Koronabirusa

Maiatzetik izandako kutsatze kopuru handiena atzeman dute: 911 pertsona

Nafarroak izan du kutsatu gehien: 425 positibo. Mila dira denera Saloura eginiko bidaia batean kutsatutako Nafarroako ikasleak

Erizainak PCR probak egiten Aguraingo baheketan. RAUL BOGAJO /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Pandemiaren egoera marrazten duen kurba epidemiologikoaren lerroa ia bertikala da dagoeneko. Izan ere, Osakidetzak eta Osasunbideak 911 positibo atzeman zituzten herenegun, maiatzaren 1etik izandako positibo kopururik handiena. Positibo tasak ere nabarmen egin du gora, eta egindako 12.412 diagnostiko proben %7,34 izan ziren positibo, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean izateko gomendatutako %5eko mugarritik gora. Aurreko egunetan legez, Nafarroa da positibo gehien atzeman duen herrialdea, 425 guztira. Hala ere, aurreko eguneko datuekin alderatuta, jaitsiera nabaritu da. Hori herrialdeko kutsatzeek «goia jo» dutelako izan daitekeela uste du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Dena den, Nafarroako kasua salbuespena izan da, gainontzeko lurraldeetan kutsatzeen gorakadak jarraitu baitu: 220 kasu detektatu dituzte Gipuzkoan, 194 Bizkaian eta 57 Araban.

Ospitaleen egoera pandemia neurtzeko «funtsezko faktorea» dela adierazi du Remirezek, eta, hain zuzen ere, gehitu du egungo kutsatze berriek horretan zein eragin izango duten adi jarraitzen ari direla. Datuen igoera nabarmena bada ere, horrek ez du islarik izan, oraingoz behintzat, ospitaleratzeetan. Guztira 119 lagun erietxeratuta daude orain Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan, aurreko egunetako joera bertsuan. Azken datuen arabera, 38 daude ZIUetan, herenegun baino sei gutxiago.

Birusa berriz gora badoa ere, ugariak dira goraldi berria besteekiko ezberdina izango dela diotenak. Izan ere, kutsatuen ia gehienak adin tarterik gazteenetan izan dira orain: Osasunbideak atzemandako kutsatuen artean %86k 15 eta 28 urte artean dituzte. Osakidetzak, berriz, jakinarazi du kutsatuen %45ek baino gehiagok 19 eta 39 urte artean dituztela.

Kutsatze mailak gora egin ahala, bide bera hartu du aldaera berrienak ere, eta Delta aldaerakoak dira jada Osakidetzak sekuentziatu dituen kasuen %33. Handiagoa da ehunekoa Nafarroan, kasu guztien %70 eta %80 arteanaldaera horren ondorio dira, Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendariak esandakoaren arabera.

Udako agerraldiak

Adin tarte gazteenetako positibo tasa, beraz, gora ari da etengabe, eta Artundok uste du kutsatze berrietako asko ikasturte bukaeretako bidaietako kutsatzeetatik datorrela. Berak emandako azken datuen arabera, Saloun (Herrialde Katalanak) izandako ikasleen artean 260 positibo berri atzeman ditu Osasunbideak, eta, beraz, jada mila inguru atzeman ditu, Iruñean eta Tuteran egindako baheketetan bidaia horiekin lotuta. Baheketetan egindako proba guztien erdiak dira, Artundoren hitzetan, eta hori «izugarrizko positibo tasa» dela iritzi dio. Dena den, baikor aztertu du egoera, haren hitzetan, ikasturte bukaerako bidaietan kutsatu diren gazteen gurasoen «ehuneko oso handi batek» jada txertoaren bi dosiak jasoak baititu. Hartara, «babestuta» daudela azaldu du.

Eusko Jaurlaritzak ere eman du era horretako kutsatzeen berri. Duela aste bi jakinarazi zuen Mallorcan (Herrialde Katalanak) zeuden ikasle batzuen artean kutsatzeak areagotzen hasi zirela, eta, datuen azken eguneraketaren arabera, 267 dira bidaia horietan kutsatu diren ikasleak. Era berean, Mallorcan, Saloun edo Conil de la Fronteran (Cadiz, Espainia) izandako 16 eta 18 urte arteko gazteei PCR proba egiteko deia zabaldu die Osasun Sailak, lurralde horietan gertatzen ari diren kutsatzeen gorakadei lotuta.

Era berean, agerraldi bat izan da Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusetik Bordelera (Akitania Berria) joandako ikasleen artean ere: unibertsitateak jakinarazi du 30 ikasle kutsatu direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.