Euskararen erabilera %7 eta %52 artekoa da EHUko eremu ez-formaletan

Soziolinguistika Klusterrak hamazazpi fakultatetan euskara zenbat erabiltzen den behatu du, Euskara Errektoreordetzak eskatuta

Erredakzioa
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak ikerketa bat abiatu zuen 2017-2018ko ikasturtean, zenbait fakultatetako eremu ez-formaletan hizkuntzen erabilera behatzeko xedez. Ordutik, Soziolinguistika Klusterrak aztertu du zein neurritan erabiltzen den euskara hamazazpi fakultatetan, eta ondorioztatu du %7 eta %52 artekoa dela erabilera, fakultatearen arabera.

Gipuzkoako campusean bildu dituzte erabilera daturik altuenak: Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean %52koa da; lurralde horretan, Ingeniaritza Eskolan dute daturik txikiena (%27,5). Arabako campusean, berriz, Letren Fakultatean erabiltzen da euskara gehien (%41,1), eta Farmazia fakultatean gutxien (%22,9). Bizkaiko campusak ditu daturik txarrenak: Medikuntza eta Farmazia fakultateak du erabilerarik altuena (%22), eta Ingeniaritza Eskolak txikiena (%6,6).

«Fakultate gehienetan, emakumezkoen euskararen erabilera gizonezkoena baino altuagoa da. Gainera, joera orokor gisa, honako hau aipa daiteke: zenbat eta euskararen erabilera handiagoa izan, sexuen arteko erabileraren tartea are handiagoa da», irakur daiteke txostenean.

Halere, Soziolinguistika Klusterrak ez du alde garbirik antzeman ikasleen eta unibertsitateko langileen erabilera mailaren artean: «Batzuetan, ikasleek euskara gehiago erabiltzen dute, eta beste hainbatetan, ez-ikasleek darabilte euskara gehiagotan. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da fakultateetako eremu informaletan behatzen diren solaskideen gehiengo nabarmena ikasleak direla (% 86 eta % 97 artean)».

Hirietako erabilera

Ikerketaren arduradunen esanetan, «testuinguruak garrantzi handia du» euskararen aldeko hautua egitean: «Hiriburuetako gazteen euskarazko erabilera datuak EHUko fakultateetako eremu ez-formaletakoekin alderatzean, unibertsitateko emaitzak altuagoak direla ikus dezakegu. Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren 2016ko datuak kontuan hartuz, %13koa da gazteen erabilera Donostiako kaleetan; %5,3koa Gasteizkoetan, eta %2,6koa Bilbon».

Soziolinguistika Klusterraren arabera, gisa horretako ikerketek balio dute «gazteen esparru propioetan eta beren arteko elkarrizketetan dituzten hizkuntza praktikak, ohiturak eta joerak» ezagutzeko: «Gazteak Euskararen Eszenatokian ikerketan jaso zen, esaterako, unibertsitate garaia une garrantzitsua dela hiztunen ibilbidean, hizkuntza mudantzak gertatzen baitira bertan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.