Foro Sozialak «oztopo» izatea leporatu dio fiskaltzari

Motibazio politikoko delituengatik kartzelatuta dauden euskal presoei aplikatutako politikaren behatokiaren azken txostena aurkeztu dute

Teresa Toda, Aitzol Asla eta Agus Hernan, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorraren arabera, Auzitegi Nazionalak «blokeatu» egiten du euskal presoei ohiko espetxe araudia aplikatzea. Hala azaldu du motibazio politikoko delituengatik kartzelatuta dauden euskal presoei aplikatutako politikaren behatokiak bere seigarren eta azken txosten monografikoan. Txostenean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hirugarren graduen aurka egiteko erabili dituen argudioak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute haren jarrera «oztopatzailea» dela.

Egungo egoera «gazi-gozoa» da, Foro Sozialeko eledun Agus Hernanek azaldu duenez. Sakabanaketaren amaierari erreferentzia eginda —egun, zazpi preso daude Espainiako espetxeetan—, adierazi du «fase bat ixtear» dagoela, eta berri bati ekiteko markoa definituta dagoela: «Salbuespenezko politika guztiak desaktibatzea; biktimen minarekiko errespetua; gradu bilakaeren eta baldintzapeko askatasunen aplikazio arrunta; birgizarteratze prozesuetan preso proaktiboak».

Beste aldean, ordea, lobby «oso ideologizatu» bat dagoela adierazi du, presente dagoena eremu judizialean, polizialean, mediatikoan eta ETAren biktimen elkarte batzuetan. Hernanek uste du «bakea eraikitzeko prozesuan» urratsak egin ahala ahuldu egin dela lobby hori, baina Auzitegi Nazionalean «gotortu» dela: «Aiete baino 11 urte geroago inork aurreikusi ez zuen tapoia sortu dute».

Gotorleku hori aztertu dute Auzitegi Nazionalak baliogabetutako eta ezeztatutako baimenak eta hirugarren graduak txosten monografikoan. Izan ere, gizarteratzeko ibilbide indibidualizatuak garatzerako garaian, motibazio politikoko presoek arazoak topatzen dituzte, eta Foro Sozialak Auzitegi Nazionala jo du horren erantzuletzat. Izan ere, fiskalak helegitea jarri die Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen bi hereni, legez kanpokoak direla iritzita. Zehazki, orain arte, 37 hirugarren gradu onartu dituzte, eta horietatik 24ri helegitea jarri die fiskalak; era berean, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak presoaren gradu erregresioaren alde egin du hamabi kasutan.

Foroaren txostenaren arabera, baina, «ez da zentzuzkoa pentsatzea administrazioak hainbeste aldiz huts egin dezakeenik bere erabakietan». Hala, fiskalak legearen inguruan egiten duen interpretazioan «inboluzio nabariki ideologiko bat» dagoela uste du. Finean, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako «osoko zuzenketak» baitira, Hernanen esanetan.

Txostenaren arabera, fiskaltzak hirugarren graduen kontra egiten du, baina Eusko Jaurlaritzaren ebazpenen edukiak aztertu gabe. Arlo bakarrean zentratzen dela azaldu du: espetxeetako lege organikoko 72.6 artikuluaz egiten duen interpretazioan.

Haren arabera, euskal presoek frogatu behar dute ez dutela loturarik ETArekin, eta bi modu dituzte horretarako: batetik, indarkeria baztertu izana adierazten duen eta biktimei barkamena eskatzen dien adierazpen bat egitea. Bestetik, espetxeetako tratamendu batzordeen txosten teknikoek hori egiaztatzea. Foro Sozialak, baina, salatu du fiskaltzak lehen aukera soilik hartzen duela kontuan, eta modu hertsian.

«Kasu guztietan daude adierazpen pertsonalak, progresioa jasotakoek idatziak; haien terminoetan, egindakoaren ardura hartzen dute, kaltetutakoei egindako mina onartu, horiekiko errespetua eta enpatia adierazi, eta berriz ez egiteko konpromisoa esplizitatu», azaldu du txostenean. Fiskalak, baina, gaitzespen eta barkamen terminoak erabiltzeko exijitzen du. Eta, hala egiten denean ere, horien «zintzotasuna» zalantzan jartzen du.

Gainera, beste bi argudio ere erabili ohi ditu fiskaltzak. Batetik, euskal presoak ez direla ezarritako erantzukizun zibila ordaintzen ari, edo ez dituztela behar adinako ordainketak egiten. Foro Sozialak, ordea, espetxeetako lege organikoaren 72.5 artikuluaren interpretazio hertsia egitea leporatzen dio. Izan ere, haren arabera, nahikoa da presoek hura ordaintzeko borondatea izatea. Foroak azaldu du espetxean urte asko daramatzaten herritarrak direla, haien ondasunak enbargatuta dauzkatela, eta oraintsu arte ezin izan dutela lan egin espetxeetan, lehen graduan zeudelako. Halere, haien irabazien araberako ordainketak egiten ari direla gogoratu du.

Bestetik, aurrez espetxe baimenik eduki ez izana ere argudiatu izan du fiskaltzak. Kontua da, baina, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala izaten dela, fiskalaren txostena tarteko, presoei galarazten diena halako baimenak izatea. «Fiskaltzak kontzienteki ixten du baimenetarako sarbidea eta, jarraian, irmotasun berarekin egiten du hirugarren graduen kontra presoek ez dutelako baimenik izan».

Premia berriak

Fiskaltzaren eta epaitegien jarreraren aurrean, Foro Sozialaren behatokiak «premiazkotzat» jo du 7/2014 eta 7/2003 legeak indargabetzea. Lehenak Frantzian betetako zigor urteak zenbatzea galarazten du egun, euskal presoen espetxe urteak luzatuta. Bigarrenak, berriz, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak «oztopatzeaz» gain, gehienezko espetxe urte kopurua areagotu zuen: 30 urtetik 40ra. Izan ere, foroak uste du ez duela «zentzurik» 2003ko testuinguruan garatutako lege erreforma horri eusteak 2023an: «Hamabi urte igaro dira ETAren amaiera efektibotik. Zentzudun inor ez litzateke ausartuko esatera berriz erortzeko arriskua dagoela».

Era berean, Hernanek aipatu du iheslari eta deportatuen aferari ere heldu behar zaiola, egun «agendatik kanpo» baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.