Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Kosta egiten zait

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Zaila zirudien, baina gertatu da: Sautrela literatur saioa albiste da berriz, bere ibilbidea amaitu zenetik bi urte joan direnean. Bestela ezin zenez, aurpegiratze segida bat tarteko. Danele Sarriugarteren Erraiak eleberriaren itzulpenaren aurkezpena zen, Katakraken; eta saioa gidatzen zuen Lucia Baskaranek 2014an Hasier Etxeberriak Sarriugarte elkarrizketatu zuenekoa hartu zuen hizpide. Gordintasunez salatu zuen Baskaranek Etxeberriak orduan izandako jarrera, —umore tonuan— haren heriotzaz pozten zela iradokitzeraino. Santi Leonek erantzun dio Zuzeun, estilo zalantzagarriko beste salaketa batekin, Baskaranen kontrako mezu zaparradari bidea eginez.

Nik ezagutu nuen Hasierrek dohain asko zituen. Zalantzaezina da euskal kulturarekiko konpromisoa, sustatzaile nekaezina izan zela, eta han eta hemen lanean egin zuen ekarpena. Niri, plano pertsonalean —eta beste askori bezala— euskal komunikazioaren mundutxoko ateak zabaldu zizkidan, lehen kontratu ordaindua eskaini baitzidan. Baina besteon moduan, atzean zuloa hark ere: bazituen errespetuaren izenean esan gabe geratu diren jarrera zalantzagarri zenbait. Danele Sarriugarterekin egindako elkarrizketa horretan azaleratzen dira horietako batzuk.

Baskaranen hitzak gustu txarrekoak irudituko zaizkio askori: lekuz kanpokoak. Niri ere ez zaizkit atseginak egin. Hasier lagun, kide edo tribu bereko zutenak mindu daitezke, nola ez. Baina norberak hautatzen du nork irabazi duen bere errespetua eta nork ez. Nor kokatzen duen etsaien bandoan eta nor babestu beharrekoen artean. Nork bere irakurketa politikotik eta bizi-esperientziatik. Nik —eta zuotako gehienok— ez ditut Baskaranek edo Sarriugartek izan dituzten bizipenak izan. Asaldatzen gaituenak eta ez gaituenak esaten du zerbait gutaz. Isilik geratu nintzen (artean nire nagusia zen) Etxeberriak telebista publikoko literatur saio bakarrean zuen espazio pribilegiatutik (artean laguna nuen) Danele Sarriugarte idazlea deseroso sentiarazi eta bere lana zein iritzia gutxietsi zituenean. Barkatuko didazue Hasierren lagunok: kosta egiten zait gaur Lucia Baskaranek testuinguru nabarmen partikularrago batean elkarrizketa hark (eta horrek ordezkatzen duen guztiak) eragindako amorrutik esandakoak moraltasunetik epaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.