Koronabirusa

Bigarren dosia AstraZenecarena hartzeko aukera emango dute

Espainiako Gobernuak dio baimen informatu bat eman beharko dela horretarako, eta aukera hori Bioetika Batzordeak onetsi behar duela

Langile bat, Pfizer markako txertoak ontziratzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

AstraZeneca txertoari loturik sortu diren gertaera tronbotiko arraroek soka luzea ekarri dute. EMA Sendagaien Europako Agentziak jarraibide osoa emateko aukera babesten du oraindik, txerto horren onurak arriskuak baino askoz handiagoak direlakoan. Baina hainbat gobernu zuhur azaldu dira AstraZenecarekin jarraitzeari dagokionez, eta txertaketa horiek bertan behera utzi dituzte. Hori horrela, Espainiako Gobernua autonomia erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo, eta hiru mezu nagusi zabaldu zituen.

 

Batetik, bere lehentasuna dela txertoaren lehen dosia AstraZenecarena jarri dutenei Pfizerrena ematea bigarrena; bestetik, bigarren dosirako Pfizer jarri nahi ez dutenei aukera emango diela AstraZenecarena jartzeko, eta horretarako baimen informatu bat eman beharko dutela. Azkenik, erantsi zuen Bioetika Batzordeak oniritzia eman beharko diola prozesuari,

Osasun Ministerioak herenegun babestu zuen AstraZenecaren lehen dosia jarri zaienei, 60 urtetik beherakoak badira, Pfizerren dosia jartzea bigarren txandan, bi estrategiatan oinarritutako txertoak nahastuta. Argudioa babesteko, Madrilgo Karlos III.a Institutuak egindako entsegu kliniko baten emaitzak baliatu dituzte. Horietan, bi dosi horien nahastea segurutzat eta eraginkortzat jo dute. Emaitzak, baina, 678 laguni egindako entsegu bati dagozkio, eta jarraibide osoa hartu eta bi astera baino ez da luzatu jarraipena, oraingoz.

Jaurlaritza, zuhur

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, AstraZeneca hartu dutenei orain Pfizer jartzeak txertaketa kanpainaren atzeratzea ekar dezake. Madrilek proposatutako bidea jorratuz gero, berez Pfizer etxeko txertoa aurrenekoz hartu behar duten herritarren txertaketa «bi astez» atzeratzea ekarriko lukeela adierazi zuen atzo Sagarduik, Ministerioaren eta erkidegoaren arteko bilera baino lehen. Sagarduiren esanetan, Jaurlaritzarentzat ez da argi geratu Karlos III.a Institutuak argitaratutako txostena «loteslea» ote den.

Espainiako Gobernuarentzat txertaketa estrategian aholkulari dabilen Federico Montalvo adituaren arabera, «segurtasuna» lehenetsi nahi izan dute. Argudiatu du txertaketa pautan Pfizerren txertoa sartuta «ia-ia odolbildurik ez gertatzea»bermatuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.