G7koen goi bilera Miarritzen. Ondorena

Laguntza juridikoa eman duen taldeak eskubide urraketa larriak salatu ditu

Legal Teamekoek jakinarazi dute 23 pertsona auzipetu dituztela protesta egitea egotzita, eta legez kanpoko prozedurak egon direla

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Kontragailurrak iraun duen bitartean, militantez eta abokatuz osaturiko talde batek bere gain hartu du partaideen defentsa kolektiboa. Legal Team dute izena, eta prebentzioa eta oinarrizko babes juridikoa ematea izan dute helburu. Protesten garaian, telefono bidezko zaintza egin dute atxiloaldian zirenen hurbilekoei laguntza emateko helburuarekin, eta, atzo jakinarazi zutenez, ehun afera segitu dituzte egun horietan. Azaldu dute 164 interpelazio izan direla eta horietarik ehun bat kasutan atxiloaldia izan dela —azken atxiloaldia astelehenean bukatu zen—. Horrez gain, esan dute sei pertsona espetxeratuak izan direla eta horietarik bat baldintzapean aske utzi dutela epaiketa egin bitartean. Momentuz, 23 pertsonak izango dute epaiketaren bat datozen asteetan —irailaren 9tik abenduaren 3ra arteko epean—. Taldeak erran du gehienak «molde prebentiboan» atxilotuak izan direla, «protestetan parte hartu gabe».

Legal Teamek salatu du justiziak «defentsa eskubideari traba larriak» ezarri dizkiola. Esaterako, hiru gazte alemaniar kartzelara sartu dituztela errepideko kontrol baten ondotik, eta bi eta hiru hilabete arteko zigorrak ukanen dituztela, «bortizkeriak egiteko sorturiko talde bateko kide izatea» egotzita. Defentsarako kolektiboak esplikatu du atxilotu bati baino gehiagori ukatu egin diotela abokatua bere kabuz aukeratzea —Legal Teamekoa izendatu arren—, eta norberak hautatu gabeko abokatua izendatu diola Poliziak. Kasu batzuetan, Legal Teameko abokatuak esku artean zituen atxilotu horien ordezkaritza bermeak —egoera pertsonala frogatzen duten agiriak—; baina, adierazi dutenez, «ofiziozko abokatuak ez ditu hartu nahi izan, eta bezeroaren defentsa dokumentu horiek gabe egin du». Atxiloaldian egondako batzuek salatu dutenez, Poliziak esaten zien Legal Team-eko abokatuak ez ziola telefonoa hartzen, eta, beraz, hobe zutela ofiziozkoa hautatu.

Babes juridikorako taldearen arabera, «abokatuen elkarteko buru lehenak Baionako prokuradorearekin harremanetan lan egin du, eta defentsaren eskubidearen urraketa larria da». Taldeko kideei iruditzen zaie «estatu polizial batera iristeko lehen urratsa» gainditu dela.

Jendarmeak itzultzaile

Bestalde, atxilotu batzuek adierazi dute itzultzaile gisa jendarme bat jarri ziola Poliziak. Legal Teamekoentzat, «legez kanpoko prozedura bat» da hori, eta zera aurreratu dute: egoera hori pairatu duten guztien kasuak baliogabetzea lortuko dutela abokatuek.

Atxiloaldi gehienak Hendaiako eta Baionako polizia etxeetan iragan dira. Esaterako, Hendaiako atxikitze zentroa hustu egin zuten atxiloaldiak bertan egin ahal izateko. Horregatik, Legal Teamekoen ustez, ez dira errespetatu atxiloaldietako legezko baldintzak: «Abokatuekin biltzeko gelan, esaterako, ez zegoen aterik, eta horrek modu larrian oztopatzen du defentsaren konfidentzialtasun eskubidea».

Oroitarazi dute Frantziako Justiziak neurri bereziak jarri zituela abian: Baionako Auzitegia prest zegoen egunero bostehun atxiloaldi egiteko, eta iragarri zuten epaiketak eguneko hogeita lau orduetan egiteko aukera izango zela. Kopuruak espero baino «apalagoak» izan dira, baina polizia operazio «neurriz kanpokoari» eta «Justizia-Polizia bikoteari» egotzi diote protesten urritasuna. Legal Team-ek adierazi du segituko duela «errepresioa jasaten dutenekin elkartasunez lan egiten», eta izan diren «eskubide urraketa guztiei» aurre eginen diela beraiekin lan egiten duten abokatuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.