Urdaibai Bizkaiko kostaldean dagoen padura bat da: Busturialdean dago, eta bioaniztasunagatik eta hango paisaien ederragatik ezaguna. Baina ortzian ere badago beste Urdaibai bat. Zehazki, Marten, Jezero izeneko kraterraren inguruan. Urbasa-Andia izena jarri diote hango beste paraje bati, eta Volcanoes of the Basque Coast beste bati. Izan ere, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde bat aritu da inguru hartako mapak egiten, eta aipatutako toponimoak aukeratu ditu leku horiek izendatzeko. Eta, gaur iluntzean, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren misio bat iritsiko da krater hartara, EHUren ikerlarien laguntzaz hori ere.
Mars 2020 du izena misio espazialak, eta 21:50ean iritsiko da Martera (Euskal Herriko ordua). Espaziontzi batek haraino eraman du Perseverance izeneko ibilgailu autonomoa, 200 eguneko bidaia egin ondoren, eta jausgailu baten bidez planetaren azalera jaurtiko du. Gero, laginak hartzen, fenomeno meteorologikoak neurtzen eta ikerketak egiten jardungo du.
Laborategi mugikorra da Perseverance; tona bat inguru pisatzen du, gurpilei esker leku batetik bestera joan daiteke, eta laginak hartzeko beso artikulatu bat ere badauka. Jezero kraterraren gainazala ikertuko du. Oso aspaldi, Marten ura zegoenean, krater hura laku bat izan zen, hara iristen den ubideak erakusten duen moduan. Ura beharrezkoa da bizia sortzeko, eta misioaren helburuetako bat da behinola aintzira izandako leku hartan iraganeko bizi aztarnarik ba ote dagoen ikustea.
Eguraldia aurreikusi
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikerketa taldek parte hartu dute misio horretan. Zehazki, Agustin Sanchez Lavega Fisika Aplikatuko katedradunak zuzentzen duen Planeta Zientzien Taldeak MEDA gailuaren diseinuan parte hartu du. Marteko giroa eta eguraldia aztertuko ditu gailu horrek: tenperatura, presioa, hezetasuna, haizearen indarra, hauts erauntsiak eta abar neurtuko ditu.
Sanchez Lavegak azaldu duenez, asmoa da han ere eguraldiaren iragarpena egin ahal izateko datuak biltzea: batez ere, gailuarentzat hain kaltegarriak izan daitezkeen harea ekaitzak aurreikusteko.
«Marteko atmosferan hautsa dago beti», esan du Sanchez Lavegak. «Horrek arazoak sortzen ditu tresnetan, eta arriskutsua da gizakiek planeta esplora dezaten. Hauts horren ezaugarriak eta eguneko eta urteko zikloak ikertzea da gure asmoa».
Bestalde, Juan Manuel Madariaga Kimika Analitikoko katedradunak zuzentzen duen IBeA Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa ikerketa taldeak SuperCam izeneko tresnaren diseinuan parte hartu du. Urrutiko analisiak egiteko sistema espektroskopikorik konplexuena da. Haren unitate bakoitzak informazioaren zati bat ematen du, eta, konbinatuta, aukera emango du analisi kimikoak eta petrografikoak egiteko.
Horrez gain, taldeak misioaren diseinuan ere parte hartu du: adibidez, Perseverance ibilgailua Jezero kraterreko zein lekutara iritsiko den erabaki duen lantaldeko partaide izan da, kraterrean ibilgailuak egin beharreko ibilbideak zehazten aritu da, eta kraterraren mapa egiten ere lagundu du. Horri eskerrak, Marteko krater horretako paraje bati Urbasa-Andia izena jarri diote, eta Urdaibai beste bati.
Madariagak azaldu duenez, NASAk eskatuta, EHUk operazio zentro bat ere sortu du Leioako fakultatean (Bizkaia). Han, talde bat arituko da Martetik iritsitako datu eta informazioak aztertzen, eta asmoa da, pandemiak modua ematen badu behintzat, herritarrei ere aukera ematea ikerlarien lana zuzenean eta bertatik bertara ikusteko.
Laginak ekartzeko plana
Aurreikusita dago Perseverance ibilgailuak 40 lagin hartuko dituela misio honetan. Beraz, hurrengo erronka izango da lagin horiek Lurrera ekartzea, hemen aztertu ahal izateko. Horretarako programa ez dago guztiz definiturik, baina kalkulatzen dute 2026an Perseverance-ren moduko beste ibilgailu bat bidaliko dutela Martera, eta hark laginak hartuko dituela, esfera batean sartuko dituela, eta esfera hori Marteren orbitan jarriko duela. Gero, beste espaziontzi batek esfera hartu eta Lurrera ekarriko du; 2030 aldera iritsiko litzateke.
Madariagak esan duenez, programa horiek garatu gabe dauden arren, erakusten dute misio honen inguruko lana oraindik zenbait urtez luzatuko dela. «Espero dugu gure laborategia lagin horiek aztertuko dituztenen artean egotea, analisi kimiko ez-suntsitzaileak egiteko dugun gaitasuna kontuan hartuta», adierazi du.
Eva Ferreira EHUko errektorea «harro eta pozik» agertu da misio honen aurkezpenean: «Egitasmo honek erakusten du zer nazioartekotze maila lortu duen euskal unibertsitate publikoak». Gaur iluntzean, ekitaldi bat egingo dute Bilbon, gailuaren iritsierari zuzenean erreparatzeko.
Urbasa ortzian eta Urdaibai izarretan
Gaur iritsiko da Martera Mars 2020 misio espaziala, planeta aztertzeko. EHUko bi ikerketa taldek parte hartu dute zenbait ataletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu