Bost egun besterik ez da gelditzen Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saiorako, baina dagoeneko badago mugimendua Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Abuztuaren 3an eratu zen legebiltzarra, eta, hilabete pasatuta, datorren ostegunean hautatuko dute lehendakaria. Eta bide horretan, bi hautagaiek eman dute izena: EAJko Iñigo Urkulluk —hirugarren legealdia luke—, eta EH Bilduko Maddalen Iriartek. Atzo amaitzen zen hautagaiak aurkezteko epea. Joseba Egibarrek erregistratu zuen Iñigo Urkulluren izena, eta Jasone Agirre eta Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideek Maddalen Iriarterena. Voxek ez du azkenean hautagairik aurkeztuko.
Egibarrentzat, Urkullu da koronabirusaren ondorioz sortutako krisiari aurre egiteko hautagai egokiena: «Esfortzua, kudeaketa eta determinazioa ditu», eta, gainera, berriro ere lehendakari hautatzea «ohorea eta ardura politikoa» dela dio. Hirugarren legealdia luke Urkulluk, eta PSEk eta EAJk aurreakordioa itxita, bera izango da hautatua ostegunean.
Edonola ere, aurreko legealdiko inbestidura saioan egin moduan, EH Bilduk ere aurkeztu du bere proposamena, eta Iriarte izango da indar abertzalearen lehendakarigaia datorren ostegunean. «Erantzukizun politikoagatik» egin dutela esan du Arnaldo Otegi taldeko koordinatzaile nagusiak. Urte politikoaren hasierako ekitaldia egin zuen atzo EH Bilduk, Uharten (Nafarroa), eta bertan Otegik esan zuen «gizarte eredu sozial alternatibo bat» eraikitzeko bidea urratu nahi dutela.
Egibarrek, ordea, nabarmendu du «alternatiba» jeltzaleak direla, eta ohar egin dio indar subiranistari: «Alternatibaren alternatiba dira. EH Bilduk ez ditu emaitzak onartu. Herriak hitz egin du».
Herenegun jakinarazi zuten sozialistek eta jeltzaleek aurreakordioa itxia dutela, eta, ezustekorik ezean, Urkullu hautatuko dute ostegunean lehendakari, gehiengo osoarekin. Oraingoz, ez dago ituna erabat itxita, baina Urkulluk esan du egindako lanarekin «pozik eta gustura» dagoela. EAJko iturrien arabera, astelehenean berretsiko dute bi aldeen oinarriek akordioa, eta ostegunera bitarte jakinaraziko dituzte itunaren xehetasun gehiago. Halere, Egibarrek aitortu du desadostasun nagusiak autogobernuaren aferan dituztela bi alderdiek. Hain justu, jeltzaleek eta sozialistek argitan emandako gobernu programaren aurreakordioa kritikatu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkideak eta lehendakarigai izandakoak. «Borondate onez jositako bost orri» direla dio Gorrotxategik, baina «zehaztasunik gabekoak». Haren esanetan «edonork babesteko modukoa» da itunaren zirriborroa, eta politika fiskalak ere ez dira zehazten: «Ez dute ezer esaten, ez dituztelako xehetasunik ematen, aldaketa sistema progresiboan izango dela esateaz gain».
Halaber, jakinarazi du Iriarteren hautagaitza ez dutela babestuko: «Ez du aurrerabiderik».
Lehendakari izateko bi hautagai
EAJk Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztu du; EH Bilduk, Maddalen Iriarterena. Etzi onartuko dute gobernu ituna jeltzaleek eta sozialistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu