Orain dela ez asko, Osasuna sufrimendu iturri zen zaleentzat. Izan ere, talde gorritxoa krisi sakonean murgildu zen, 2014an Bigarren Mailara jaitsi ondotik. Sadar eta Taxoare galdu zituen ezkutuan pilatutako alimaleko zorrari aurre egiteko, partidak erosi izana leporatu zioten, eta galzorian izan zen 2015ean. Mirariz iraun zuen bizirik. Eta asko kosta zitzaion osasuna berreskuratzea. Ustekabean, elitera itzuli zen 2016an, baina oso susperraldi laburra izan zen: urtebeteren buruan, Bigarren Mailan zen berriz. Berehala igotzeko saiakera egin zuen orduan, baina etsigarri aritu zen. Osasuna galtzen ari ziren zaleak.
Egoera horretan iritsi zen Jagoba Arrasate. Bada, bost urte geroago, gorritxoek Kopako beren bigarren finala jokatu dute. Tartean, Lehen Mailara itzuli dira, eta bertan egonkortu. Nola? Bada, jokatzeko modu egokia eta harrobiko jokalarien eta kanpokoen arteko oreka aurkiturik. Zaleek bihotzez maite dute Arrasatek egonarriz eta normaltasunetik abiatuta ehundu duen proiektua. Nafarrentzat mingarria izan zen Sevillatik garaikurrik gabe itzultzea, baina ez dago zalantzarik: gaur egun, osasungarria da Osasunaren jarraitzaile izatea.
Ikusi gehiago:Harrera egin diote Osasunari
ZALEEKIN BATERA HAZI DA
Sinbiosia Sadar berrian
Guztiz bat eginda daude zaleak eta taldea. Agerikoa izan zen hori Sevillako kaleetan nahiz Cartuja estadioko harmailetan. Galdu arren, inork ez zuen estadioa utzi nahi izan partidaren ondoren. Biziki eskertu zioten taldeari Real Madrilen kontra erakutsitako kuraia eta adorea. Baina ikuspegi zabalagoz begiratu behar zaie Iruñeko taldearen inguruan dagoen batasun giroari.
Sadarren jokatzen den partida bakoitza festa bat izaten da, eta, irabazi ala galdu, elkarri txalo eginez bukatzen dute zaleek eta jokalariek. Klubak eraberritu egin du Iruñeko estadioa, eta giroa gori-gori izaten da Osasunak etxean jokatzen duen aldiro. Elkar elikatzen dute zelaiko jardunak eta harmailetako burrunbak. Sinbiosia erabatekoa da Arrasate Iruñean denetik.
ELITEAN EGONKORTUTA
Emaitzen babesean
Normalean, jokalariak izaten dira zaleen idoloak, eta ez entrenatzaileak. Arrasate, ordea, ikaragarri maitatua da. Haren aldeko abestia da gorritxoek ozenen abesten dituztenetako bat. Bizkaitarra adeitsua eta hurbila da jendearekin, eta, gainera, emaitzen bermea du: lehen sasoian, Osasunak modu ikusgarrian lortu zuen igoera, Sadarren inoiz ez bezalako nagusitasuna erakutsiz; eta hurrengo hiru denboraldietan, aparteko estutasunik gabe eutsi zion mailari. Onenen artean irauteko gorriak eta bi ikusitakoa da Nafarroako taldea, baina Arrasaterekin, sasoi bukaera guztiak lasaiak izan dira. Sasoi honetan, berriz, gora begira dago
ZELAIAN GUSTAGARRI
Estiloaren garapena
Pragmatismo hutsaren bidea alde batera utzi zuen Osasunak, Diego Martinezen egitasmoak porrot egin eta gero. Ez jokorik, ez emaitzarik; urte bateko aro labur eta antzua izan zen. Arrasatek, baina, elektrizitatea ekarri zuen Sadarrera. Bat-batean, argia piztu zen. Jokamolde bizi eta erasokorra ezarri zuen teknikari bizkaitarrak; itogarria aurkarientzat, eta erakargarria zaleentzat. Orduz geroztik, presioa izan da taldearen giltzarrietako bat. Jokalariek grinaz eta modu koordinatuan egiten dute kosk, baloia kontrako areatik gertu lapurtzeko asmoz. Jokaldiak ehuntzeko orduan, estiloa nahiko landua izan zen hasieran; gero, luze eta zuzen maizago jokatzen hasi zen, eliteko zailtasunen eta aurrelarien nolakotasunaren ondorioz; eta azken sasoi honetan, sofistikatu egin da, zelai erdian jokalari finagoak agertu ahala.
