Iriarte EH Bilduko lehendakarigai

Hauteskunde primarioetara beste hautagairik aurkeztu ez, eta Maddalen Iriarte izendatu dute. «Indarrez, arduraz eta pozik» agertu da Iriarte

Maddalen Iriarte, atzo zortzi, EH Bilduko Mahai Politikoak bere hautagaitza proposatu ostean. JUAN HERRERO / EFE.
jon olano
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Joan den astean, EH Bilduko Mahai Politikoak Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izateko. Indar subiranistaren barne araudiaren arabera, igandean amaitu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta, beste hautagairik ez denez aurkeztu, Iriarte bera izendatu dute lehendakarigai, hauteskunde primarioen prozesu osoa egin beharrik gabe.

Iriarte donostiarra da (1963), eta Durangon bizi da, Bizkaian. Kazetaria da, eta ETBn aritu izan da urteetan. Joan den astean, haren hautagaitza aurkezteko agerraldian, adierazi zuen «ardura eta ohore handia» dela harentzat hautagai izatea. «Prest nago; indarrez nago erronka honi aurre egiteko». Eskerrak eman zizkion EH Bilduren Mahai Politikoari, eta hautagaitza gehiago aurkeztera deitu zuen, «eztabaida aberasgarria» delakoan. Atzo, izendapena ezagutarazi berritan, antzera mintzatu zen sare sozialetan: «Indarrez, arduraz eta pozik ekin diot erronkari. Ohorea da niretzat. Elkarrekin egingo dugu».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren inhabilitazioaren ondorioz, 2016ko hauteskundeetan Iriarte bera izan zen EH Bilduren lehendakarigaia, independente gisa sartuta, eta Mahai Politikoak apustu berari eutsi dio orain. Lehendakarigaia hautatu ostean ekingo dio EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatzeko prozesuari, eta martxoaren 9an amaituko du.

Beraz, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egiteko data zehaztuta ez badago ere, indar politikoak ari dira beren zerrendaburuak erabakitzen. EAJk martxoaren 7an berretsiko du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren hautagaitza, eta Elkarrekin Podemosen martxoaren 4an jakinaraziko dute nor nagusitzen den hauteskunde primarioetan —hautagaitza bat baino gehiago lehiatuko da lehendakarigaia aukera- tzeko—. PSE-EEko lehendakarigaia Idoia Mendia idazkari nagusia izango da. PPn ez dute erabakirik jakinarazi, baina, itxura guztien arabera, Alfonso Alonso PPko Euskal Autonomia Erkidego presidentea izango da lehendakarigaia. Legealdia udazkenean da amaitzekoa, baina litekeena da Urkulluk hauteskundeak udaberrira aurreratzea.

Otegi-Ortuzar kritikak

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak agerraldi bat egin zuen atzo goizean, eta EAJren jarrera jarri zuen kritiken jomugan. Nagusiki, osteguneko greba orokorrean EAJk argitaratutako iritziari egin zion erreferentzia: «Noiz bildu da EBB ostegun batean greba orokorraren balorazioa egiteko? Mespretxatu ditu sindikatuak, mobilizatu diren herritarrak, ezker independentista... Dena mespretxatzen da. Sektore kontserbadorearen bozeramaile lanak egiten ari da EAJ». Halaber, Otegik uste du Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea «obsesionatuta» dagoela EH Bilduk Euskal Herrian eta Madrilen izan dezakeen rolarekin: «Lehen aldiz, Espainiako Gobernua ezkerreko independentisten baitan dago. Laster ikusiko da Madrilen determinanteak garenean zer gertatzen den».

Ortuzarrek berak Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean kritikatu zituen EH Bildu eta Otegi: «Hemen otsoa dira, eta Madrilen, Txanogorritxo. Han, ezker abertzale berriaren itxura eman nahi dute, ezkerreko indarra dela, eta hemen, Euskadin, esentzien zaindariak dira. Politikan, koherentzia izan behar da, eta EH Bildu eta Otegi inkoherentziaren paladinak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.