Hogei urte baino gehiago igaro dira Castejonen (Nafarroa) ziklo konbinatuko zentral termikoen multzo bat jartzeko tramiteak hasi zituztenetik. Garapen ekonomikoa ziurtatu eta energia berriztagarrien sektorea indartzeko «inbertsio estrategiko» baten gisara aurkeztu zuten proiektua Miguel Sanzek, Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariak, eta Elerebro enpresako arduradunek.
Espainian, proiektua txalotu zuen Jose Maria Aznarren gobernuak ere: zentral termikoak Nafarroa «eraginkortasun energetikoaren esparruan eredu eta ondare teknologikoan aitzindari» bihurtuko zuela iragarri zuen Rodrigo Rato Ekonomia ministro ohiak —Soto del Real espetxean preso dago gaur egun, bidegabeko jabetze delituagatik—. Ordutik, aurreikuspen ekonomiko optimistak gorabehera, auzibide eta epaitegiei lotuta azaldu da Castejongo zentral termikoen jarduna.
Orain bi aste heldu zen Elerebroren zentralaren kontrako azken epaia: Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio herriko bizilagun talde bati, berretsi du zentral termikoak ez duela betetzen ingurumen araudia, eta neurriak hartzeko agindu dio Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiari. Azpiegitura energetiko horrek Auzitegi Gorenean jasotako hirugarren heriotza agiria da honakoa; zazpigarrena, Madrilgo nahiz Iruñeko beste auzitegietan jasotako kontrako epai guztiak batuta. Horrek ez du, baina, zentral termikoaren jarduna oztopatu. Aurkako sententziak pilatuta ere, martxan dago oraindik.
Baimenak, legez kanpo
Elerebro enpresak —Hidrocantabrico taldearen barruan dago, eta, gaur egun, EDP multinazional portugaldarraren esku— 2002an zabaldu zuen 400 megawatteko ziklo konbinatuko zentral termikoa, Castejon 1 izenekoa. Handik hiru urtera, 2005ean, zentrala handitzeko baimena eman zuen administrazioak, eta horrela jarri zituzten martxan hurrengo proiektuak ere: Castejon 2 izeneko nukleoa, Iberdrola enpresarena, eta Castejon 3, Elerebrorena berarena. Hiruren kontra azaldu dira bizilagun talde bat eta elkarte ekologistak, baina Elerebroren multzoa da auzitegiek «legez kanpokotzat» jo duten bakarra, atzera bota baitituzte Nafarroako Gobernuaren UGEP udalez gaindiko eragina duen plana, Espainiako Industria Ministerioak 2005ean emandako lizentzia eta ingurumen eraginari buruzko txostena. Azpiegitura horren baimen guztiak, alegia.
2008. urtean heldu zen Castejongo zentralaren aurkako lehen kolpe judiziala: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen azpiegitura eraikitzeko erabilitako UGEPa. 2013an, berriz, bigarren zartakoa jaso zuen Elerebrok, Madrilgo Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo baitzuen administrazioaren baimena, garai hartako ingurumen legedia urratzen zuela ebatzita.
Zehazki, zentral termikoaren jarduna «gogaikarria, kaltegarria eta arriskutsua» dela nabarmendu zuen epaileak ebazpen hartan, eta azpimarratu zuen Castejongo zentralak «oinarrizko araudia» ere ez zuela betetzen: eraikina herritik 500 metrora altxatu zuen Elerebrok, eta gutxienez 2.000 metrora egon beharko luke.
Epaiaren kontrako helegitea jarri zuen enpresak, baina 2016an Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen erabakia. 2017an, ordea, Madrilgo Auzitegiak uko egin zion Gorenaren epaia betearazteari —eta, ondorioz, zentralaren itxiera agintzeari—, ebazpena «adierazpen hutsa» zela iritzita.
Orain, Auzitegi Gorenak zuzendu egin du Madrilgo epailearen interpretazio hori: magistratuak zehaztu du 2016ko sententzia bete beharrekoa dela, eta hori bermatzeko agindu dio Madrilgo auzitegiari.
Epaiaren aurrean, zuhur
Sustrai Erakuntza fundazioak «pozik baina zuhur» hartu du Gorenaren ebazpena. Gogorarazi du aurretik ere Auzitegi Goreneko epaileek «bi aldiz» jo izan dutela zentrala legez kontrakotzat, eta administrazioek ez dutela inongo neurririk hartu: «Espainiako Estatuko administrazioak sekulakoak eta bi egin ditu legez kanpoko jarduera hori iraunarazteko, eta, bitartean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratu du. Zer gehiago behar dute zentralaren jarduera bertan behera uzteko?».
Sustrai Erakuntza fundazioak beste auzi batekin lotu du zentral termikoena: Castejon eta Muru Artederreta arteko linea elektrikoarekin, hain zuzen. «Une honetan, bada proiektu bat linea hori Itsasoraino (Gipuzkoa) eramateko. Linea horren helburua izanen da Castejongo eta beste hainbat herritako zentraletan sortutako energia hori Frantziara garraiatzea», salatu dute fundazioko arduradunek.
Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak, hain zuzen ere, jendaurrean salatu ditu berriki asmo horiek. Proiektuak 49 herri ukituko lituzke; eta herri horietako udalek jasoa dute proposamena, aztertzeko. Nafarroako 463 hautetsik azpiegitura horren aurkako agiria sinatu dute jadanik, eta mobilizazioak iragarri dituzte datozen asteetarako.
Pablo Lorente: "Lobby energetikoa ukiezina da"
Zentralaren zazpi heriotza agiriak
Castejongo zentral termikoa legez kanpokoa dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ixteko agindua berretsi. Kontrako zazpigarren sententziaren ostean, azpiegitura «behingoz» desegiteko eskatu du Sustrai Erakuntza taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu