Koronabirusa

Nafarroako eskolak «egokitzeko» beharra onartu du Gimenok

Hezkuntza kontseilariak azaldu du «plan bat» garatu beharko dutela, irailean ikasleen ratioa murriztu behar bada. Datorren ikasturtean 11 ziklo berri emango dituzte Lanbide Heziketan

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Dena egiteko. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok aitortu du «egokitzapen ugari» egin beharko dituztela Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak ikasturte hasierarako iragarri zituen neurriak aplikatze aldera [COVID-19aren aurkako txertorik ezean, ikasgela bakoitzean gehienez 15 ikasle egon ahalko dira]. Kontseilariak ziurtatu du, halere, irailerako «prest» izanen dutela «ongi garatutako plan bat» eta, helburu horrekin, «hezkuntzako eragile guztiekin eta parlamentuko talde guztiekin hitz egiteko» asmoa agertu du.

«Aurrez aurreko eskolak etenda, bizi dugun egoera ezohikoa eta berezia da erabat», azaldu du Gimenok. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak «halako egoerei aurrea hartzeko gaitasuna» izan behar duela gaineratu du: «Irailera bitartean, hezkuntza-komunitate osoarekin lan eginen dugu, gerta daitekeena aurrez ikusten saiatzeko eta aukera guztiak aztertzeko».

Egin beharreko egokitzapenen artean aipatu ditu, besteak beste, «eskoletako espazioen, eskola orduen, osasun baldintzen eta higiene elementuen azterketa sakona», eta baita «ekipo informatikoen hornidura» bermatzea ere, formakuntza telematikoari euste aldera. Hain zuzen, kontseilariak nabarmendu du 1.500 gailu erosi dituztela, eta beste 5.000 izanen dituztela prest maiatzaren bukaerarako.

0-6 urtekoen eskolak maiatzaren 25ean zabaltzeko aukerari dagokionez, berriz, Gimenok esan du Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak jarrera «proaktiboa» izan dutela, eta «eragile guztiekin» ari direla hizketan, auziari konponbidea emate aldera: «Nafarroako Eskola Kontseiluaren irizpenaren zain gaude, baina parte hartze prozesu bat abiatu dugu hezkuntzako eragile guztiekin eta parlamentuko talde guztiekin, ahalik eta konponbiderik onena hartzeko».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte ere gaur 12:30ean da agerraldia egitekoa, ikasturte bukaeran aurrez aurreko eskolak berrezartzeko prozedura eta antolaketa azaltzeko.

Eskaintza zabalagoa LHn

Gimeno kontseilariak, bestalde, atzo aurkeztu zuen 2020-2021 ikasturterako Lanbide Heziketako zein Arte Plastiko eta Diseinuko eskaintza. 4.545 plaza izanen dira guztira (iaz baino % 6 gehiago), eta 130 titulazio. Izena emateko epea zabalik izanen da maiatzaren 25etik ekainaren 5era. Aurten, estreinakoz, aurreinskripzio telematikoa eskainiko dute. Aurtengo berritasun nagusia, baina, Lanbide Heziketa Dualeko eskaintza handitzea izanen da. Guztira, iaz baino 11 ziklo gehiago emango dituzte: bost maila ertainekoak, hiru goi mailakoak eta beste hiru Lanbide Heziketa Berezikoak. Horietatik bi besterik ez dute euskaraz eskainiko.

Honako hauek dira titulazio berriak: Oliba-olioetako eta Ardoetako teknikaria, Farmazia eta Parafarmaziako teknikaria, Kimika eta Ingurumen Osasuneko goi teknikaria, Mekanizatuko teknikaria (euskaraz), Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonak Artatzeko teknikaria, Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, Energia Berriztagarrietako goi teknikaria, Animazioko goi teknikaria, Sistema Mikroinformatikoen Muntaketa eta Mantentze Eragiketetako laguntzailea, Gozogintza eta Okintzako Eragiketetako laguntzailea eta Jarduera Balioaniztuneko laguntzailea (euskaraz).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.