Koronabirusa

«Kalteberenak» babesteko bost programa sortu ditu Jaurlaritzak

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartuko dituzte. Orotara, hamar programa jarri nahi dituzte abian, eta 10.000 herritarri laguntza eskaini

Mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat, zaindariarekin. J. MANTEROLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak hamar programa jarriko ditu abian, «bazterketaren aurka» borrokatzeko eta koronabirusaren krisian «kalteberenak» direnak babesteko. Programa horietako bat indarrean dago jada; beste bost gaur onartuko dituzte, Gobernu Kontseiluan, eta gainerakoak prestatzen ari dira oraindik, eta laster emango dituzte horien inguruko xehetasunak.

Jaurlaritzak kalkulatzen du 10.000 lagun inguruk jasoko dituztela programa horien onurak. Aurrekontua hamar milioi eurokoa izango da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hirugarren sektorean aritzen diren 50 bat elkarterekin jardungo du elkarlanean, programa horiek gauzatu ahal izateko. Orotara, berrehun profesional eta mila boluntario inguru arituko dira beharrean.

Askotarikoak dira programak eta xedetzat harturiko giza multzoak ere. Azken Sarea Indartzen izenekoak, esaterako, baliabide nahikorik ez duten familiei laguntzea du helburu, eta indarrean dauden beste laguntza batzuekin osagarria izango da. 4,9 milioi euro bideratuko dute horretara.

Aterpeak izenekoa, berriz, etxegabeei zuzenduta dago, bereziki alarma egoeraren hasieran baliabide kolektiboetan ostatu hartu zuten etxegabeei. Programa horrek 390.000 euroko aurrekotua du.

Hilen senideentzat

Erdu programak droga mendekotasuneko edo osasun mentaleko arazoak dituztenei botikak eskuratzeko erraztasunak ematea du helburu. Doluari Arreta Emateko Programak laguntza eskainiko die koronabirusaren ondorioz hil direnen senitartekoei, eta, azkenik, Lineako Eskola Berrindartzea izenekoaren helburua da ikastetxeak itxi izanak adingabeengan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak murriztea.

Azken hiru programa horiek antzeko aurrekontua izango dute: 375.000 euro bideratuko dute Erdu programara, 303.000 euro doluan laguntzea helburu duen programara, eta 375.000 euro Lineako Eskola Berrindartzea izenekora.

Kasu guztietan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila elkarlanean arituko da arlo horretan lan egiten duten elkarteekin. Adibidez, Azken Sarea Indartzen izenekoan Caritasek, Gurutze Gorriak, Amugek, Bizitegik eta beste zenbait elkartek esku hartuko dute.Droga mendekotasuneko eta osasun mentaleko arazoak dituztenei zuzenduriko programan, berriz, Gizakia, Etorkintza, Agipad, Jeiki eta beste zenbait elkarteren laguntza izango dute.

Bost programa horiek gaurko Gobernu Kontseiluan onartuko dituzte, eta bat egingo dute joan den astekoan onartutakoarekin: Adi programa, bakarrik dauden pertsonei —adinekoei bereziki arreta psikologikoa eskaintzen diena. Beste lau programa diseinatzeko asmoa dute, iragarritako hamarrak osatu arte, baina horien berri aurrerago emango dute.

«Pertsonak onuradun»

«Programa horien bidez, izen-abizenak dituzten pertsonak izango dira onuradun, bizitza-proiektuak eta pandemiaren ondorioz eten behar ez diren etorkizuneko nahiak dituztenak», esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Horien bitartez «berehala erantzun nahi zaie ustekabeko eta premiazko beharrei edo pandemiak azaleratu dituztenei».

Artolazabalek gogorarazi duenez, programa horiez gain Jaurlaritzak Guztion Artean izeneko sarea ere antolatu du, Caritasen eta Gurutze Gorriaren laguntzaz. Herritarren arteko laguntza sare bat da, martxoaren 16tik lanean diharduena, eta orain arte zazpiehun lagun inguru artatu ditu.

Artolazabalen esanetan, lehenengo etapan, «kontrastean eta beharrak detektatzen» aritu dira, eta, aurrerantzean, «elkarlaneko eta sareko lanean» jardungo dute, betiere «hirugarren sektoreko erakundeekin abian dugun etengabeko elkarrizketa horri eutsiz eta finkatuz».

Jaurlaritzak koronabirusaren krisiaren ondorio sozialei erantzuteko prestaturiko diru poltsa berezi baten bidez finantzatuko dira Programa guztiak eta Guztion Artean elkartasun sarea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.