Unibertsitatean ikasten duten Ipar Euskal Herriko ikasleek dohainik izango dituzte hilekorako produktu higienikoak. Hala iragarri zuen atzo Frederique Vidal Frantziako Goi Irakaskuntza eta Berrikuntza ministroak, Poitiersera (Frantzia) egin zuen bisita batean. Polemika baten erdian hartu du erabakia: izan ere, azken egunotan ministroak «ezkerreko islamismoaren» aurkako adierazpenak egin ditu zenbait komunikabidetan, eta jakinarazi du ikerketa bat abiatuko duela Frantziako Estatuko fakultateetan gertatzen ari omen den fenomeno hori aztertzeko.
Kritika ugari sortu dituzte ministroaren adierazpenek, baina, Vidalek atzo jakinarazi zuenez, hilekorako produktuak doako bilakatzeko neurriak ez du horrekin zerikusirik: parlamentariekin, ikasle elkarteekin eta Frantziako Estatuan «hilekoaren prekaritatearen» aurka egiten duen Regles Elementaires elkartearekin berarekin egindako lan baten ondorio litzateke erabakia.
Heldu den ikasturtetik aitzinera nahi du Vidalek unibertsitateetako ikasle hilekodunek produktuak kitorik izatea, eta, doakotasuna bermatze aldera, iragarri du datorren astean hasiko direla produktu horiek banatzen dituzten makinak jartzen unibertsitateetako ikasle egoitzetan eta osasun zerbitzuetan. Frantziako Estatuan guztira 1.500 makina jartzea espero du Vidalek, eta datorren ikasturterako produktu horiek «erabat doan» izatea bermatu nahi du. Neurri horren bidez, pobrezia menstrualari aurre egin nahi dio Goi Ikaskuntzako ministroak. Izan ere, hainbat taldek egindako ikerketa baten arabera, ikasleen herenak laguntza behar dute produktu horiek erosteko. Ministroak aurreratu du, halaber, «ingurumenarekiko errespetuzkoak» izanen direla banatuko dituzten produktuak.
Helburua «handinahia» da, Vidalen hitzetan, baina «errealista» ere bai, eta jakinarazi du neurriak irautea nahi duela. Hilekorako produktuak doan banatzeak, berriz, urtean hamabost milioi euroko kostua galdeginen lioke Frantziako Gobernuari.
Ez da lehena
Frantziako Gobernua ez da gisa bereko erabakia hartzen lehena. Eskoziako Parlamentuak pasa den azaroan aho batez onartu zuen hilekoari lotutako produktuak doan izan zitezela. Orain, eskualdeen eta udalen ardura da bermatzea tanpoiak eta konpresak, besteak beste, eskura egongo direla «behar dituzten pertsona guztientzat». Erabaki hori hartu zuen lehen herrialdea izan zen. Lehenago ere, Eskozia munduko lehen herrialdea izan zen menstruazio produktuak doan jartzen eskoletan eta unibertsitateetan.
Antzeko neurria iragarri berri du Zeelanda Berriak ere: ekainetik aurrera ikastetxeetan doan banatuko dituzte produktu higienikoak. Azaldu dutenez, pobrezia menstrualari aurre egin nahi diote horrela. Frantzian, Ile de France eskualdea izan zen halako neurri bat iragartzen lehena: otsailaren hasieran jakinarazi zuen.
Hilekorako produktuak doan Iparraldeko unibertsitateetan
Hurrengo ikasturtetik, produktu horiek lortzeko makinak ipiniko dituzte unibertsitateetako osasun zerbitzuetan eta ikasle egoitzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu