Ikerketaren arloko apustua handitu egingo dute EHUk eta Tecnaliak. Hogei urte dira bi erakundeak ikerketaren eta hezkuntzaren arloan batera lan egiten hasi zirela, eta «urtez urte elkarrekin egindako lanaren emaitzak hobetuz» doala azaldu zuen atzo Nekane Balluerka EHUko errektoreak. Horren lekuko jarri zuen iaz 50 ikerketa proiektu martxan jarri izana, eta 116 argitalpen zientifiko argitaratu izana. Azken hiru urteetan emaitza horiek ugaritzen ari dira, eta, 2019 amaitzerako, ekoizpen zientifikoa %10 handitzeko asmoa dute.
Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berretsi zuten atzo, «bien arteko elkarlan estu batek bakoitzak bere aldetik izan ditzakeen emaitza hobetuko lituzkeelako». Balluerkak egin zituen adierazpen horiek, eta ondoan zuen Iñaki San Sebastian Tecnaliako zuzendari exekutiboa. Biek nabarmendu zuten erakunde bien arteko elkarlanaren garrantzia. Baina unibertsitate publikoarekin duten harremana esaldi batekin laburbildu zuen San Sebastianek: «Gaur egun,EHU da Tecnaliako ikerlarien harrobi handiena».
Bi erakundeen arteko harremanaren lekuko da EHUk Bizkaiko campusean dituen hiru Tecnalia teknologia ikasgelak. Arlo zientifiko eta teknikoan elkarlanean ikerketa sustatzen duten eremuak dira gela horiek, eta berrikuntza arloan trebakuntza partekatua ematen diete unibertsitateko ikasleei. Ingeniaritza, ekonomia eta enpresa arloko teknologia ikasgelak daude egun Bizkaian, eta 2019an zehar Arabako eta Gipuzkoako campusetan beste gela bana zabalduko dutela aurreratu zuten atzo. «Asmoa ez da unibertsitate arloan bakarrik geratzea, lurralde horietako ekonomian bertan eragin ahal izatea baizik», San Sebastianen hitzetan.
Joan den urtean martxan jarri zuten, halaber, industria farmazeutikoari eskainitako lehen 4.0 laborategia: Basque PharmaLabs 4.0. izenekoa, Arabako Teknologia Parkean. Irekiera hori azken bi hamarkadetan bi erakundeen arteko elkarlanaren lekuko dela azaldu zuen San Sebastianek.
Baina hemengo ikasleen talentua lantzeaz gain, Europako Batasuneko ikerlariak ere hona erakartzeko lan egingo dute EHUk eta Tecnaliak. Joint Research Unit ekimena jarriko dute martxan aurten, eta nazioarteko proiektuetan parte hartzeko tresna izan dadila nahi dute alde biek. «Garrantzitsua izango da elkarlan hori; azken batean, nazioarteko ikerketa gehiagotara iristeko aukera edukiko baitugu horren bidez», Balluerkaren arabera.
Nazioartera begira egindako egitasmoen barruan, Bordeleko Unibertsitatearekin batera mugaz gaindiko campusa ere abiatuko dute urte honetan; azken batean, «hezkuntza eremu berriak sortzea» baita bien helburua. Egitasmo horiekin guztiekin, unibertsitatean ikerketaren arloa indartu nahi dute, Tecnaliarekin egun dituzten harremanak estutuz.
EHU-Tecnalia aliantzak ikerketa %10 haztea espero du
Ikerketa eta trebakuntza bultzatzeko, teknologia gela bat zabalduko dute Arabako campusean, eta beste bat Gipuzkoakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu