Patxa plaza, patxadatsu

Baionako Patxa plaza zaharberritu dute prozesu parte-hartzaile baten bidez. Gaur ospatuko dute. 1980-1990eko hamarkadetan Iparraldeko gazte mugimendu abertzalearen kimua han erein zuten, GALen eta Poliziaren erasoen artetik.

Patxaran fanzinea. Patxa gazte mugimenduaren abiapuntua zen aldizkaria. Helie Baiona Ttipian zegoen polizia etxeko komisarioa zen. TXETX ETXEBERRI.
Ainize Madariaga
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

Baionaren bihotza lasaitasun nasaiaren estalkiaren azpian ontsa kukutzen da. Alta, taupadek erritmo askoz zaluagoa badute ukanik: Patxa plazako horma irudiek leial jarraitzen diote garai hari: 1980-1990eko hamarkadetako bahiketa eta hilketen lekuko, oraindik ere, denak argitu ez direlarik. Hain da hirian aldi hura errotua, non plazak izena hartu ere baitu: eraberritze lanek Patxa plaza izena ofizializatu dute.

Herri galdeketa bidez baionarrek deliberatutakoa gauzatu du herriko etxeak, eta gaur dute plaza zaharberritua estreinatuko. Euskal historiaren lekukoa da: Patxa gazte mugimenduaz gain, han bahitu baitzituzten GALen lehen biktimak: Lasa eta Zabala, ondotik torturatu eta hil egin zituztenak.

«Garai berezia zen: gogorra, hiru urtez GAL ibili baitzen, atentatuak baitziren, hilak... Gu sortzez erradikalak ginen; giro bortitzean jaio ginelako. Ez ginen zinezko errealitatean, desfasatuak ginen», xehatu du Patxa mugimenduaren lau sortzaileetariko bat den Jean-Noel Etxeberri Txetx-ek.

Harekin batera, Jano Fourcade, Joelle Cesaire eta Yves Salaberrik sortu zuten, 1986ko urte hastapenean: «Ibiltzen ginen Kalimotxo fanzine erradikal, artistiko eta kulturalean. Alta, praktika soziopolitikoa bultzatu nahi izan genuelarik, taldekideek ez zuten bat egin. Hala, Patxaran fanzinea sortu genuen, Patxa gazte mugimendu abertzalearekin batera», argitu du Txetxek. Lehen urtean lokalik ez bazuten ere, 87ko Baionako bestak aitzinttoan ikusi zuten garaje bat alokagai. Bada, hormak irudiz bete zituzten, eta denborak lagundurik, Baionako poteoaren paisaian naturalizatu zuten Patxokia.

Oroitarazi du testuingurua berezia zela, batetik, euskal rock erradikalaren bultzada betean zegoela Euskal Herria —Zarama, La Polla Records, Potato, Kortatu, Hertzainak... —, eta, bertzetik, Frantzian ere rock alternatiboak sortzen ari zirela. Preseski, «ene lehen ateraldia Patxa plazan izan zen, 16 urtetan: Beruriers Noirs taldeak jo zuelarik, Patxak antolaturik», oroitu da Xabi Larralde, mugimenduan parte hartu zuen kidea. «Enetzat, mugimendua euskal rock erradikalari eginiko ekarpena izan zen, bai eta faxisten kontrako borrokari ere, zein intsumisioaren aldeko kanpainari. 1986an, ikasle mugimenduarentzat garrantzitsua izan zen, eta Patxokiaren itzulian ibilki ginen». Dudarik ez du: toki «dinamikoa eta erakargarria» zen.

«Patxa mugimendua berria zen Iparraldean: musika eta estetikarengatik, bai eta hiritarra zelako ere, ordura arteko baserriko giro abertzalearekin haustura bat gertatu zen», azaldu du Eneko Bidegain Patxa: besta bai, borroka ere bai (Gatuzain, 2010) liburuaren egileak. «Mugimendu abertzalearen alde kristauarekin eta Frantziarekiko menpekotasunarekin eten zuen, aldaketa ekarri zuen: punkak, antimilitaristak eta feministak ziren».


Patxaran fanzinea. Patxa gazte mugimenduaren abiapuntua zen aldizkaria.
Helie Baiona Ttipian zegoen polizia etxeko komisarioa zen / Txetx Etxeberri


Txetxek ere bat egin du: «Ikusiak ginen punkiak bezala, Guken estiloko taldeak baitziren ordura arteko euskal taldeak. Begi bitxiez so egiten gintuzten, baina Herri Batasunak ulertu zuen nor ginen, eta martxa bai, borroka ere bai kanpaina abiatu zuen bi mugimenduen arteko moztura gerta ez zedin». Antolatu zuten 1987ko lehen Rock Egunak «begiradak aldatu» zituen, zeinean 1.500 gazte bildu baitziren: orduan sekula ikusi gabea.

