EAJk «zerrenda jakin bat» jarri du Sanchezen mahaian, negoziatu dadin

«Autogobernua», «gai ekonomikoak» eta «hizkuntza» aipatu ditu Estebanek, eskaerei erreparatzean. EAJren baietza ez dago «oraindik»

Pedro Sanchez eta Aitor Esteban, atzoko bileran. ZIPI ARAGON / EFE.
xabier martin
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek ez du ezagutzera eman zein eskaera jakin egin dizkion Pedro Sanchez PSOEko Espainiako presidentegaiari bien arteko bileran, baina onartu du «gaiak zerrendatuak» daudela jadanik, «gai bakoitzak bere zenbakia» duela, eta gai horiek «estatuaren eta Euskadiren arteko hartu-emanen» ingurukoak direla, batetik, eta «gai ekonomikoak» ere badirela, bestetik. «Hizkuntza eta kultura» alorra ere aipatu zuen atzo, negoziazio mahaian dauden gaiei erreparatzean.

Baina Estebanek ez zuen zehaztapen gehiagorik eman nahi izan, «alferrik» ikusten duelako hedabideetan horiei buruz hitz egiten hastea. «Sanchezek ez du oraindik EAJren baietza, hedabideren batean argitaratu den bezala. Ez dago ezer itxita», azpimarratu nahi izan zuen, Sanchezekin bildu ondorengo agerraldia hasi bezain laster.

Bilera horretan, Maria Jesus Montero Ogasun ministroa ere egon zen, eta hura batzarrean egotea begi onez ikusi zuen EAJko eledunak, «Ogasuna gobernu bat delako gobernuaren barruan». Hau da, beste ministerioek neurriak onar ditzaten Ogasunaren baimena behar dutela azaldu zuen, aditzera emanez EAJren eskaerek alor ekonomikoarekin lotura handia izan dezaketela.

Ogasun ministroa

Bilera «adeitsu baina orokorra» izan zela azaldu zuen Estebanek, eta oraindik «beltza zurian» jarri behar dela Sanchezen inbestidurarako akordio bat dagoela esan ahal izateko. EAJko bozeramaileak gogoratu zuen itun «konplexua» saretu behar dela alderdi askoren artean, eta jakinarazi zuen Sanchez Espainiako presidente izendatzeko bakarrik ez, «legegintzaldi baterako ere» beharko lukeela itun horrek. Aurrekontuak onartzeko itun osoago baten komenigarritasuna helarazi zuen, alegia.

Ohartarazi zuen «aurrerantzean» EAJk ez duela ezer kontatuko negoziazioari buruz, alderdi horrek Espainian gobernu berri bat osatu dadin nahi duelako, eta ez duelako nahi, ordea, itun konplikatu hori oztopatu. «Ulertzen dut hedabideen nahia, baina saiatu behar dugu gobernu bat osatzen. Ez dut esan edozer esategatik: ez dago akordiorik oraindik, ez dago itxita». Baina «aurreratzeko abiapuntuak» jarrita daudela berretsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.