EAEko Auzitegi Nagusiak eman du azken hitza, oraingoz: haren arabera, ezin zaio jarri helegiterik larunbaterako euskal presoen eskubideen alde Arrasaten (Gipuzkoa) antolaturiko protestari, halako mobilizazioak soilik komunikatu egin behar baitira, eta ez baimendu. Beraz, adierazi du ez duela debekatuko martxa.
Analisia.Maddi Ane Txoperena Iribarren: Galga «bigarren faseari»?
Jupol Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiak eta Jucil Guardia Zibilaren elkarteak jarritako helegite bati erantzunez eman du erabakia, eta bi taldeek gogor salatu dute auzitegiaren autoa. «Kezka» agertu dute, halaber, haien ustez auzitegiak «saihestu» egin duelako martxa debekatzeari buruz iritzia ematea. Adierazi dute «errespetatzen» dutela ebazpena, baina ez dutela harekin «bat egiten»: «Ez du kontuan hartu ETAk eraildakoen tragedia eta familien mina, zeinek ikusi beharko baitute nola indarkeriaren eta terrorearen jarraitzaileek zuzenbide estatuarekiko amorrua eszenifikatzen duten elkarretaratze miserable batean».
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eskatu du «liskarra saihestu» dadila Arrasateko ekitaldietan. Izan ere, Sarek antolaturiko protesta ez da mobilizazio bakarra: PPk eta Voxek ere jakinarazi dute Gipuzkoako herrian izanen direla egun horretan. PPk ekitaldi bat antolatu du egun bererako, «terrorismoaren biktimei» zuzenduta, eta Voxeko Santiago Abascalek herrira agertzeko asmoa erakutsi du. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi du dauden deialdi guztiak aztertuko dituela, eta, «beharrezkoa balitz», «argibideak» emanen dituela «talka bortitzak eragozteko».
Olanok atzo Onda Vasca irratian adierazi zuenez, haren ustez «legitimoa» da Sarek 7/2003 legearen eta zigor luzeen aurkako protesta bat antolatu izana, baina «akats larria» iruditzen zaio non eta nola antolatu den. Haren hitzetan, izan ere, «Arrasaten egiteak Parotekin lotzen» du ekitaldia, eta «kolpe handia» eragiten die horrek «terrorismoaren biktima askori», sortzen duen «identifikazioagatik».
EAJkoak Espainiako eskuinaren jokamoldea ere salatu du, haren iritziz «terrorismoaren biktima askok behin eta berriro» salatu baitute «onura partikularretarako erabiltzen» dituztela. Olanoren hitzetan, helburu politiko horiekin eskuinak «gizarte zatiketa» sortzen du, eta «ernegu handiagoa». Ernegu hori alde batera uzteko deia egin du, «testuinguru horretan gehien sufritzen dutenak biktimak» direlakoan.