HARROBIA OINARRI
Gazteen agerpena
Moi Gomezek baloiaren erabilera egokia erraztu dio taldeari. Haren fitxaketa funtsezkoa izan da, aurrez Ruben Garcia, Nacho Vidal, Brasanac, Lucas Torro, Chimy Avila eta Budimirrekin gertatu zen bezala. Arrasateren aroan kanpotik iritsi diren jokalaririk garrantzitsuenak dira horiek; Sergio Herrera eta Aridane lehenagotik zeuden taldean. Ordea, taldearen oinarria etxeko jokalariz osaturiko multzoa da. Klubaren hazkundean berebiziko garrantzia izan dute David Garciak, Unai Garciak, Kike Barjak, Roberto Torresek eta Oier Sanjurjok [azken bi horiek jada ez daude taldean]. Era berean, gazte berriei aukerak eman dizkie Arrasatek, eta haietako askok bikain erantzun dute. Moncayola eta Aimar Oroz dira adibiderik behinenak. Pablo Ibañezen agerpena ere ezin da aipatu gabe utzi.
IRABAZI EZINIK, LARRI
Agintarien ulermena
Dena ez da arrosa kolorekoa izan azken urte hauetan. Larrosak ez ezik, harriak ere topatu ditu bidean Osasunak. Bi krisi izan ditu; lehena, duela bi denboraldi, hamahiru jardunaldi luzez irabazi ezinik izan zenean. Sailkapenean hondoa jo zuten gorritxoek, eta zalantzak piztu ziren Arrasateren etorkizunaren inguruan. Bada, duda-muda guztiak uxatu zituen Braulio Vazquez kirol zuzendariak, oraindik ere oso oroitua den prentsa agerraldian. Erabateko babesa adierazi zion Arrasateri. Hurrengo sasoian, berriz, hamar jardunaldi eman zituen Osasunak garaipenik lortu gabe. Bigarren txakalaldi hori are gogorragoa izan zen prestatzailearentzat. Haatik, orduan ere denboraleari aurre egin zion taldeak, eta ur bareetan finitu zuen sasoia. Aurten, berriz, olatura igo da.
ETA ORAIN, ZER?
Gehiagoren gosez
Zer izan zen Kopako finala, aro baten gailurra, ala arrakasta gehiagoren abiapuntua? Denborak esango du, baina garbi dago hemendik aurrera Osasunak exijentzia maila handiagoa izango duela. Ezin da bestela izan, lau urtez mailari erraz eutsi ondoren, eta Real Madrilekin final batean lehia daitekeela ikusirik. Koparekin amets egiten jarraituko du, eta Europako postuen borrokari ere erreparatuko dio. Lehia horretan sartuta dago orain: hiru puntu eskasera du zazpigarren postua. Konferentzia Ligan aritzeko sailkapena dago jokoan. Ikusteko dago Kopako ahaleginak nola eragiten dien jokalariei azken txanpan. Gainera, Espainiako Superkopa jokatuko du lehen aldiz hurrengo sasoian.
Osasuntsu eta maitagarri
Osasuna izan dezan, zaleen atxikimendua, harrobiaren ekarpena eta joko era bizia behar ditu Osasunak. Bada, osagai horiek guztiak bildu ditu azken bost urteetan, Jagoba Arrasateren lemapean. Kopako finala jokatu eta galdu ondotik, nafarrek anbizioz dakusate etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu