» emateko

Erakundeetako ordezkariak, abendu amaieran, Rebeca Huayta Huacanen hilketa gaitzesteko elkarretaratzean. IREKIA.
Maite Asensio Lozano.
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei «arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa» eman nahi die Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, alor horretan zerikusia duten erakundeen koordinazioa hobetu nahi du. Helburu horixe du Indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeen Arreta Hobetzeko III. Akordioak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak atzo azaldu zuenez: «Urrats garrantzitsua izango da biktimen beharrak erdigunean jartzeko». Besteak beste, era guztietako bortizkeria matxistari erreparatuko diote, detekzio goiztiarra sustatuko dute, eta «biktimak birbiktimizatzea eragozteko» neurriak hartuko dituzte.

Erakunde arteko akordio hori 2001ean sinatu zen lehen aldiz, eta 2009an eguneratu zen. Orain, berriro eguneratzeko premia antzeman dute instituzioek, azken urteetan onartutako legeetara eta jarraibideetara egokitzeko. Hain justu, Eusko Legebiltzarrak xede horrekin onartu zuen berdintasun lege berria iazko martxoan; Istanbulgo Hitzarmena ez ezik, Espainiako Gorteetan onetsitako arauak ere —adingabeak babesteko legea, genero indarkeriaren aurkako estatu ituna eta sexu askatasuna bermatzeko legea— hartu dituzte kontuan. Gainera, azken urteetan izandako aldaketa sozialen eragina ere izan du hizpide Artolazabalek: «Indarkeria mota batzuek protagonismo handiagoa hartu dute, eta beste mota batzuetako bortizkeria matxistak sortu dira, hala nola Interneten, sare sozialen edo gailu mugikorren bidez egiten direnak».

«Babes osoa bermatu»

Hala, arau horiek guztiek diotenari jarraikiz, akordioak «mota guztietako indarkeria matxista» izango du kontuan, eta ez bakarrik gizonezko bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoa; gainera, bortxa zuzenean jasaten duten emakumeak ez ezik, seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk ere biktimatzat hartuko ditu. Helburua izango da haiei «babes osoa» bermatzea, bai ikuspegi polizial eta judizialetik, bai osasun eta gizarte eremuetan.

Arlo horiekin lotuta, bortizkeria egoerak ahalik eta goizena atzeman nahi dituzte; beraz, «eremu eta sistema guztietako erakunde guztien proaktibitatea» sustatuko du akordioak. Horretarako, akordioak «sakondu» egingo du bortxaren biktimak artatzen dituzten langileak prestatzeko konpromisoa; besteak beste, trebakuntzarako topaketak antolatzea aurreikusi dute. Era berean, erakundeen arteko koordinazioa «indartuko» dute, lurralde bakoitzean koordinazio talde berriak sortuz, jarraipen batzordeko partaidetza zabalduz eta protokoloetako jarraibideak «argituz eta zehaztuz».

Emakundek itunerako duen jarraipen batzordeak onartu zuen akordioa, abenduaren 20an, eta datorren astean —hilaren 19an— egingo dute hura sinatzeko ekitaldi ofiziala, Lehendakaritzan. Han izango dira biktimen arreta integral horretan inplikazioa duten instituzioak; besteak beste, hiru foru aldundiak, Eudel, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, EAEko Fiskaltza eta Jaurlaritzako hainbat sail —tartean Segurtasuna, Osasuna, Enplegua, Hezkuntza eta Etxebizitza—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.