Urte politiko berria aurrera begira hasi dute alderdiek. Zehazki, 2023ko maiatzera begira. Orduan egingo dituzte udal eta foru hauteskundeak, eta gehienak hasi dira euren hautagaitzak finkatzen. EH Bildu izan zen lehena, uda aurretik lehen mugimenduak eginda. Azken egunetan, baina, PSE-EEk hartu du protagonismoa, astelehenean hasi baitzituen hautagaiak aukeratzeko primarioak. Hala daude uneotan alderdi nagusien hautagaitzak:
EAJGEROA BAI
EAJren Bizkai Buru Batzarrak urriaren 4rako iragarri du lurralde hartako bi hautagai nagusien aukeraketa prozesuen hasiera, eta Arabakoak ere urriaren erdialdetik aurrera hasiko du. Gipuzkoan ere antzera jokatzea espero da. Bitartean, isiltasuna da nagusi hautagai posibleen artean. Izan ere, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek iragarri zuen Alderdi Egunaren ostean ekingo dietela bozei begirako mugimenduei. Argi dago gutxienez Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia berrituko dutela, Markel Olanok iaz jakinarazi baitzuen ez zela berriz aurkeztuko.
Nafarroan, Geroa Bairen barruan aurkeztuko dira jeltzaleak. Koalizioan, Geroa Sozialberdea alderdia batu zaie oraintsu EAJri, Zabaltzen-i eta Atarrabia Taldeari. Uxue Barkosek gidatutako independenteek osatutako alderdia da hura, eta litekeena da lehendakarigaia ere euretako bat izatea: Barkos bera izan daiteke.
EH BILDU
EH Bildu uda aurretik hasi zen primarioak egiten, eta ekainerako baieztatuak zituen Arabako eta Bizkaiko foru aldundietarako, Nafarroako Parlamenturako eta lurralde haietako hiriburuetako hautagaiak. Bakartxo Ruizek jakinarazi zuen politika utziko duela, eta Laura Aznalek hartuko du haren lekua Nafarroako Parlamenturako zerrendaren goialdean; 2019an, zerrendako hirugarrena izan zen. Iruñean, berriz, azken bi bozetako hautagai bera izango dute: Joseba Asiron.
Bizkaian, Iker Casanova legebiltzarkidea izango da ahaldun nagusi izateko hautagaia, eta Maria del Rio Alternatibako kidea Bilboko alkategaia. Araban, berriz, azken urteetako lanaren segida izango dira Eva Lopez de Arroiabe batzarkidea eta Rocio Vitero Gasteizko zinegotzia.
Koalizioari Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaia aurkeztea soilik falta zaio, Donostiako alkatetzarako Juan Karlos Izagirre alkate ohia proposatu ostean. Hautagaia emakume bat izango da, koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik adierazi duenez.
PSE-EE - PSN
PSE-EEren barne prozesuan hautagai kontinuistak dira nagusi; denak zuzendu nahi dituzten erakundeetan baitaude egun. Gasteizen, Maider Etxebarria alkateordea aurkeztu da; eta Bilbon, Nora Abete Garraio zinegotzi eta PSE-EEko batzorde exekutiboko kidea. Aldaketa bakarra Donostian irits liteke: Marisol Garmendia alkateordeak Odon Elorza alkate ohia izango du aurrez aurre. Biek berme nahiko lortzen badituzte, urriaren erdialderako jakingo da sozialisten hautagaia nor izango den.
Aldundiei dagokienez, Araban eta Gipuzkoan lurralde horietako idazkari nagusiak dira hautagai izateko faboritoak. Gipuzkoan, Jose Ignacio Asensio, eta Araban, Cristina Gonzalez. Bizkaian, berriz, Mikel Torres idazkari nagusia Portugaleteko alkatetza mantentzen saiatuko da, eta Teresa Laespada Enplegu, Inklusio eta Berdintasun diputatua izango da aldundirako hautagaia.
Nafarroan, PSNko idazkari nagusi Maria Txibite saiatuko da presidente karguan jarraitzen. Litekeena da primariorik ere ez egitea; alderdiko araudiaren arabera, hautagai gisa errepikatzeko aukera baitu agintean den gobernuko presidenteak. Iruñeko egoera, baina, bestelakoa da. Ikusteko dago Maite Esporrinek udalean jarraituko ote duen.
UPN - PP
Navarra Suma koalizioa hautsita dago, eta ikusteko dago UPN eta PP konponduko ote diren bozetara batera aurkezteko. Formula dena dela, UPNk barnean hartzen duen zerrendako lehendakarigaia alderdiko idazkari nagusi Javier Esparza izango da, hala adostu baitzuen UPNko Kontseilu Politikoak. Era berean, litekeena da Enrique Maia alkateak errepikatzea Iruñeko zerrendaburu gisa. Argitzeko dago, baina, PPk eta Ciudadanosek egingo dutena, eta baita Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuen Plataforma Navarra bozetarako alderdi bilakatuko ote den ere.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, PP da espazio horren ordezkari nagusia. Popularrek, baina, ez dute iragarpenik egin. Izatez, Madrildik atzeratu egin dute EAEko PPren zuzendaritza berritzeko prozesua ere.
AHAL DUGU ETA BESTE
Elkarrekin Podemosen hautagaitzak airean daude oraindik. Izan ere, Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridoren esanetan, elkarrizketak hasi dituzte, besteak beste, Equo alderdi ekologistarekin, espazioa «zabaltzeko» asmoz. Halere, alderdi barruko primarioak laster egingo dituzte, eta litekeena da, alderdikideez gain, hautagaien artean gizarte zibileko kideen izenak agertzea.
Nafarroan, Ahal Dugu-k, Izquerda-Ezkerrak, Batzarrek eta zenbait independentek Zurekin Nafarroa koalizioan aurkeztea erabaki dute, eta akordio horren arabera, Ahal Dugu-ren esku egongo da Nafarroako Parlamenturako zerrendaburua izendatzea. Begoña Alfaro da alderdiaren koordinatzaile nagusia, baina ez da baztertzen primarioetan independente bat hautatzea ere. Iruñeko alkatetzarako hautagaia, berriz, Batzarrek izendatuko du.
Maiatzera begirako mugimenduak
PSE-EEk hasi ditu jada udal eta foru bozetara begirako primarioak. EAJk, Geroa Baik, Elkarrekin Podemosek eta PPk ez dute hautagairik aurkeztu oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu