LHko langileen egoera salatu dute sindikatuek Donostian

Donostian egin dute Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra. Sindikatuek irakasleen behin-behineko kontratuak salatu dituzte

ELA eta LAB sindikatuek atzo Kursaal aurrean (Gipuzkoa) egindako protestak. BERRIA.
jone arruabarrena
Donostia
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Lanbide heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean izeneko kongresua antolatu du Eusko Jaurlaritzak. Donostiako Kursaalen egin zen jardunaldia atzo, eta gaurko ere hainbat saio antolatu dituzte. ELA eta LAB sindikatuek protesta egin zuten kongresua hasi baino lehen. «Jaurlaritzak EAEko Lanbide Heziketako bikaintasuna harrotasunez erakusten badu ere, salatu nahi dugu ez duela inolako urratsik egiten sektoreko arazoak konpontzeko», adierazi du LABek. Kongresua Hezkuntza Saila «zuritzeko» tresna bat dela salatu dute.

Izan ere, ELAren arabera, goi mailako lanbide heziketako behin-behineko irakasleen etorkizuna «kolokan» dago: «Hamar espezialitatetan salbu, irakasle hauei oposizioak egiteko eskubidea 2023ko oposizioetara soilik mugatzen zaie, eta, beraz, bertan aurkeztu ez edo plazarik lortu ezean, lan egiteko inolako aukerarik gabe geratuko lirateke». Hezkuntza arloan dagoen behin-behinekotasun tasa «jasanezina» dela ere adierazi dute—irakasleen %50ek behin-behineko lan kontratua daukate—. Bi sindikatuek eskatu dute «pribatizazioari ateak itxi» eta «enpresen interesak hezkuntzatik at» uzteko.

LABek, gainera, jakinarazi du arazoari konponbidea emateko asmoz uztailaren 28an Blanca Guerrero kudeaketa zuzendari eta Nicolas Sagarzazu Lanbide Heziketako plangintza eta antolakuntza arduradunarekin batu zirela. Sindikatuak azaldu duenez, langileen egoera hobetzeko bilera proposamen bat egin zien arduradunei, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Jaurlaritza, harro

Bestelakoa izan zen Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuan eman zuten irudia. Kursaal jauregiaren kanpoan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren aurkako oihuak entzuten ziren bitartean, hark irakasleak goraipatu zituen aurkezpenean, eta eskerrak eman zizkien beren lana «profesionaltasunez» egin eta ikasleak «gidatzeagatik».

Clara Sanz Espainiako Lanbide Heziketako idazkari nagusiak hartu zuen hitza Bildarratzen ondoren, eta, azaldu zuenez, laugarren industria iraultza martxan dago gaur egun: «Teknologia berriek zeharo aldatuko dute gure lan egiteko modua, eta langileek horri heltzeko trebatzen jarraitu behar dute, etengabe». Datuak ere eman zituen: orain industrian lanean dabiltzan langileen %70ek erdi mailako formakuntza beharko du aldaketa teknologiko horiei aurre egiteko. Gainera, ohartarazi zuen Espainiako Gobernuaren lehentasunen artean dagoela «lanbide heziketa eraldatzea», garai berrietara egokitu dadin.

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak ere Sanzen ildo beretik jarraitu zuen, eta etorkizuneko erronken inguruan aritu zen. Haren arabera, «saihetsezina» da teknologia berriek dena eraldatzea: «Laster gertatuko da, eta ezin gaitu oharkabean harrapatu. Prest egon behar dugu». Iragarri zuenez, 2024. urterako Lanbide Heziketako 70 zentro adimentsu egongo dira. Hau da, formakuntza zentro horiek adimen artifizialeko ekipamenduak eta teknologia berritzaileak edukiko dituzte. Gaur egun, mota horretako 24 eskola daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.