Urtebetean hirukoiztu egin dira asilo eskaerak Hego Euskal Herrian. Hain zuzen, 2018an, 1.919 eskaera egin ziren, eta, 2019an, 5.535. Beraz, 2019an aurreko urtean baino 3.616 asilo eskari gehiago egin ziren Hego Euskal Herrian. Iaz egindako eskarien ia erdiak (2.328) artatu zituen CEAR-Euskadi taldeak.
Eskaera egiten dutenen nazionalitateari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenkerari jarraituz, Venezuelakoak, Nikaraguakoak, Kolonbiakoak, Honduraskoak eta Georgiakoak dira gehienak. CEAR-Euskadik nabarmendu du artatzen dituzten gehienek 18 eta 35 urte artean dituztela, eta erdiak emakumeak eta beste erdiak gizonak direla.
«Gaur egun, iristen diren pertsona gehienak Latinoamerikakoak dira, eta aireportuetatik sartzen dira», azaldu du Patricia Barcenak, CEAR-Euskadiko zuzendariak. Gainera, salatu du iristeko zailtasunak jartzen zaizkiela iraupen luzeko gatazkak dituzten beste nazionalitate batzuetako pertsonei: adibidez, Siriakoei, Yemengoei eta Palestinakoei. Gaineratu du ibilbide «arriskutsuagoak» egitera behartzen dituztela. CEAR-Euskadik artatzen dituen pertsona gehienak giza hondamendietatik ihesi edo antolatutako krimenaren jazarpenarengatik etortzen dira.
Espainia mailako joera ere nahiko antzekoa izan da. 2019an, 118.264 pertsonak eskatu zuten asiloa, aurreko urteko bikoitzak baino gehiagok. Nazionalitateari dagokionez, Venezuelakoak dira gehienak (40.906), eta horien atzetik daude Kolonbiakoak (29.363), Honduraskoak (6.792), Nikaraguakoak (5.931) eta El Salvadorkoak (4.784). Horrenbestez, eskaeren %80 Latinoamerikako pertsonek egin dituzte.
Horien artean, gizonak dira %55 (64.541) eta emakumeak %45 (53.723). Adinari erreparatuz, berriz, asilo eskaera egin dutenen %20 inguru (22.373) adin txikikoak dira, eta erdiek (59.311) 18 eta 34 urte artean dauzkate.
Espainiako Gobernuak dagoeneko erantzun die iaz jasotako 60.198 eskaerari. Horietatik %66ri (39.776) giza arrazoiengatik babesa eman diete. Hau da, ez diete asiloa eman, baina denbora batean Espainian bizitzeko baimena izango dute. 1.653ri errefuxiatuen estatutua onartu diete, eta 1.503k babes subsidiarioa eskuratu dute ez zaie errefuxiatu izaera onartzen, baina jatorrizko lurraldera itzuliz gero ondorio larriak jasan ditzaketenei ematen zaie. Aldiz, Espainiak eskaeren %29 (17.266) baztertu ditu. Guztira, 3.156 pertsonari eman diete nazioarteko babesa errefuxiatuen estatutua eta babes subsidiarioa biltzen ditu, baina CEAR-ek asiloa jende gehiagori onartzeko eskatu du. Izan ere, urtebetean dezente jaitsi da kopurua %25 inguru izan ziren 2018an eta %5 2019an. Horrenbestez, Europako Batasuneko batezbestekotik (%30) oso urrun dago oraindik ere.
Aipatzeko modukoa da babesa onartzeko orduan alde handia dagoela eskatzen duenaren nazionalitatearen arabera. Bereziki nabarmentzekoa da Venezuelako kasua. Izan ere, 39.715 venezuelarrei onartu die babesa, eta 205 baztertu. Beste muturrean dago, esaterako, Kolonbia. Izan ere, 58 kolonbiarren babes eskaerak onartu dituzte, eta 5.168 ukatu.
Hego Euskal Herrian 5.535 asilo eskaera egin dituzte 2019an
2018an baino hiru aldiz jende gehiagok eskatu du asiloa. 3.395ek Bizkaian egin dute; 891k, Araban; 709k, Nafarroan, eta 540k, Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu