Lan merkatua. Gatazkak

Grebara deitu dute Gestampen, eta aurreakordioa egin dute Alestisen

Kaleratzeetan esku hartzeko eskatu diete sindikatuek Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari

Aeronautika sektoreko enpresetako langileak, Eusko Legebiltzarraren aurrean eginiko protestan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gestamp, Trenasa eta Alestis. Autogintza, trengintza eta aeronautika. Krisian dauden hiru sektoretako hiru enpresa. Hirurek iragarri dituzte kaleratzeak Euskal Herrian, eta hiruretan daude borrokan langileak. Batzuetan, hasi berri dituzte, eta beste batzuetan, amaitzeko bidean dira, akordioak lortuta. Gestampek Zamudion (Bizkaia) dituen Matricerias Deusto eta GTS lantegietan, greba mugagabea hasiko dute urriaren 9an, kolokan dauden 230 lanpostuak defendatzeko. Castejonen (Nafarroa), beste 110 kaleratu nahi ditu CAFek, berea den Trenasako lantegitik, eta herenegun hasi zuten greba. Gasteizko Alestisentzat, aurreakordioa egin dute.

Zamudioko bi lantegiek eta Castejongoak gauza komun bat dute: biak itxi nahi dituzte. Gasteizkoak, berriz, irekita jarraituko du, baina lantaldearen erdiarekin. Aurrenekoek salatu dute itxierak ez duela justifikaziorik, eta horren aurka «argi eta garbi azaltzeko» eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Ez da anbiguotasunerako edo akordioa eskatzeko garaia», adierazi du GTSko batzordeko buru Izaskun Olanok (LAB).

Azken hiru urteetako emaitzak eta autogintzaren krisia argudiatu ditu zuzendaritzak. Olanorentzat «sinesgaitzak» dira azalpen horiek. Jakinarazi duenez, lan karga dute bi lantegietan, gutxienez udaberrira arte, eta gezurtatu egin du galerak izan dituztela. Olanoren arabera, bi enpresetako egoera«kudeaketa negargarriaren» emaitza da, eta arduradunek gertatzen ari denaren ondorioak langileek ordaintzea nahi dute. Gogoratu du bi lantegien etorkizuna bermatzeko plan bat sinatu zutela duela bi urte, eta 2022rako epeaduela, baina salatu du zuzendaritzak ez duela bete nahi .

Jaurlaritzari jarrera argia agertzeko eskatu dio, eta Gestampi azken urteetan emandako diru laguntzak kentzeko; azkenak, ekainean: zortzi milioi euro Zornotzan (Bizkaia) auto elektrikoari buruzko ikerketa gune bat sortzeko. Asteon, Urkullu lehendakaria horri buruz mintzatu da; esan du laguntza publikoak jasotzea eta horrekin batera kaleratzeak egitea ez dela «zilegi». Olanok «anbiguotasuna» leporatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, lehendakariak hori esan eta egun berean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak Gestampi emandako dirua defendatu zuen, eta akordio batera deitu zituen sindikatuak eta zuzendaritza. Olanoren arabera, egungo egoeran Jaurlaritzak «propaganda hutsal eta merkea» albo batera utzi beharko luke, eta autogintzaren sektorearentzat politika bat egin.

«Hemen jarraitu nahi dugu».

Castejongo Trenasan, berriz, herenegun hasi zuten greba mugagabea, eta itxiera espedientea negoziatzeko mahaia osatu zuten atzo. Tentsio uneak izan ziren lantegiaren atarian, eta langile batzuek manifestazioa egin zuten.

Miguel Angel Molina da enpresa batzordeko presidentea (CCOO). Azaldu duenez, zuzendaritzari erantzun diote ez daudela ados ixteko erabakiarekin. «Ez dugu uste lantegia itxi behar denik. CAF taldeko lantegi merkeena da hau». Gogoratu du duela hiru hilabete enplegua erregulatzeko espediente bat sinatu zutela eta hor jasotzen dela 2021era arteko lan karga badutela. «Orain, bat-batean, ezetz esan digute, ez dela bideragarria hemen egitea eta eskari horiek beste lantegi batzuetara eramango dituztela». Molinak berretsi du Castejongo lantegiari eusteko ari direla borrokan. «Irtenbide bat negoziatu nahi dute, baina guk hemen segitu nahi dugu».

Horrekin lotuta, Castejongo Udalak hamar puntuko adierazpen instituzional bat onartu zuen atzo, langileen eskaerak babestuz. Era berean, Maria Txibite lehendakariari eta Manu Aierdi Ekonomia kontseilariari lan gatazkan «esku hartzeko» eskatu die, eta, azkenean lantegia ixten bada, CAF behartzeko gobernuak hari emandako diru laguntzak itzultzera. Herenegun eginiko adierazpen batzuetan, Aierdik adierazi zuen tarte txikia dutela horretarako, eta zail ikusten duela lantegia ixtea eragoztea.

Akordioa, gertu

Gasteizko Alestisen ere 87 langile kaleratu nahi dituzte —lantaldearen erdia—, baina akordioa lortzekotan daude. Atzo protesta egin zuten Eusko Legebiltzarraren atarian, sindikatuak irtenbide bat negoziatzen ari zirela, Cadizen (Espania). Ordu batzuk geroago jakin zen aurreakordioa egin zutela, eta batzarrei helaraziko diete orain, berresteko. Lantaldea murrizteko hiru formula erabiliko ditu enpresak: 57 urtetik gorakoentzako erretiro aurreratuak, baja pizgarridunak eta borondatezko eszedentziak. UGTk eta CCOOk sinatu dute, Espainia mailakoa izan baita negoziazioa, taldearen lantegi guztiei eragiten dielako espedienteak.

Baja pizgarridunetarako, bi kasu adostu dituzte: lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko kalte ordaina, hamasei hileko mugarekin; edo urteko 25 egunekoa, muga berarekin, gehi 7.000 euroko finko lineal bat, langile bakoitzaren antzinatasunaren arabera.

Borondatezko eszedentziak dira berritasun nagusia. Datozen hiru urteetarako izango lirateke, eta, lan kargak egongo balira, itzuli ahalko lirateke. Hiru urteetan, gainera, hilean 200 euro kobratuko lituzkete, eta zenbateko hori jasotzen jarraituko lukete, nahiz eta Alestisen berriro lan egitera deitu. Era berean, langileek kalte ordaina jasoko lukete: hogei eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, hamasei hileko mugarekin, eta hiru urtera enpresan lanean hasten ez badira, bost egun gehiago urte bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.