Frantziako Asanbleara iritsi da Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako pentsioen erreforma. Gaurtik aitzina, lege proiektua aztertzen hasiko dira 70 bat diputatu, horretarako sortu duten batzorde berezian. Sindikatuetako ordezkariak eta adituak entzunen dituzte lehenik, pentsioen ardura duen Laurent Pietraszewski estatu idazkariarengandik hasita; lege proiektuari zuzenketak aurkezteko aukera izanen dute ondotik.
Errepublika Martxan-eko gehiengoaren asmoak betetzen badira, martxoaren 3an bozkatuko dute Frantziako Asanbleako osoko bilkuran, eta apirilaren erdialdera iritsiko da Senatura. Oposizioak salatu du erreforma osoki finkatu gabe dela hasiko dutela haren azterketa, eta prest agertu da bataila parlamentarioa «bururaino» eramateko.
Joan den ostiralean aurkeztu zuen Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak puntukako pentsio sistema ezartzeko lege proiektua ministroen kontseiluaren aitzinean. Egun berean, kritika zorrotza egin zion erreforma proiektuari Frantziako Estatu Kontseiluak, haren «segurtasun juridikoa» bermatzea ezinezkoa zaiola ebatzita; besteak beste, proiektuaren finantzaketako «hutsuneak», justifikatu gabeko tratu desberdintzea eta konstituzioaren kontra doazen promesak azpimarratu zituen argitaratutako oharrean.
Aste kargatua izanen da Philipperentzat, ostegunean abiatuko baitu pentsio sistemaren finantzaketaz gogoetatzeko konferentzia. Langile eta sindikatu nagusiak elkartzea da xedea, puntukako sistema finantzatzeko proposamenak egin ditzaten. Pentsioen erreforman aurreikusia zuen orekarako adina kendu ondotik CFDT sindikatu erreformistari gobernuak egin dion keinua izan da. 64 urte baino lehen erretiroa hartzen dutenei pentsioa txikituz lortu nahi zuen gobernuak erretiroaren adina pare bat urtez atzeratzea: 3.000 milioi aurreztuko lituzke horrela 2022an, eta 12.000 milioi 2027an; eta neurriak lagunduko luke sistemaren kontuak orekatzen. CFDTren babesa nahi du gobernuak, eta, hura limurtzeko, orekarako adina kentzeko prest agertu zen Philippe. Ostiralean aurkeztu zuen lege proiektuan ageri da orekarako adina, baina lehen ministroak erran du atzera botatzeko prest dagoela baldin eta eragile sozialek sistema hobe bat aurkitzen badute kontuak orekatzeko. «Beti erran dut ezinezkoa iruditzen zitzaidala gure pentsio sistema orekara eramatea adina neurtu gabe. Baina sindikatuek neurri sorta bat adosten badute, orekarako beste adin bat barne, onartuko dut», adierazi du berriki La Croix egunkarian egin dioten elkarrizketan.
Sindikatuak, protestan
Anartean, mobilizazioak antolatzen segitzen dute erreformaren kontra mobilizatuak diren sindikatuek, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Atzo, Baionako auzitegiko abokatuek protesta egin zuten, urte berriko audientziaren karietarat; auzitegiko sarreran ezarri ziren erretreten erreformak justizia prekarizatuko duela salatzeko. Urtero, Polizia zerbitzuak, prefeturako goi funtzionarioak, hautetsiak eta Elizaren ordezkariak etorri ohi dira audientzia horretara. Anne Marie Mendiburu abokatuak azaldu du «abokatu prekarioenek» pairatuko dutela erreforma batez ere.
Gaurko, mobilizazioak antolatu dituzte Ipar Euskal Herriko zenbait ikastetxetan, eta horiek babestera deitu dute grebalariek. Bihar, manifestazioa eginen dute, 17:30ean, Baionan.
Pentsioen erreforma Ipar Euskal Herrian
Frantziako Asanblea pentsioen erreforma aztertzen hasiko da
Errepublika Martxan-eko gehiengoak martxoaren 3rako bozkatu nahiko luke erreforma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu