Otsailaren 18an Baionako suprefeturan kateatu ondotik, Miarritzeko Frantziako zergen bulegoa izan zuten jomugan atzo. Izan ere, Frantziako Gobernuari helarazi nahi diote aldarria ekintzaileek, eta horretarako okupatu dituzte Paris ordezkatzen duten egoitzak. Emmanuel Macron Frantziako presidentea akuilatu nahi izan dute zuzenean, zintzilikatutako banderola baten bidez: «Beraz, Macron? Euskal presoak zer?».
«Gero eta ekintza gehiago eginen genituela erran genuen, eta hala egiten ari gara. Frantziako Estatuaren sinbolo diren lekuetara joko genuela ere erran genuen», azaldu zuen Anaiz Funosas Bakegileen bozeramaileak.
Kosta ahala kosta, gauerako puskak ekartzen ari dira Bakegileak.
Les artisans de la Paix se préparent pour la nuit. pic.twitter.com/ddpf7Zkowp— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) April 1, 2022
11:00etan sartu ziren ekintzaileak egoitza barnera, «Jon, Jakes eta Unai gurekin» zioten afixekin. Frantziako Polizia hurbildu zitzaien goizean, baina ez zituzten ekintzaileak kanporatu. Aldi berean, zenbait ekintzaile teilatura igo ziren. Baina 19:00 aldera Frantziako Polizia egoitza barnera sartu eta ekintzaileak banan-banan kanporatu zituen. Ez zen atxiloketarik egon.
Blokeoa oraino
Beste behin, Frantziako Estatuaren «utzikeria» salatu zuten Bakegileek. «Entzunak izan arte segituko dugu. Arazoa sortzen da [Frantziako] Gobernuaren utzikeriagatik, eta bake prozesuaren kontrako jarrerarengatik», adierazi zuen Funosasek. Bestalde, Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzaren jarrera ere izan zuen jomugan, «mendekuan» oinarritutako erabakiak hartzen dituela argudiatuta. Hala, berretsi zuen Jon eta Unai Parot eta Jakes Esnal euskal presoei begira «berehalako erabaki positiboen» zain daudela.
Protesta gehiago
Fase berria blokeo egoera horri aurre egiteko abiatu zuten, Esnal eta Paroten askatasuna «lehenbailehen» lortzeko. «Fase berri hau ekintza azkarrago, ausartago eta ikusgarriagoek markatuko dute», argitu zuen orduan Funosasek. «Ekintza pertsonalak dira, kolektibo baten barruan burutuak, publikoki asumituak, gardenak eta bortizkeriarik gabekoak, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan». Atzo, hala, erran horiek berretsi zituen Funosasek, eta Aieteko engaiamenduez honela mintzatu zen: «Hartutako engaiamenduak ez ditugu etengo».
Bada, geroz eta ekintza gehiago egiteko borondatea erakutsi du taldeak, egoera «desblokeatzeko» asmoz. Atzo protesta eguna izan zuten, eta gaurkoa ere hala izango dute. Bi ordu eman dituzte goiz honetarako. Herritarrei autoz hurbiltzeko eskatu diete, eta 09:30ean elkartzeko bi leku finkatu dituzte. Urruñan, Intersport dendako aparkalekuan izanen dira, eta Hazparnen, Harana plazako aparkalekuan.