Patxa mugimenduak Doriane Billard kidearen bizia zizelkatu zuen, euskara ikasteaz gain bere ibilbide politikoa orduan abiatu baitzuen Patxokian: Euskal Herrira jin eta «oxigeno totala» izan zen harentzat: «Frantziaren eta Espainiako estatuen kontrako gar herrikoi hori sentitu nuen, eta faxismoaren aurkako borroka atzeman». Azaldu du «milaka gauza» bazela garaian, eta beti erantzun bat eman behar zitzaiela. Horregatik, astean lau bilkura egiten zituzten. «Gure bizitza zen: lan guti eta borroka anitz!». Gero atera zuen bere leloa mugimenduak: borroka bai, besta ere bai. Nabarmendu du erabakiak horizontalki hartzen zirela, «zinez parte hartzailea» zela. Baionako besta alternatiboak bultzatu zituzten: komunak eskatu zituzten, eta eraso sexisten kontrako kanpaina feminista abiatu zuten. Izan ere, «Patxa plaza bestetako txizalekua zen», Fabien Mendiburu Patxondo elkarteko kidearen arabera.


Lokala kanpotik, Patxa plazan kokatua, ateko margolanek errepresio ororen kontrako aldarrikapena laburbiltzen zituzten / Txetx Etxeberri

Plazak darama haien so mutua: murruan marraztuak baitira Lasa eta Zabalaren aurpegiak, Jon Anza eta Jean-Louis Larre Poporenetik hurran, begien aitzinean gertatzen den guziari adi.

Harkaitz Canok ederki girotu zuen Soto eta Zeberio fikziozko pertsonaien bahiketa Twist eleberrian (Susa, 2011), zeinak Joxean Lasa Arostegi eta Joxi Zabala Artanorena islatzen baitu, 1983ko urriaren 15eko gau hartan zinez gertatua, Patxa plazan. «[...] gutxien espero duten lekuan, ez diete utzi kotxea hartzen ere, ezustean harrapatu dituzte, kapusai beltza jarri diete akaso, xuxurlatu egin diete zerbait belarrira, bai, hitzak dira gutxienekoa gorrotorik glazialenarekin esaten direnean, zerbait leuna eta izugarria, «sartu autora», kapusaiaren pean atzerriko azentuaz agian —zein azentu ez da arrotz kapusaia soinean duzula esaten badizute?—».

Berez, Arrangoitzeko bestetarat (Lapurdi) abiatzekoak ziren 4L batean. Alta, aparkalekuan bakarturik gelditu zen autoa, umezurtz. Txoferrak hamabi urteren buruan identifikatu zituzten Alacanteko Bussot herrian (Herrialde Katalanak), gisu hautsek estalirik. Tolosar bi gazteak GALen lehen biktimak izan ziren. «Plazak beti jakin izan du memoria atxikitzen», baieztatu du Jean François Lefort Lof-ek. Patxa mugimenduan ibili zen kide eta Iparraldeko hirugarren intsumisoa izan zen. Harentzat, plaza Iparraldean gazte mugimendu abertzalearen «lehen kimuaren» ereile izan da. Ondoren, GAL heldu zaio bururat. «Euskalduntasuna» galdua zuen familian, eta mugimenduaren bidez berreskuratu zuen, euskararekin batera. Gainera, «gazteen egoera ekonomikoa kontuan hartzen zuen mugimenduak, ongi sentitu nintzen», argitu du Lofek. Oroitu da droga kontsumoaren kontrako borrokalekua izan zela, saltzaileekin «zenbait kalapita», ukan baitzituzten.

Patxan ongi pasa

Badira lau urte Patxondo elkartea plazan hartu zuela egoitza. Haien helburua da «ongi pasatzea», horregatik dute lelo hau hautatu: amodioa, rock'n roll eta tokiko produktuak. «Ongi jakiteko non sartzen ginen, Jano Fourcade gomitatu genuen Patxa mugimendua behar bezala ezagutzeko: mugimendu alternatibo, abertzale, feminista eta antifaxista», deskribatu du Fabien Mendiburu kideak.

Ideia horiei segida Zizpak ematen diela argitu du Marilou Lapeyrade gazteak. Iturri zaharretik ur berria, agertoki berritua, ideia beren plaza.


'Besta bai, borroka ere bai!' zuten lema: biak uztartzen zituzten 23 bis Tonneliers karrikako lokalean, Patxa plazan / Txetx Etxeberri

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.