Ez da behin betikoa, baina bide bat markatzen du. Espainiako Kongresuak Abortuaren Legearen erreforma onartu du, aldeko 190 boto jasota; aurka bozkatu dute PPk, C's-ek eta Voxek, 150 boto bilduta; eta bost abstentzio izan ditu. Emakumeen eskubideen aldeko zenbait neurri jasota daude testuan. Esaterako, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik beharko abortatzeko, sexu heziketa beharrezkoa izango da hezkuntza etapa guztietan, eta hilekoarekin lotutako osasun gaiak ere barne hartzen ditu lege testuak. Ondo bidean, Senatutik igaro ostean indarrean izango da Hego Euskal Herrian.
Abortuaren arloan egon dira nobedade nagusiak: abortatu nahi duten emakumeei ez diete emango eskura dituzten baliabideen berri —esaterako, amatasunerako laguntzen berri—, eta ez dituzte derrigorrez hiru egun hartu beharko pentsatzeko. Kontzientzia eragozpena adierazten duten profesionalekin zerrenda bat ere egingo dute, eta ezingo dira batzorde klinikoetan egon. Gainera, ez dute azken hitza edukiko 22 aste baino gehiagoko haurdun dagoen emakume batek abortatu dezakeen erabakitzeko, eta andreek bide jurisdikzionaletik jotzeko aukera edukiko dute. Halaber, Irene Montero Berdintasun ministroak ziurtatu du bermatuko dutela emakumeek gertuen daukaten ospitale publikoan abortatu ahal izatea. Horrenbestez, ospitale publikoak izango dira erreferentziazkoak abortatzera joan behar izanez gero.
Bestelako zenbait gairen inguruko erabakiak ere hartu dituzte. Besteak beste, hileko minbera duten emakumeek bajarako eskubidea izango dute. Hiru eguneko baja hartu ahal izango dute, bostera luzatzeko aukerarekin hilekoak oso gogorrak direnean. Bestalde, haurdun daudenek 39. astetik hartu ahal izango dute baja. Gainera, hilekoarentzako produktuak banatuko dituzte ikastetxeetan eta kartzeletan, eta ezinbestekoa izango dasexu heziketa hezkuntzako etapa denetan ematea.
«Sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko araua» dela esan du Irene Montero Berdintasun ministroak. Arauaren helburu nagusia izango da «abortatzeko eskubidea bermatzeko trabak kentzea», baina askoz harago doa: ministroak azaldu duenez, «ugaltzearekin, sexualitatearekin eta menstruazioarekin lotutako eskubide gehiago» bermatu nahi dituzte lege horren bitartez.
16 urtetik gora dutenek baimenik gabe abortatu ahal izango dute
Espainiako Kongresuak Abortuaren Legearen erreforma onartu du. Senatuaren onespena baino ez da falta indarrean jarri ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu