Emakumeek hamalau asteko epea izanen dute abortatzeko Ipar Euskal Herrian. Atzo onartu zuen legea Frantziako Parlamentuak; orain arte, hamabi astekoa zen abortatu ahal izateko epea. 135 diputatuk egin dute alde; 47k, berriz, kontra, eta bederatzi abstenitu dira. Legearen defendatzaileek emakumeen eskubideen aurrerapen historikotzat jo dute.
Nabarmentzekoa da abortatzeko epearen luzatzeaz gain beste neurri batzuk ere biltzen dituela legeak. Batetik, emaginek abortu kirurgikoa egiten ahalko dute ospitaleetan. Bestetik, erremedio bidez abortatzeko epea zazpi astekoa izanen da —orain arte, bostekoa zen—; lehen konfinamenduan dekretu bidez epe hori luzatzea onartu zuten, itxialdiaren ondorioz. Gainera, orain arte, abortatu nahi zuten emakumeek bi eguneko «gogoeta epe» bat bete behar zuten derrigorrez ebakuntza egin aurretik; legeak bi eguneko epe hori kendu du. Bestalde, eskualdeetako osasun agentziek abortua egiten duten medikuen zerrenda argitaratu beharko dute. Haatik, Frantziako Asanbleak ez du onartu aborturik egin nahi ez duten medikuak babesten dituen «kontzientzia klausula» kentzea.
Ibilbide luzea
Albane Gaillot eta Marie-Noelle Battistel diputatuek aitzinera eraman dute proiektua, eta gehiengo presidentzialak ere babestu du. Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak, ordea, prentsan erran zuen ez zela «baitezpada» epe hori luzatzearen alde. Gaillotek eta Battistelek abortatzen duten emakumeen inguruko txosten bat landu zuten 2020an, eta, ikerketaren arabera, Frantziako Estatuan urtero 2.000 andretik gora behartuak dira beste herrialde batzuetara joatera abortatzera, hamabi asteko epea pasatua baitute. Hala, 2020ko agorrilean pausatu zuten lege proposamena, epea hamalau astera luzatzeko.
Lege proiektuak ibilbide korapilatsua izan du, eta eztabaida sutsuak eragin ditu diputatuen eta senatarien artean. Horren adierazle da Frantziako Senatuak lege proiektua bi aldiz atzera bota izana. Nolanahi ere, Frantziako Asanbleak du azken hitza, eta promulgazioaren beha egon beharko da orain neurriak zinez indarrean sartzeko.
Ikusi gehiago: Hegoaldeko ospitaleek abortuetarako profesionalen bat beharko dute, erreforma onartuz gero
Frantziako Asanbleako diputatu zenbait mintzatu ziren atzo, legearen kontrako jarrera adierazteko. Kritikatu zuten epea luzatzeak «emakumeen eskubideen eta bizitzeko eskubidearen arteko desoreka» bat sortzen duela. Hori entzunik, legearen defendatzaile Sylvia Pinel diputatuak oroitarazi zuen «etengabe adi» egon behar dela emazteen eskubideen arloan, «erraz» egiten ahal baitute atzera.
Bada, elkarte feministek erabakia txalotu dute, aspaldiko eskaera baita: iragan urteko apirilean, hain zuzen, 343en manifestu berria publikatu zuten, hamabi asteko epea «eskasa» dela salatzeko. 1971n Frantziako Le Nouvel Observateur kazetan publikatutako 343en manifestua-ri egin zioten erreferentzia: legez kanpo abortatzera behartuak ziren 343 emakumek abortu eskubidea galdetzeko agiri bat izenpetu zuten orduan. Hala, Euskal Herri osoan hamalau astekoa izanen da abortatu ahal izateko epea; Hegoaldean, hala da 2010etik.