Baztango (Nafarroa) bizimodua nola antolatu Baztanen erabakitzea. Horixe izan zen atzo ehunka lagunek Elizondoko karriketan eskatu zutena. Magnak meategi bat paratu nahi du Erdizen, eta proiektuaren kontra agertu ziren atzo karrikara atera zirenak. Erabakia han hartu nahi dute; hori argi utzi zuen Leire Arraztoak bukaerako hitzartzean: «Ez digute erran behar ez Madrildik, ez Iruñetik gure herri lurrak nola kudeatu eta zaindu, gure ura eta airea garbi nola atxiki, ezta gure lanaren balioa zein den ere. Argi erran nahi dugu hemen herri duin eta burujabe bat dagoela, bere geroaren jabe dena, eta izanen dena».
Mezuak argiak ziren manifestazioaren buruan. Behi, pottoka eta ardi saldoak joan ziren aitzinean, errepidean kaka arrastoak utziz. Joaldunak ondoren, dulun-dulun. Nekazariek eusten zuten pankartak zera zioen: Landa eremuaren defentsan, Erdiz bizirik. Atzean goitik behera zuriz jantzitako lagunak, ahoa estalirik zuten maskarak paratuta, eta hautetsontzi handi bat bizkar gainean eramaten: Herriarena da hitza zuen alboan idatzita. Eta atzean jende saldoa, bi mila inguru antolatzaileen arabera. Bandera fuksiak airean, eta, tarteka, bi oihu, karrika estuetan ozen aditzen zirenak: «Magna, lapurrak, ez ebatsi lurrak» eta «Erdiz bizirik!».
Leire Arraztoa eta Naia Mailon arduratu ziren bukaerako hitzez. Lehenbizi ohartarazpena egin zuen Arraztoak: «Ez da gure lurrak ebastera eta xehatzera etortzen diren lehenbiziko aldia, ezta herri gisa dugun indarra gutxiesten duten lehenbiziko aldia ere». Haien asmoen berri eman zuen Mailonek gero: «Oztopo guztien gainetik kanporatu ditugu lehen [multinazionalak], eta kanporatuko ditugu orain».
Baztanen multinazionalek proiektuak egin nahi dituztenean «trikimailuak» eta «joko zikina» erabiltzen dituztela salatu zuen Arraztoak: «Badakigu UGEP eta Foru Intereseko izendatzen dituztela proiektu hauek tokiko erakundeen gainetik inposatzeko. Badakigu inongo lotsarik gabe demokraziaren izenean herri galdeketak debekatzen saiatzen direla». Are, «joko zelaia eta epaileak erosita» jokatu nahi izatea leporatu zieten.
«Bizitzaren alde»
Proiektuaren kontra zergatik dauden ere azaldu zuten manifestazioaren bukaeran. «Nekazaritza estentsiboa, ingurumenaren zaintza eta turismo jasangarria ez dira bateragarriak Magnak egin nahi duen meategiarekin». Izan ere, proiektu horrek lurrak «xehatu» eta «bizitzen kontra» egiten dutela uste dute. Guztiaren kontra daudela esaten dietenei ere erantzun zien Mailonek: baietz, gauza batzuen kontra badaudela: «Eremu babestuak eta bazkalekuak xehatzearen kontra, ura eta airea kutsatzearen kontra, eta gure lurra eta diru publikoa ebatsi nahi duten multinazionalen eta politikarien kontra». Eta, era berean, gauza batzuen alde ere badaudela: «Erdizen alde gaude. Ur garbien, herri lurren, gure bizimoduen eta kulturaren alde. Nekazaritza, lanpostu eta turismo jasangarriaren alde. Herritarren osasunaren alde eta bizitzaren alde». Beste ohartarazpen bat ere egin zuen: «Hala ere, ez dugu etsiko, manipulatu ezin dituzten eremuak baitaude». Beraz, alor horretan «irabazi arte» borrokatuko direla esan zuen.
Manifestazio jendetsua izan zen atzo arratsaldekoa. Eskualdeko eragile sozial askok bat egin zuten protestarekin, baita Baztango herri gehienek ere: hamabostetatik, denek, Almandozek eta Elbetek izan ezik. 2007an sortu zen Erdiz Bizirik taldea, eta 2008an Magnak proiektua bertan behera utzi zuen aurretik protesta jendetsuak egin ondoren. Enpresak 2019an adierazi zuen proiektua berriz martxan paratzeko asmoa.
Erdizen meategia egitearen kontra, karrikara atera dira Baztanen
Magnaren proiektuari buruz herritarrek erabaki beharko luketela aldarrikatu dute. Ehunka lagun batu dira «landa eremuen defentsan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu