Ur izoztua dago Ilargian: hori baieztatu du NASA AEBetako Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionalak. Orain argitaratu ditu 2018ko abuztuaren 31n egindako behaketa batzuen emaitzak, eta, bi urte baino gehiago haiek aztertzen jardun ostean, ondorioztatu du «zalantzarik gabe» izoztutako ura aurkitu dutela. Ez gutxi, gainera. Adierazi dutenez, gutxienez 40.000 kilometro koadro hartzen dituzte satelitean ur izoztua duten gainazalek. Nature Astronomy aldizkariak argitaratu ditu ondorio horiek azaltzen dituzten bi argitalpen. Aurkikuntza oso garrantzitsuak izan daitezke aurrerantzean Lurraren satelitera egingo dituzten misio tripulatuetarako; edateko ura eskuratzeko modua egongo dela uste dute orain ikertzaileek.
[youtube]https://youtu.be/U70y8ypCbyA[/youtube]
Gogora ekarri dute orain bi urte antzeman zituztela zantzuak ondorio horretara heltzeko, baina egiaztapena falta zitzaiela; orain erdietsi dute hori. Aurkikuntzotan erabakigarriak izan dira, besteak beste, Boeing 747SP batetik lortutako irudiak, munduko behaketa zentro altuenetik, 13.000 metroko garaieran; hegazkinean jarritako teleskopioak urak soilik isla dezakeen argi infragorri bat antzeman zuen. Ikertzaileen arabera, Ilargian ez dago isla hori egin dezakeen beste materialik: ura bakarrik. Teleskopioa Clavius kraterrera begira jarri zuten, 200 kilometroko diametroa duen zulo batera, Ilargiko hego polotik gertu. Esan dutenez, lur gramo bakoitzeko 200 mikrogramo ur daude, eta, ondorioz, Ilargian ur litro bat lortzeko, astronautek bost tona lur beharko lituzkete. Hala esanda oso ur gutxi dela dirudi, baina zientzialariek nabarmendu egin dute aurkikuntzaren garrantzia: «Ezer ez egotea baino gehiago da».
«Tranpa hotzak» dira
Kataluniako Espazioko Ikerketetako Institutu IECCko aditu Ignasi Ribasek Efe albiste agentziarentzat egindako adierazpenetan azaldu du atzeman duten ura hauts aleetan eta kristaletan «harrapatuta» dagoela. Kraterretan ez du sekula jotzen Eguzkiak, eta, horri esker, ura egonkor manten daiteke haietan, izoztuta, betikotuta. Tankera horretako lekuei «tranpa hotzak» esaten diete zientzialariek.
Zientzialariek onartu dute hara joatea dela Ilargian ura dagoela frogatzeko era behin betikoa, baina ikerkuntzon emaitzek «esperantza handia» sorrarazten dutela. Ilargiko ura Lurrekoaren berdina dela ondorioztatu dute, eta erabilgarria izango dela: «Edan aurretik iragaztearekin nahikoa izango da». NASAk 2024. urtean Ilargirako misio bat egitean jarria du gogoa.
«Harrapatua» den ura
Ilargian ur izoztua dagoela egiaztatu dute argitaratu berri dituzten bi azterlanetan. Misio tripulatuetarako lagungarria izango delakoan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu